euskaraespañol

Hemen dira Unibertsitate Orientaziorako Azokak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/26

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Unibertsitate Orientaziorako Azokak antolatzen ditu, oraindik unibertsitatean hasi ez diren ikasleei zalantzak argitzeko eta ikasketak aukeratzen laguntzeko. Azokak hiru campusetan txandakatuz joaten dira, eta UPV/EHUk informazio zehatza ematen du bere graduei buruz, hala modu pertsonalizatuan nola informazio saio kolektiboen bitartez.

Aurten, azokak Arabako Campusean hasiko dira, urtarrilaren 28an, 09:00etatik 14:00etara bitartean, Farmazia Fakultatean. Hurrengo larunbatean, otsailaren 4an, Gipuzkoako Campuseko Ignacio Mª Barriola Ikasgelategian izango da azoka, eta, azkenik, otsailaren 11n Bizkaiko Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egingo da, Sarrikon.

Azoketara joaten direnek UPV/EHUn ematen diren gradu guztien berri jasoko dute, baita askotariko informazioa ere: unibertsitaterako sarbidea, tasak eta bekak, unibertsitateko ostatua eta garraioa, kirol jarduerak, truke programak, graduondokoak…

Galdetu, ez izan lotsarik!

Hona hemen gida txiki bat, azokari ahalik eta etekin handiena ateratzeko:

- Sarreran kit bat emango da, graduko ikasketen eskaintzari buruzko informazioarekin, informazio standen planoarekin, informazio saioen zerrendarekin eta balorazio inkestarekin.
- Ikastegietako standak jakintza arloen eta koloreen arabera antolatuta egongo dira: Arteak eta Giza Zientziak (urdin argia), Zientziak (urdin iluna), Osasun Zientziak (grisa), Gizarte eta Zuzenbide Zientziak (laranja) eta Ingeniaritza eta Arkitektura (marroia).
- Beste stand batzuk ere jarriko dira: UPV/EHUrako sarbidea eta bekak; ikasleentzako zerbitzuak; campuseko bizimodua; truke programak; graduondoko ikasketak; eta praktikak eta enplegua.
- Adi informazio saioei! Kitean, antolatuko diren saio guztien zerrenda dago, bakoitzaren ordutegiarekin eta ikasgelarekin. Antola ezazu goiza, nahi duzun saioetara garaiz iristeko. Saio batzuetara jende ugari joan ohi da.
- Eta, alde egin aurretik, ez ahaztu: bete eta aurkez ezazu balorazio inkesta, eta parte hartu iPad baten zozketan.
- Informazio gehiago behar izanez gero, hango langileek zalantza guztiak argituko dizkizute.

Gainera, azokaren egunean bertan campuseko unibertsitate egoitza bisitatu ahalko duzu. Eman izena http://resaresidencias.es/paisvasco webgunean.

UPV/EHU Unibertsitate Orientaziorako Azokei buruzko informazio guztia https://www.ehu.eus/sou/unibertsitate-orientaziorako-azokak atarian aurkituko duzu.

 

Argazkiak: UPV/EHU.