euskaraespañol

55 euroko prezio sinbolikoa ordainduz gero, etxebizitzak dituzte eskuragai UPV/EHUko graduondoko ikasleek

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/27

Irudia

2014/2015 ikasturtea hasteko dagoen honetan, ziurrenik egongo da oraindik ere Bizkaian ikasteko asmoa duen ikaslerik eta etxebizitzarik gabe dagoenik. Lasai, ez da berandu, hilean 55 euroren truke UPV/EHUk eta Bilboko Udalak  etxebizitzak eskainiko dizkie graduondoko ikasleei. UPV/EHUko 45 ikasle baliatuko dira ekimen horretaz 2014/2015 ikasturtean, hau da, programaren bosgarren deialdian.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa UPV/EHUko graduondokoren batean matrikulatuta dauden Bizkaiko Campuseko ikasleei dago zuzenduta. Onuradunek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte. Udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, parteka ditzaten, pertsona bakoitzak hilean 55 euroko prezio sinbolikoa ordainduz (gehi argi eta ur gastuak). Horren truke, ikasleek, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetako erkidego proiektuetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu behar izaten dute.

Programan parte hartzeko eskariak  irailaren 20ra arte aurkeztu ahal dira Leioa-Erandio eremuan Errektoregoan edo Sarrikon kokatutako Erregistro eta Informazio Bulegoan.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa interesgarria da, hainbat helburu betetzen dituelako: Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea; unibertsitate mailako prestakuntzaren eta erkidegoarekiko eta gizartearekiko erantzukizunaren arteko bateragarritasuna bultzatzea; eta gazteei -Udal Etxebizitzen arreta jasotzen duen taldeetako bat- eta ikasleei, zehatzago esanez, etxebizitza izateko aukera eskaintzea. Ikasleek zailtasun handiak izaten dituzte etxebizitza izateko, prezio oneko aldi baterako alokairuen eskaintza urria delako eta unibertsitateko ikasleen baliabide ekonomikoak ere ez direlako handiak izaten.

Informazio gehiago: web honetan http://bit.ly/1lvrOdO eta 94 601 2041 telefonoan.