euskaraespañol

Baratzea, heziketarako baliabide

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/29

Gazteak hiri baratze batean lanean.

Hiri baratzeak hiri lurretan jartzen dira, barazkiak ekoizteko. Arabako Campusak, urtero, baratze ekologikoei buruzko ikastaro bat antolatzen du unibertsitateko komunitatearentzat, eta unibertsitateaz kanpoko adituak aritzen dira irakasle.

Hiru baratze mota daude, funtzio nagusia zein duten: okupazionalak, komunitarioak eta hezigarriak. Baratze okupazionalak lursail txikiagoak izan ohi dira, banaka kudeatzen direnak, eta ekoizpena norbere kontsumorako izaten da; komunitarioak, berriz, handiagoak dira, eta taldean kudeatu ohi dira; azkenik, baratze hezigarriak gehiago daude irakaskuntza arautura bideratuta.

Hainbat unibertsitatek lursailak eskaintzen dizkiete unibertsitate komunitateko kideei (irakasleei, AZPkoei edo ikasleei), banaka erabil ditzaten eta naturarekin harremanetan egon daitezen. Alde horretatik, Arabako Campuseko Jesusen Jantokia unibertsitate baratze ekologikoa baliabide berritzailea da: graduetako irakasgaietako lanak eta nekazaritza ekologikoari buruzko ikasleentzako ikastaroak konbinatzen ditu.

Irakasle talde baten ekimenez sortu zen baratze hori irakaskuntzarako erabiltzeko ideia, "irakaskuntza jarduera" aplikatuagoak egitea eta ikasleen artean zeharkako gaitasunak lantzea helburu. Campuseko edozein irakaslek antola ditzake saio praktikoak baratzean, bere irakasgaien osagarri. Hamar irakaslek baino gehiagok jada erabili dute eskolak emateko, eta ia 400 ikaslek egin dute bertan jardueraren bat.

«Ikasleekin zeharkako gaitasunak landu nahi ditugu»

José Ramón Mauleón proiektuaren koordinatzaileak dioenez, "sintesi produktu kimikoak erabiliko ez dituen hiri baratze ekologiko bat sortzeko eta mantentzeko oinarrizko ezaguerak eman nahi ditugu, eta ikasleekin zeharkako gaitasunak landu: taldeko lana, konpromiso etikoa, sortzeko eta ekiteko gaitasuna, gaitasun komunikatiboa eta enpatikoa, autonomia eta erantzukizuna, adibidez".

Baratzea Jesusen Jantokian dago, campusetik gertuko salestarren komentuaren jantoki sozialean, alegia; jantoki horrek UPV/EHUri laga dio baratzea, eta, trukean, jantokira joaten direnek, nahi izanez gero, doan egin ahal izango dute ikastaroa. Baratzean lan egiteko, baratze ekologikoei buruzko hastapen ikastaroak antolatzen dira unibertsitate komunitatearen artean, eta unibertsitateaz kanpoko adituak aritzen dira irakasle. Ikastaroaren hirugarren edizio honetan 34 pertsonak eman dute izena; erdiak ikasleak dira, eta gainerakoak, berriz, AZPko kideak edo Esperientzia Geletakoak, baita antzeko esperientzia bat abiatu nahi duen Gasteizko institutu batekoak ere.

Ikastaroa praktikoa eta parte hartzailea da; beraz, saio gehienak baratzean bertan ematen dira, eta askotariko gaiak jorratzen dira: nekazaritza ekologikoa, baratzeko elementuak, emankortasunaren eta bioaniztasunaren kudeaketa, ura, haziak eta hazitegiak, urtaro bakoitzeko laboreak, konposta… Gainera, hiriko antzeko beste baratze batzuk ere bisitatzen dira.

Jarduera hori diruz laguntzen dute UPV/EHUren Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren Gizarte Erantzukizuneko Zuzendaritzak, batetik, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, bestetik. Ikastaroan parte hartzen dutenek ere gastuekin laguntzen dute, matrikula ordaindu behar baitute. Beste zenbait erakundek ere, Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak eta Eneek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, esaterako, proiektuan laguntzen dute beste modu batzuetara.