euskaraespañol

Kronika

Arabako ETE entzako berrikuntza irekiko gela

UPV/EHUk eta SEA-Arabako Enpresak enpresa elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, Unibertsitatea-Enpresa Gela berri bat sortzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/25

Irudia
Manoli Igartua eta Pascal Gómez, hitzarmena sinatu ondoren | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Manoli Igartua Olaecheak eta SEAren presidente Pascal Gómez Pérez de Zuazagoitiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskal Herriko Unibertsitatearen eta SEA‑Arabako Enpresak enpresa elkartearen artean, ETE‑entzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitatea-Enpresa Gela sortzeko. Gela horren xedea da prestakuntzako, ikerketako, berrikuntzako eta ezagutzaren transferentziako jarduerak egitea, SEAren enpresa bazkideen laguntzarekin.

Berrikuntza irekiko gela aukera paregabea da proiektu berritzaileen garapenean unibertsitatearekin lankidetzan aritzen diren ETE-entzako. “Hori da berrikuntza irekiaren esentzia; gero eta zabalduago dagoen praktika da, non enpresek kanpoko eragileekin lan egiten duten (adibidez, unibertsitateekin), euren beharrei eta erronkei erantzuteko ideia eta prozesu berriak aurkitzeko”, nabarmendu du Arabako Campuseko errektoreordeak hitzarmena sinatu ostean.

Azken hamarkadan, UPV/EHUko Arabako Campuseko ikastegiek eta SEAk lankidetzan aritu dira berrikuntzarekin eta ezagutzaren sorrerarekin, eraldaketarekin eta zabaltzearekin lotutako zenbait jarduera martxan jartzeko. Jarduera horiek Arabako ekonomia eta gizartea sustatzeko eta garatzeko helburua zuten. Esparru horretan xedatu da lankidetza-hitzarmen hau, zenbait jarduera gauzatzeko helburuarekin sortu baita, hala nola praktikak eta ikerketako lan akademikoak (Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego Tesiak) egiteko. Horrez gain, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza jardunaldiak egingo dira. Gelak, gainera, aukera emango du ikerketako edo garapen teknologikoko proiektuak egiteko. Unibertsitateko lanak egin daitezen sustatzeko, laguntzeko dirulaguntzak emango dira eta/edo lan horiek bultatzeko eta garatzeko babes programak ezarriko dira.

Jarduera horiek gauzatzeko, urteko Jarduketa Plana egingo da. Hitzarmenak lau urteko iraupena du. Sinatzaileek, epe hori amaitu aurreko edozein unetan, aukera izango dute aho batez eta berariaz kontratua luzatzeko, beste lau urtez gehienez.

SEAren presidenteak honako hau nabarmendu du: "akordio honen garrantzia nabarmena da, berrikuntzaren aldeko apustua egiteko behar ageriagatik, gure enpresen etorkizunerako giltza gisa. Ildo horretan, hau gaineratu du: “hitzarmen horri esker, ETE guztiak, euren tamaina edozein dela ere, beren esku izango dituzte egungo merkatuan ikerketak eta berrikuntzak dakartzaten abantailak”.

Enpresa erakunde gisa, SEAk ETE-en eta unibertsitatearen arteko lotura gisa jardungo du, eta bitartekaritzako eta Berrikuntza Gelak eskainitako aukerak zabaltzeko zeregin garrantzitsua izango du.

Manoli Igartuak argi ikusten du “lankidetza horrek eragin esanguratsua izan dezakeela, bai gure ikasleen prestakuntzan, bai Arabako ekoizpen ehunaren garapenean. SEAren bazkide diren ETEak ekimen honetara batzera eta Berrikuntza Gelak eskaintzen duen aukera aprobetxatzera gonbidatzen ditugu. Gela hori gure unibertsitatearekin batera egindako prestakuntzako, ikerketako, berrikuntzako eta ezagutzaren transferentziarako proiektuak egiteko zabalik dago”.