euskaraespañol

Zientzia geldorako terraza

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/10

Irudia
Ibon Cancio, Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) terrazan | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Plentziako Itsas Estazioaren goiko solairuan dagoen terraza da nire tokirik gogokoena UPV/EHUn. Gure zuzendariak “Slow Science Terrace” deitzen dio, egitasmo bat duelako bertara etorkizunean zientzialari ospetsuak gonbidatzeko, terrazaren edertasunean zientziaren mugen inguruan hausnar dezaten, eta ikerketa proiektu berriak gara daitezen.

Zientzialari gehienok doktoradutzak lortzen ditugu, PhD-ak (Philosophiæ doctor hitzei dagozkien siglak). Ez dago hau baino leku hobeagorik zientifikoki filosofatzeko. Biologook izaera dikotomiko oker baten arabera bereizten dugu gure burua, botadun ala batadun biologoak. Terraza honetan laborategi eta bulegoaren aldamenean egon naiteke, landa-lanetan ikerketagai dugun landara (itsasora) gerturatzen naizelarik aldi berean.

Eguraldia ederra denean ez dago toki hobeagorik literatura zientifikoa irakurtzeko eta idazteko. Belaunaldi berriko ikertzaileekin bertan egiten diren bileretan eta izaten ditugun eztabaidetan ez da zaila filosofatzeko grina helaraztea. PhD berriek terrazan azkar eta ongi ikasten dute astiro pentsatzearen balioa. Hona hemen astiro ateratako argazki bat!

Leku hori aukeratu du Ibon Canciok. Zelulen Biologian, Zoologia eta Animali Zelulen Biologia Saileko irakasle osoa da, eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) aritzen da. Bera da aurreko lerroen egilea ere.

Nola iritsi: 43°24'43.8"N 2°56'40.9"W