euskaraespañol

Euskadiko ikasle bat Nazioarteko Matematikako Olinpiadan izango da

Martín Ortizek urrezko domina irabazi du Olinpiadaren Estatu mailako fasean eta bere taldekide Roberto Villarejok, brontzezkoa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/12

Martín Ortiz urrezko domina jasotzen

Martín Ortiz Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak bigarren urrezko domina irabazi du Estatuko 52. Matematikako Olinpiadan eta, ondorioz, uztailean Hong Kongen (Txina) jokatuko den Nazioarteko 57. Matematikako Olinpiadan parte hartuko duen Espainiako taldeko kide izango da. Batxilergoko lehen maila ikasten ari den Ortizek, brontzezko eta zilarrezko dominak irabazi zituen aurreko bi edizioetan. Gainera, irailean Txilen jokatuko den Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaia ere bada.

Martín Ortizek lortutako dominaz gain, Roberto Villarejo Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxeko ikasleak hirugarren brontzezko domina irabazi du, 21. postuan sailkatu baita. Loiuko Urdaneta ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da Euskal Herriko ordezkaritza osatu duen ikaslea. Estatuko 52. Matematikako Olinpiadan 77 ikaslek parte hartu dute, bakoitza bere erkidegoko lehiaketan sailkatua.

Estatuko 52. Matematikako Olinpiadan lortutako emaitzak, Euskal Herriko ordezkaritza batek inoiz lortu dituen onenak izan dira. Lehiaketa honen antolakuntzako kideak diren UPV/EHUko Matematika ataleko irakasleak oso pozik agertu dira: "Zorionik beroenak Matematikako Olinpiadako euskal ordezkaritza osatu duten guztiei egindako esfortzuagatik! Uste dugu, arrakasta honek gure ikasleak motibatzeko eta etorkizuneko ekitaldietan parte hartzen animatzeko balioko duela".

Nabarmendu behar da, Martín Ortiz eta Roberto Villarejo dominadunak sarritan parte hartzen dutela UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika ataleko irakasleek bultzatuta aspalditik egiten den ‘Matematiken tailerrean'.

Matematikako Olinpiaden helburua, kiroltasun eta zientzia giro batean, batxilergoko ikasleen artean matematika ikasketak zabaltzea eta matematikako problemei soluzioa aurkitzeko gustua handitzea da.