euskaraespañol

Raquel Esteban Terradillos eta María Teresa Gómez Sagasti

Zergatik loratzen dira fruta arbola batzuk beste batzuk baino lehenago?

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/24

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Arbendolondoaren tonu arrosa delikatuak, abrikotaren laranja distiratsuak, etab.: fruta arbolak apain janzten dira udaberrian, urtaro aldaketa ospatzeko. Loreak haztean, paisaia berdeak koloreztatu egiten dira, hainbat kolorez, eta aireak polinizatzaileak erakartzen dituen usain gozo eta leun bat hartzen du.

Alabaina, fruta arbola horietako batzuk beste batzuk baino lehenago loratzen dira, bai eta baldintza klimatiko berdinetan egonda ere. Zergatik gertatzen da hori?

Artikulu honetan, landareen berpizkunde horren atzean dauden misterioak aztertuko ditugu, Vivaldiren ‘Udaberria’ kontzertua soinu banda gisa dugun bitartean. Hala, ondo koordinatutako orkestra sinfoniko bat izango balitz bezala, egiaztatuko dugu fruta arbolek zenbait seinale interpretatu eta koordinatzen dituztela beren lanik ikusgarriena egiteko: loratzea.

Zein loratzen dira lehenengo?

arbendolondoak, mertxikondoak, aranondoak, gereziondoak eta sagarrondoak –klima epel eta mediterraneoetan hain ohikoak direnak– izaten dira loratzen eta udaberrian iritsiera iragartzen lehenak. Horiek guztiak errosazeoen familiakoak dira eta hosto erorkorrekoak dira, hau da, neguan hostoak galtzen dituzte eta udaberrian berriz hazten zaizkie.

Negua atseden begetatibo bat hartzeko aprobetxatzen dute zuhaitz horiek (jarduera fisiologikorik gabeko aldia edo sorgorraldia).

Barietatearen eta kokapen geografikoaren araberakoa bada ere, arbendolondoak izaten dira lehenak, otsail aldera loratzen baitira, eta horien atzetik, abrikotondoaren eta aranondoaren txanda izan ohi da. Aldiz, udazkeneko hilabeteetara arte itxaron beharko da intxaurrak eta gaztainak jateko.

Loratu edo ez loratu: horra hor auzia

Klima epeletan, udaberriaren etorrerarekin batera, zurezko landareak (nola zuhaitzak hala zuhaixkak) neguko lozorrotik esnatu eta hazten hasten dira.

Garai berri horretan, prozesu garrantzitsuak jasaten hasten dira, hala nola hosto berriak ernatzen hasten zaizkie, hazi egiten dira eta, jakina, loratu egiten dira. Begi hutsez eraldaketa sinpleak diruditen arren, prozesu konplexuak dira, eta kanpoko faktoreek –ingurumen kondizioek– zein barrukoek –fitohormonek– erregulatzen dituzte.

Orkestra sinfoniko batean, musikari bakoitza gainerakoekin koordinatzen da bere zeregina egiteko. Antzeko zerbait gertatzen da landareekin ere: ingurumen seinaleak eta hormonalak bateratzen dituzte beren garapena ingurunearekin egokitzeko eta integratzeko. Landareen munduan dena seinale kontua da.

Landarea ugaltzeko heldutasunera iristen denean, loratzeko gai da, hau da, loreak sortzeko gaitasuna du. Loratze prozesuak bata bestearen atzetik doazen erreakzio biokimiko batzuk aktibatzen ditu. Erreakzio horiek kanpoko seinaleak hautematean eta integratzean hasten dira.

Orkestretan gertatzen den moduan, musikariek (landareek) zuzendariaren keinu jakin batzuk (ingurumen seinaleak) behar dituzte partitura (loratze programa) zehaztasunez interpretatzeko eta ñabarduraz betetako musika pieza bat (lorea) sortzeko. Horrela, neguko hotzetik udaberriko berotasunera igarotzea eta argi edo fotoperiodo orduen crescendoa (pixkanaka luzatzea) dira landareak loratzen hasteko itxaroten dituzten inguruneko seinaleak.

