euskaraespañol

Bizitzako esperientziak eta elkartasuna Gaztenpatian

15 ikaslek parte hartu dute UPV/EHUk eta Euskal Fondoak antolatutako ekimen honetan, zeinak gazteen arteko enpatia eta elkartasuna sustatzen duen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/13

Nerea Gutiérrez Celina Ramos eskualdeko ume batzuekin

2015/2016 ikasturtean, UPV/EHUren Lankidetza Garapenerako Bulegoak eta Euskal Fondoak abian jarri dute aurrenekoz Gaztenpatia proiektua, hots, Erdialdeko Amerikako eta UPV/EHUko gazteek baterako proiektuak gauzatzeko truke egitasmoa.

Gaztenpatiak gazteen arteko enpatia eta elkartasuna sustatzen du. Hala, UPV/EHUko gazteek, sormenaren eta gizarte ekintzailetzaren bidez, hainbat jarduera egin dituzte Euskal Fondoak jarduten duen herrialdeetako gazteekin batera: Guatemalakoekin, El Salvadorrekoekin eta Nikaraguakoekin. Proiektua Garapenerako Lankidetzaren inguruko Unibertsitate Praktiken eta Gradu Amaierako Lanen Programaren barruan dago; programa hori 2003. urtetik dago indarrean UPV/EHUn, eta ikasleei modua ematen die praktikak edo GRALa lankidetza proiektuetan egiteko.

UPV/EHUk eta Euskal Fondoak 10 urte baino gehiago etengabe elkarlanean aritu ondoren abiatu dute programa hau, munduko desberdintasunen jakitun diren eta gizarteen garapenaren arazoei buruzko eztabaidetan parte hartzeko gai izango diren profesionalak trebatzeko asmoz.

Programa prestakuntzaren, enpatiaren, gazteriaren eta komunikazioaren printzipioetan dago oinarrituta, eta helburu du unibertsitate komunitatea sentsibiliza dadin eta lankidetza solidarioko jardueretan parte har dezan laguntzea.

Euskal Fondoa 1996an eratu zen, Euskal Herrian Kooperazio Deszentralizatua koordinatzeko eta babesteko tresna gisa, eta lan egiten du justizian, berdintasunean, tolerantzian eta bizi sozialeko partaidetza aktiboan oinarrituriko bizikidetza baketsuaren balioak sustatzeko. Elkartearen helburua da, hain zuzen, herritarrak herrien arteko desberdintasun ikaragarrien kausa eta ondorioen gainean sentsibilizatzea, alde batetik, eta mundu antolamendu justuago eta solidarioago bat lortzeko elkarrekin lan egiteko beharra transmititzea, bestetik.

Proiektuak

Lehen fasean, 2016ko udan, UPV/EHUko ikasleak aipaturiko Erdialdeko Amerikako herrialdeetara joan dira hango beharrak detektatzera. Era horretan, gazteen arteko enpatia sustatu eta proiektua ezagutarazi nahi izan da: bateratzea eta difusioa, iritzi trukea eta taldeen arteko bisitak. Landutako proiektu bakoitzak gai jakin bat jorratu du.

Hasteko, Guatemalari dagokionez, hezkuntzako, kiroleko, nutrizioko eta komunikazioko zenbait ikasle Alta Verapaz inguruan izan dira, eta, INCIDE Demokraziaren Aldeko Egitasmo Zibilaren Fundazioarekin elkarlanean, nutrizioarekin eta kirolarekin lotutako alderdi batzuk aztertu dituzte. Zehazki, kirol instalazioak kudeatzen, atletismoko irakasleak eta kirol irakasle indigenak prestatzen eta indigenen komunitateetan nutrizio ikastaroak ematen ibili dira. Honako hauek aritu dira egitasmoan: Xabier Perez Urretavizcaya, Goizane Fernández de Gorostiza, Julen Garjón Alastuey, Martín De la Fuente Lopetegi eta María Martínez González. Laura Pardo García, Alba Lumbreras Puente eta Irene López Altuna nutrizioko ikasleek lekukoa hartuko diete 2016/2017 ikasturtean.

