euskaraespañol

Aurtengo aktore berri onenaren Goya saria irabazi du

Telmo Irureta: «Topera disfrutatuko dut aktore gisa bizitzen ari naizen unea»

Duela gutxi, bere obra aurkeztu zuen Gipuzkoako Campusean, Aitziber Garmendia aktorearekin batera: Sexberdinak

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/23

Irudia
Telmo Irureta Donostiako kale batean | Argazkia: UPV/EHU

Telmo Irureta, La consagración de la primavera filmean egindako paperagatik aurtengo aktore berri onenaren Goya saria  irabazi duena, oraindik ere pil-pilean dagoen polemika baten protagonista izan da. Garuneko paralisia duen aktore gipuzkoarrak, saria jasotzean, desgaitasuna duten pertsonen sexualitatea aldarrikatu eta zinema inklusiboago baten alde egin zuen bere hitzaldian. Galan zeudenen txalo zaparrada jaso bazuen ere, gizarteko beste zenbait sektoretako kritikak ere jaso ditu.

Duela gutxi, Telmo Iruretak bere obra aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean, Aitziber Garmendia aktorearekin batera: Sexberdinak. Ondo ezagutzen du campusa; izan ere, UPV/EHUn Magisteritza (Atzerriko Hizkuntza) eta Pedagogia ikasi zituen, eta gaur egun Psikologian matrikulatuta dago. Hala ere, aitortu du ikasketak nahiko ahaztuta dituela antzerti mundua dela eta.

Lehenik eta behin, zorionak sariagatik.

Eskerrik asko. Oso pozik eta esker oneko nago. Orain lasaiago nago. Goya irabazi osteko lehen astea nekagarria izan da, elkarrizketa asko izan baititut. Baina aukera berezi bat da eta aprobetxatu egin behar da.

Elkarrizketa batean irakurri dut zure amak Goya bat eskatu zizula bere urtebetetzerako, eta lortu egin zuen. Hitzeko semea zara.

Egia esan txantxetan ari zen esan zidanean, eta gero ahaztu egin ginen. Aspaldi erabaki genuen urtebetetzeetan zer nahi dugun eskatu behar dugula, bestela azken unean ibiltzen ginelako oparia erosten. Nire amaren urtebetetzea galaren hurrengo egunean zen, eta, beraz, zer nahi zuen galdetu nionean, Goya bat erantzun zidan. Eta halaxe izan zen.

Saria jasotzean esan zenuenak polemika sortu du. Espero zenuen halako zalapartarik?

Ez, baina esandakoa eta gero oso egoera interesgarria sortu dela iruditzen zait. Jendeak ez du ulertu esan nahi nuena, eta esan ez ditudan gauzak asmatzen ari dira. Nik pertsona ororen sexualitatea defendatzen dut. Baina desgaitasuna dugun pertsonontzat apur bat zailagoa da, fisikoki mugatuta gaudelako, jendea beldur delako eta aurreiritziak dituelako. Esan nuen moduan: «una tabla de surf, gusta. Una silla de ruedas asusta».

«Enpatia falta da, besteen lekuan jartzea»

Gipuzkoako Campusean Aitziber Garmendiarekin batera aurkeztu zenuen obran (Sexberdinak) ere maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak lantzen dira, besteak beste.

Gai delikatuak dira, baina ez da asko hitz egiten horiei buruz. Ikuspegi partikular bat da. Izan ere, desgaitasuna dugun guztiok ez gara berdinak, eta ez dugu berdin pentsatzen, eta, beharbada, desgaitasuna ez duten pertsonek ez dute ezagutzen edo ulertzen. Enpatia falta da, besteen lekuan jartzea. Batzuetan nahiko zaila izaten da zenbait pertsonekin gai horien inguruan hitz egitea. Elkarri entzutea falta zaigu. Gero, bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina, mesedez, iraindu gabe.

Nolakoa da Aitziber Garmendiarekin lan egitea?