Udaberrian asaldatu egiten dira hormonak

Gainera, orkestra sinfoniko guztiek instrumentu ugari behar dituzte, bakoitzak bere funtzio espezifikoa izanik. Konparazioarekin jarraituz, landareen hormonak (edo fitohormonak) dira instrumentu horiek.

Landareek berez sortzen dituzten substantzia organikoak dira fitohormonak, eta mezulari gisa jarduten dute landareen garapena erregulatzeko, ingurumen kondizioei erantzunez. Bost fitohormona klasikoak honakoak dira: auxinak, giberelinak, zitokininak, azido abzisikoa eta etilenoa.

Tenperaturek gora egin dutela eta egunak luzatzen ari direla hautematean, landareek fitohormona horien kontzentrazioak doitzen dituzte.

Loraldiko fitohormona garrantzitsuenetako bat giberelina da, pipila eratu eta haz dadin eragiten duena. Baina ez da bakarrik aritzen. Giberelinek eta auxinek eragin positiboa dute elkarrekin, eta eragin antagonikoa (kontrako ekintza), berriz, zitokininekin, azido abzisikoarekin eta etilenoarekin.

Fitohormona horiek guztiek, azken batean, ekintzak gauzatu eta loratzea ahalbidetzen duten proteinak sortzen dituzten geneen (nota musikalak) adierazpena erregulatzen dute. Loraldiak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da fitohormona horiek guztiak orekan egotea.

Beraz, zergatik daude lehenago loratzen diren fruta arbolak?

Orain, ‘landare orkestra’ren funtzionamendua aztertu ondoren, hasierako galderari erantzutea geratzen zaigu: zergatik loratzen dira lehenago arbendolondoak eta gereziondoak?

Loratze goiztiarra duten arbolek 10 °C-tik beherako neguko hotzeko edo bernalizazio aldi bat igaro behar dute, iraupen luze samarrekoa, eta egunean 10 orduz baino gehiagoz argia jaso behar dute. Udaberriaren hasieran bi premisa horiek betetzen dira.

Tenperaturaren eta fotoperiodoaren arteko elkarreragin handi horrek adierazten digu fruta arbola horiek kontrol sistema bikoitza dutela, eta horrek bermatzen duela une egokian loratu daitezen.

Klima aldaketaren eraginak loraketan

Ikusi dugun moduan, ingurumen faktoreek eragiten dute loraldiaren lehen akordeak entzutea. Aurreikuspenen arabera, klima aldaketak eragina izango du landare espezie gehienen loratze aldietan, tenperaturaren eta prezipitazioaren patroiak aldatu egiten direlako.

Zenbait kasutan, neguak beroagoak izateak loratzea atzeratu dezake. Beste zenbaitetan, giro tenperaturaren igoera dela-eta baliteke aurreratzea, batez ere udaberriko loraldia duten landareen kasuan, nahiz eta beranduago izotza egiteko arriskua dagoen.

Loraldiaren eta tenperaturaren arteko erlazioa moldagarria da, hau da, onuragarriagoa da urte beroetan goizago loratzea eta urte hotzagoetan, berriz, geroago, izozteek eragiten dituzten kalteak saihesteko, loratzea polinizatzaileen jarduerarekin sinkronizatzeko eta frutaren hazkuntza eta garapen denbora maximizatzeko.

Loraldiaren atzean dauden mekanismoei buruz geroz eta gehiago dakigun arren, fruta arbolen fisiologia liluragarria ikertzen jarraitu behar da oraindik, ekoizpena optimizatu ahal izateko eta udaberriko kontzertu bisual eta aromatikoaz gozatzen jarraitzeko.

The Conversation