Bestalde, komunikazioko eta psikologiako ikasleek osaturiko beste talde bat Suchitoton izan da, El Salvadorren. Besteak beste, sexu heziketa, indarkeria matxistaren prebentzioa eta haur abusua jorratu dituzte, Colectiva Feminista taldearekin batera. Nerea Gutiérrez Ruizek, Andrea Bosch Alfarok, Pello Maudo Herrerok eta Aineder Peitxoto Graciak jarri dute martxan proiektua, eta, hemendik hilabete batzuetara, lekukoa hartuko diete Ane Itsasmendi gizarte langintzako ikasleak eta Maialen Lacunza Unzué, Itziar Garin del Pozo eta Katalin Itza Okamika antropologiako ikasleek.

Horrez gain, El Salvadorren ere, Morazán departamenduan, kirolaren eta arkitekturaren arloko proiektu bat gauzatu da. Hala, Iñigo Gandarias Bárcena, Mikel Rankin Elvira eta Asier de Arriba Liébana Arkitektura Graduko ikasleak adobezko eraikinak leheneratzen, alor horretan prestakuntza ematen eta eraikuntza komunitarioa planteatzen aritu dira Padre Segundo Montes Teknologia Institutuarekin batera.

Azkenik, San Carlosen, Nicaraguan, ingeniaritzako eta arkitekturako hiru ikaslek ingeniaritzan eta urean oinarrituriko proiektu bat egin dute ASODELCO Asociación para el Fomento del Desarrollo Local Ecosostenible elkartearekin batera. Ingeniaritza Gradutik Luis González Álvarez joan da, eta Arkitektura Gradutik, berriz, Amaia Galparsoro Aldaburu eta Josu Vega Etxeberria. Hainbat funtzio izan dituzte; alde batetik, uraren kalitatea neurtzeko laborategi analisiak kudeatzen eta horren inguruko prestakuntza ematen ibili dira; bestetik, ingeniaritza hidraulikoa erabili dute sareak eratzeko eta eguneratzeko; eta, horrez gain, urak, presioak eta saneamenduak zuzentzen eta bioiragazkien inguruko ezagutza lantzen aritu dira.

"Bizitzako esperientzia pertsonala"

Luis González Gaztenpatiaren lehen edizio honetan parte hartu duten gazteetako bat da. Duela zenbait urtetatik lanean ari da eta esperientzia handia dauka, baina karrera amaierako proiektua bukatzea falta zitzaion gradua lortzeko. "Beti nahi izan dut lankidetza proiekturen batean esku hartu, eta garatzeko bidean diren herrialdeetan lan egiteko gogoz nengoen", azaldu du Gonzálezek. Hala, unibertsitatera karrera amaitzera bueltatu zenean, Gaztenpatiaren berri izan zuen, eta ez zuen zalantzarik egin. "Nik banuen lan esperientzia, eta, beraz, ez nuen nahi enpresa batean egin gradu amaierako lana". Alde horretatik, Gaztenpatia hainbat helburu betetzeko aukera egokia zen harentzat.

Luis Gonzálezek Nikaraguan lan egin du, San Carlosko ur eta ingeniaritzako proiektuan. Haren lana, zehazki, hiri horretako "hondakin urak punpatzeko instalazioak aztertzea eta instalazio horietarako mantentze plan prebentibo bat egitea izan da". Instalazio horiek orain urte batzuk eraiki ziren Euskal Fondoaren eta Europako erakundeen laguntzarekin, eta tokiko enpresari eman zitzaion instalazioen kudeaketa. "Han lanean dabilen jendeak ez zeukan trebakuntzarik instalazioak behar bezala funtzionarazteko, eta gertatu ahala konpontzen zituzten matxurak". Gonzálezek plantako dokumentazio tekniko osoa bildu, arazoak aztertu eta diagnostiko bat osatu zuen. Gero, "mantentze plan prebentibo" bat proposatu zuen, eta "arazoei eta konponbideei buruzko informazioa jasotzeko erregistro bat sortzea" planteatu.

