euskaraespañol

Planotik errealitatera eraikitzea

Arkitekturako lehenengo mailako 160 ikasle inguruk Imanolena Etxearen benetako zuinketa egin dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/27

Irudia

Goizean zehar, UPV/EHUko Arkitekturako Goi-mailako Eskola Teknikoko lehenengo mailako 160 ikasle inguruk, gaztelaniazko eta euskarazko taldeetakoek, aire zabaleko ekintza bat egin dute, Tailer Bateratua II izeneko irakasgaiaren barruan sartutako ariketa bezala.

Hain zuzen ere, 1:1 eskalan irudikatu dute Mutrikuko Imanolena etxearen oinplanoa. Imanolena etxea Luis Peña Ganchegui arkitektoak egin zuen 1964an. Ikasleek benetako zuinketa egin dute adreiluen, hesolen eta soken bidez, geometria, eraikuntza, marrazkia, proiektuak eta artea irakasgaietako irakasleek koordinatu eta gainbegiratuta.

Ariketa horri esker, etxearen barrualdearen banaketak dituen benetako proportzioak ikusi ahal izan dira. Ikasleak 16 taldetan banatu dira, obrako lan ezberdinak egiteko: materialak egiaztatzea, koordinatzea, kanpoko harmailak eraikitzea, fatxada egitea, trenkadak altxatzea, etab.

Jarduera horretan parte hartu duen irakasleetako batek, Amaia Casadok, esan du ikasleak ohituta daudela planoak erabiltzen, baina oso gutxitan lan egin dutela obra baten benetako neurriekin. Ariketa honen helburuetako bat da ikasleak errealitatera hurbiltzea, etxebizitza baten benetako neurriak ezagutzea. Beste helburu bat da adreilu bat ukitzea, masa barik bada ere. Eskolan adreilua sartzea oso esperientzia interesgarria izan da. Jardueraren hasieran, ikasle bakoitzak sei adreilu zekartzan, baina laster konturatu ziren giza katea sortuta materiala azkarrago eramaten zutela. Hori lotuta dago, baita ere, lehen aipatu dudan bezala, errealitatera hurbiltzearekin.

Maitane Díaz eta Xabier Sarasola jardueran parte hartu duten ikasleetako bi dira, eta biek esan dute jarduera oso positiboa izan dela. Maitanek etxebizitzaren fatxada egiteko ardura zeukan taldean lan egin du, eta Xabierri pilareak egitea egokitu zaio. "Lanean ari ginela, azaldu du Maitanek, hirugarren mailako ikasle bat hurbildu da, eta esan digu karreran egin dituen hiru urteetan ez duela adreilu bat hurbiletik ikusi, eta zorte handia geneukala lehen mailako ikasleak izanda jarduera hau egiteko aukera izateagatik". Xabierren iritziz, jarduera berria eta berritzailea da, eta espero du aurrerantzean horrelako jarduera askoz gehiago antolatzea. "Bigarren eta hirugarren mailako ikasleek esan digutenez, eurek lehenengo mailan aukera hori izan balute, adimena irekiko ziekeen".