-
Ereño Gorria kareharria da mundu mailako ondarea osatzen duten 50 harrietako bat
-
% 92ko okupazioa UPV/EHUko graduatuen artean
-
Aurkitu dute nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren lekualdatzeak
-
Arotza, fisikaria eta jakite hutsaren atsegina
-
103 master ofizialek eta berezko 72 tituluk osatuko dute UPV/EHUren 2024-2025eko eskaintza
'Bidaia', Jesus Mari Lazkano artistaren omenez
Arte Ederren Bilboko Museoak UPV/EHUren argitalpenaren aurkezpena hartu du gaur goizean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/09/30
![](https://ehu.eus/documents/10136/39793532/lazkano_web.jpg/36bf4017-5edf-4758-e43a-512c9733e138?t=1664807209683)
Arte Ederren Bilboko Museoak ‘Bidaia – Viaje – Viagem – Travel – Voyage’ liburuaren aurkezpena hartu du gaur goizean. Argitalpenak omentzen du Jesus Mari Lazkano artista, UPV/EHUko irakasle ohia eta ikerketa literario eta artistikoari buruzko LAIDA ikerketa-taldeko kidea. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du liburua.
“Argitalpen honen bihotza Jesus Mari Lazkano da, bere artelanetan maisutasunez berarekin lurralde berriak bisualki zein metaforikoki bisitatzeko aukera behin eta berriro eskaintzen digulako... Eskerrak eman behar dizkiogu benetan lankide eta ikerketa taldeko kide bezala bizitza den bidaia nagusi honetan une konkretuetan bidaide izateko aukera izan dugulako.”, adierazi du Jon Kortazarrek, Euskal Literaturako katedradunak eta Euskal Herriko Unibertsitateko LAIDA taldeko ikertzaile nagusiak.
Ale honek UPV/EHUko LAIDA ikerketa-taldeko zenbait parte-hartzaileren lanaren bidez bidaiak, bidaiatzeko moduak edo bidaiaren inguruko gaiak biltzen ditu, literatura-, arte- eta plastika-planteamenduak konbinatuz. BIDAIA – VIAJE – VIAGEM – TRAVEL – VOYAGE... hitzen ikuspegi anitzak biltzeko, hainbat hizkuntzatan idatzitako ekarpenak daude, hizkuntza-mugak gaindituz.
Eremu akademikoan, LAIDA taldeak literaturaren eta artearen arloko ikerketari ekiten dio, ikerketa hori egiteko bide desberdinak erabiliz. Liburu honetan taldeko kide eta laguntzaile batzuen sormen-lana nabarmentzen da. Bere orrietan ‘bidaia’ kontzepturako hurbilpen batzuk daude, batzuk literarioak (prosa, poesia, saiakera) eta beste batzuk artistikoak (pintura, grabatua, eskultura, argazkia, ilustrazioa). Eduki originalak eta aldez aurretik argitaratutako lanak daude.
Liburuaren aurkezpenean izan dira Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Jon Kortazar, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta LAIDA Literatura eta Identitatea Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia; Jesus Mari Jolado, artista eta UPV/EHUko irakasle ohia; Susana Jodra, UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea; eta Josean Morlesín Mellado, UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea.
Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960). Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, bere doktore-tesiarekin (De la distancia entre lo formal en arquitectura y la arquitectura como imagen...”). Erretiroa hartu arte, unibertsitate bereko Pintura Saileko irakasle titularra izan da. Lazkanok Europa, Estatu Batuak eta Asiako hainbat herrialdetan egin ditu erakusketak. Era berean, sari ugari jaso ditu bere obra artistikoagatik.
Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako akademiko osoa da. Bere lana hainbat herrialdetako bilduma eta museoetan dago, hala nola Bilboko Arte Ederren Museoan edo Guggenheimen.