euskaraespañol

Gurasoen inplikazioa, adingabeek Interneten erabilera arduratsua egiteko gakoa

Adingabeei eta onlineko arriskuei buruzko Europako proiektua labur

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/07

2006. urtetik, EU Kids Online ikerketa sareak adingabeek Internet bidez dauzkaten aukerak eta arriskuak aztertu ditu. Proiektuak ondorioak laburtzen ditu azken txostenean. Espainiari dagokionez, harritzekoa da, Europako beste herrialde batzuen aldean, gurasoek zenbat denbora ematen duten seme-alabak Internet erabiltzen ari diren bitartean beraiekin, kontuan hartuta gurasoen inplikazioa oso garrantzitsua dela adingabeek sarearen erabilera arduratsua egiteko orduan.

Hori da London School of Economics and Political Science-k (LSE) zuzentzen duen EU Kids Online proiektuaren azken txosteneko ondorioetako bat; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartzen du proiektuan. Txosten honetan adingabeek Internet erabiltzean izan ditzaketen arriskuei buruzko emaitzak eta gomendioak laburtzen eta konbinatzen ditu, 33 herrialdetako 150 ikertzailek baino gehiagok egin dituzten lana oinarri hartuta.

Gorrotoa eragiten duten mezuak gero eta sarriago ikusten dira, bai eta anorexia sustatzen duten orriak eta nork bere burua kaltetzeko eta cyberbullyingari buruzko orriak ere.

Proiektuaren azken fasean, 2011tik 2014ra, adingabeek Internetera jotzeko zeuden ereduak nabarmen aldatu dira, eta orain hainbat lekutatik erabiltzen dute beren bizitzan. Internetera sartzeko gailuak laguntzen ari dira erabilera gero eta pribatuagoa izatera. Era berean, 2010. urtearen aldean, 11 eta 16 urte bitarteko adingabeek gorroto mezu gehiago dituzte begi-bistan (% 13tik 20ra), edota anorexia eragiten duten orriak (% 9ik 13r) edo nork bere burua kaltetzeko orriak (% 7tik 11ra) eta cyberbullyinga (% 7tik 12ra) sustatzen duten orriak.

Ebidentzietan oinarritutako politika

Proiektuaren lorpen handienetakoa da hainbat eragilerekin eginiko elkarrizketa aktiboa (industria, GKEak…), ondo bideratutako politikak garatzeko ebidentzia sendoen oinarria sortzeko. Europako Batzordearen Agenda Digitalerako presidenteordeak eta komisarioak, Neelie Kroes-ek, zera baieztatze du: "EU Kids Online proiektua oso garrantzitsua izan da agente europarrentzat, Internet umeentzat gune egokiagoa izaten lagundu diguten ebidentzia fidagarrien hornitzaile izan den aldetik".

Gurasoentzako gomendioak

Kezkatuta dauden aita eta amak direla eta, Maialen Garmendiak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, gomendio batzuk eman ditu adingabeek komunikazioaren teknologien gainean egiten duten erabileraren inguruan:

  • Bultzatu adingabeak Internet txikitan erabiltzen hastera, eta Internetek ekar ditzakeen onurak eta kalteak azaldu. 
  • Saiatu adingabeentzako aukerak garatzen, arriskuei aurre egiteko trebetasunak eta erresilientzia eragin diezaiekeen kaltearen aurrean. 
  • Pentsatu gutxiago arriskuen gainean eta jarri arreta handiagoa jarduera dibertigarrietan eta eduki positiboan.
  • Hitz egin erregulartasunez adingabeekin onlinean aurki ditzaketen eduki arazotsuei buruz 
  • Izan argiak onlineko jokabidearekin lotutako asmo eta arauen gainean hitz egitean 
  • Izan kritikoak komunikabideek estaltzen dituzten onlineko arriskuekin

Proiektuaren 10 ondorio gako

  1. Adingabeek zenbat eta gehiago erabili Internet, orduan eta trebetasun digital gehiago garatzen dute eta orduan eta altuago daude onurak eskuratzeko "aukeren eskaileran".
  2. Interneten erabilera oro ez da onuragarria: adingabe batek onura gehiago edo gutxiago eskuratzeko hainbat baldintza daude: adina, generoa eta estatus sozio-ekonomikoa, gurasoengandik daukan laguntza eta eskuratzen duen eduki positiboa.
  3. Erabilera, trebetasunak eta aukerak ere onlineko arriskuei lotuta daude; zenbat eta arrisku gehiago, orduan eta kalteak jasateko aukera gehiago. Beraz, Internet zenbat eta gehiago erabili, orduan eta ahalegin handiagoa egin beharko da arriskuak saihesteko. 
  4. Arrisku orok ez du zertan kaltea ekarri: ume batek disgustua izateko edo kaltea jasateko aukera hainbat baldintzaren araberakoa da: adina, generoa eta estatus sozio-ekonomikoa, bai eta bere erresilientzia eta Interneten gertatzen denari edo aurkitzen duenari aurre egiteko dituen baliabideak ere.
  5. Halaber, garrantzitsua da aita eta amen zeregina, bai eta eskolarena eta lagunena ere. Bestalde, garrantzitsuak dira estatu mailako araudiak, edukien eskaintza, kultura balioak eta hezkuntza sistema.
  6. Pornografia da umeek Internetera jotzen dutenean daukagun ardurarik nagusiena.
  7. Eduki bortitzak, erasotzaileak, krudelak edo odoltsuak bigarren posizioan geratzen dira, baina indarkeriak arreta publiko gutxiago du sexu edukiak baino.
  8. Adingabeei gehien eragiten diena da indarkeria erreala (edo errealista) fikziozkoa baino gehiago, eta gizabanako ahulenganako indarkeria, besteak beste ume eta animalienganakoa.
  9. Onlineko arriskuen gaineko ardura handiagoa da 9 eta 12 urte bitarteko umeetan. Ume txikienen kasuan, eduki arriskuak arduratzen die gehien; adinean gora egin ahala, jokabide edo harreman arriskuak gehiago.
  10. Umeek uste dute bideoak partekatzeko orriak eduki bortitzekin eta pornografikoekin lotuago daudela, besteak beste.

Harremanak:

  • Maialen Garmendia, EU Kids Online II ikerketa taldeko zuzendaria, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.  maialen.garmendia@ehu.es
  • Miguel Ángel Casado, EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea  miguelangel.casado@ehu.es

Proiektuari eta galde sortari buruzko informazioa:

  • EU Kids Online proiektuaren helburua da Interneten erabilera seguruari eta arriskuei buruzko esperientziak eta praktikak eta Europako umeei eta beren gurasoei teknologia berriak hobeto ezagutaraztea eta, era berean, umeentzako inguru seguruagoa bultzatzea. Proiektua Europako Batzordeko Safer Internet Programme-k finantzatzen du (SI-2010-TN-4201001).
  • Herrialde hauek hartzen dute parte: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txipre, Txekiar Errepublika, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Suedia, Suitza eta Turkia. Proiektuak, gainera, Australiako, Brasilgo eta Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileak ere izan ditu lankidetzan. 
  • EU Kids Onlinek inkesta bat egin zien etxez etxe, aurrez aurre, 9 eta 16 urte bitarteko 25.000 umeri eta beren aitari edo amari, 25 herrialde baino gehiagotan, ausazko lagin estratifikatuaren bidez eta galdera sentiberenentzako norberak bete beharreko galde sorten bidez.