Pertsona zoragarria da. Aktore ona eta are pertsona hobea. Oso eskuzabala da. Oso erraza da harekin lan egitea. Telebistan ere aritu ginen elkarrekin aurretik, bakarrizketak egiten, baina harekin obra bat egiten dudan lehen aldia da. Urtebete daramagu biran, eta oraindik emanaldi asko geratzen zaizkigu aurretik.

Bai eta, gainera, Galizian zenbait antzezpen egin ostean, Bogotara joango zarete apirilean.

Bai, hala da. Oso pozik gaude. Oso esperientzia interesgarria eta bizia izaten ari da. Publikoari asko ari zaio gustatzen obra. Komedia bat da, baina oinarrian apur bat gogorra da. Publikoa hunkitu egin ohi da. Bihotzeraino heltzen gatzaizkie.

Arte Eszenikoen Tailerrean ekin zenion antzezle izateko bideari. Zerk bultzatu zintuen eszenatokira?

Irakasle ikasketak egitea oso esperientzia ona izan zen. Oso ikasle zoriontsua izan nintzen. Ikaskide apartak nituen, lagun berriak egin nituen, gutxi ikasi nuen, baina asko ikasi nuen. Gero, Pedagogia ikasi nuen. Baina Arte Eszenikoen Tailerrean sartu nintzenean, nire lekua zela sentitu nuen. Antzerki eskolako esperientzia oso positiboa izan zen.

Orain, aktore izateaz gain, Psikologian matrikulatuta zaude.

Bai, baina albo batera utzita daukat. Ez naiz denera heltzen. Une polita ari naiz bizitzen antzerti munduan. Oso pozik nago. Psikologia ikastea B plan bat zen, etorkizunean lanik gabe geratuz gero baliatzekoa. Baina ezin da B plan bat antolatu A planaz disfrutatzen ari zaren bitartean. Oraingoz, topera disfrutatuko dut aktore gisa bizitzen ari naizen unea.

Zure izebak, Elena Iruretak, zeinak saria eman zizun, aholku asko ematen dizkizu edo zure bidea egin dezazun uzten dizu?

Hasieran, eskaintzen zizkidaten lan guztietarako baiezkoa ematen nuen, ilusioa egiten zidalako lanerako niri deitzeak. Eta izebak honakoak esaten zizkidan: «Ondo pentsatu duzu? Zure lekua da edo ez? Zerbait ematen dizu edo kendu?» Hark esaten dit, egiten dudana egiten dudala, ondo iruditzen zaiola hala erabakitzen badut, baldin eta lan horrek niri zerbait positiboa emango badit.

Antzezpenaren munduan zaila izaten da paperak aurkitzea. Zer uste duzu, lortu duzun sariak lagunduko al dizu horretan? Eta desgaitasuna duten besteei?

Horrela izatea gustatuko litzaidake. Desgaitasuna ez duen pertsona batek desgaitasuna duen baten papera egin dezake, eta zilegi iruditzen zait, baina, hain aukera gutxi ditugunez, ondo legoke casting bat egiteko aukera emango baligute. Gero, ez bazara zuzendariaren gustukoa izan, ez zaitu aukeratuko. Baina, behintzat, eman diezagutela saiatzeko aukera.

Oraindik asko dago egiteko gizarteratzeari dagokionez...

Pila bat. Oso modernotzat daukagu geure burua, baina gero zenbait iruzkin eta jarrera entzuten eta ikusten dira. Horrek erakusten du ez dakigula ezer. Zergatik egin behar dut beti desgaitasuna duen baten papera, aulkian dagoen eta bere desgaitasunaz hitz egiten ez duen norbaiten papera egin badezaket? Baina, puntu horretara heltzeko, esaten dudan moduan, tokezito bat duten pertsonaia gehiago falta dira film eta telesailetan. Bien bitartean, ondo dago desgaitasunaz hitz egitea.