euskaraespañol

Radboud Unibertsitateko ikasleak Bilbon

Bizkaiko hiriburuak azken urteetan izan duen bilakaerari buruzko landa lana egingo dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/10

Radboud Unibertsitateko ikasleak Bilbon
Radboud Unibertsitateko ikasleak Bilbon | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) Geografia, Hirigintza eta Ingurumen Graduko ikasleek, Fieldwork irakasgaian dihardutenek, ikerlan bat egin behar izaten dute atzerriko testuinguru geografiko batean. Hori dela eta, Bilboko hirigintzaren inguruan lanean arituko dira astebetez unibertsitate horretako 80 ikasle.

Atzerrira bidaiatzea aurreikusita dago irakasgai horren programan, ikasleek beste herrialde bateko testuingurua ikertu eta azter dezaten. Aldaketa nabarmenak jasan ditu Bizkaiko hiriburuak azken hamarkadetan, eta hiri berrikuntza eta garraio azpiegituren hobekuntza izan dira adierazgarrienak, batez ere jarduera ekonomiko eta kulturalari dagokionez. Horrek guztiak interes akademiko berezia ematen dio hiriari.

Hortaz, ikuspegi akademikotik Bilbo ezagutu eta aztertzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza jasoko dute ikasleek, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailaren bitartez. Maria Concepción Torres eta Itziar Aguado irakasleak arituko dira, zenbait ikaslerekin batera, ikasle holandarrekin lanean; besteak beste, elkarrizketak egiten lagunduko diete, etorriko diren askok ez baitakite gaztelaniaz.