Gonzálezen hitzetan, "aukera hau bizitzako esperientzia pertsonala izan da niretzat; nire ezagutzak baliatu ahal izan ditut, eta oso gustura nago lortutakoarekin". Alderdi pertsonalari dagokionez, ezagutu ahal izan dituen "beste errealitate hori eta bizitzeko beste modu hori" izango ditu gogoan. Azaldu du Gaztenpatiaren aurreneko edizioa izan dela eta hurrengo edizioetan hobetu ahalko dela guztiz ondo atera ez den hori. Halere, zalantzarik gabe, "beste ikasle guztiei gomendatuko nieke esperientzia hau".

"Ikastaldi onenetariko bat"

Andrea Bosch kazetaritzako ikasleak ere zalantzarik egin gabe eman zuen izena Gaztenpatian. "Genero ikuspegian oinarrituta egin nahi dut kazetaritza, eta El Salvadorko Suchitotoko proiektuak genero ekitatea jorratzen du, toki garapenerako Colectiva Feminista elkartearekin batera", azaldu du. Haren taldeak, zehazki, Colectiva Feministak Suchitotoko alkatearen babesarekin eta Euskal Fondoaren diru laguntzarekin egiten duen Agua y Equidad de Género proiektuaren gaineko jarraipena egin behar izan du, eta horri buruzko 20 minutuko bideo dokumental bat grabatu. Boschek dioenez, "komunitate batzuetara oraindik ere ez da urik heltzen, eta emakumeek, haurrekin batera, hainbat eta hainbat orduz ibili behar izaten dute ibaien iturburuetako ura hartu eta etxera eramateko". Lanari dagokionez, "Colectiva Feministako komunikazioko taldekide gisa aparteko emakumeekin lan egitea ikastaldi onenetarikoa izan da", gehitu du.

Alderdi pertsonalean, Boschek "borroka feministaren inguruko sentimenduak indartu dizkidaten esperientziak" izan ditu Suchitoton. Esate baterako, San Salvadorreko emakumeen espetxera sartu eta 30 urtera kondenatutako bost emakume ezagutu zituen, abortu naturala izateagatik, eta hori ez zaio inoiz ahaztuko. Haren esanetan, "emakumeek El Salvadorren jasaten duten kriminalizazioa salatzeko garaia da".

Andrea Bosch kazetariak, beretzat "bizitzako esperientziarik onena" izan den honen ostean, genero ikasketak egitea pentsatu du. "Oso gogoko izan dut, eta guztiz gogobeteta sentitu naiz El Salvadorren. Hango arazoak gorabehera, Colectiva Feministak erabat babestu eta zaindu gaitu". Horregatik guztiagatik, horrelako aukerak baliatzera animatzen ditu ikasleak, "barrutik aldarazi eta pertsona hobeak egiten baikaituzte".

%100 gomendagarria

Guatemalan lan egin zuen taldeak aho batez erantzuten du "bai!" Gaztenpatia beste ikasle batzuei gomendatuko lieketen galdetzen zaienean. "Galdu ezin daitekeen aukera da", esan dute. Aukera ezin hobea, gainera, "beste era batean ikasteko eta herrialde, kultura eta jende berria ezagutzeko". "Oso aberasgarria da". Bizipen honek "gauzak beste era batean ikusi eta baloratzen" lagundu die eta hainbeste erosotasun gabe bizitzen irakatsi.

Elkarlanean jardun, bidaiatu, mundua ezagutu, errealitate ezberdinetatik ikasi eta, gainera, guzti hau ikasketekin uztartzeko motibazioarekin hasi zuten ikasleek abentura ekainaren amaieran. Irailean etxera bueltatu dira inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bizi izanda.