euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak, hamargarren enpresa ikasgela jarriko du martxan

ROOM4STEEL izena izango duen ikasgela berria Siderex klusterrarekin lankidetzan abian jarri du Eskolak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/10

Hitzarmena sinatzeko ekitaldiaren une bat. Erdian, Carlos Alvarez Siderexeko presidentea eta Enrique Amezua Eskolako zuzendaria, beste partaideekin

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak bere hamargarren Enpresa Ikasgela jarriko du martxan. Arrakasta handiko eta ibilbide luzeko eredu akademikoa da, eta enpresa pribatuak eta eskolako ikasleak inplikatzen ditu I+G+B jarduerak sustatzeko lanean. Oraingo honetan, euskal industriaren historian berebiziko garrantzia izan duen sektore batean zentratuko da ekimena, siderurgian, hain zuzen ere, eta Siderex Klusterrarekin lankidetzan jarriko da martxan.
 
Bi erakundeen arteko hitzarmena gaur goizean sinatu dute Bilboko Ingeniaritza Eskolan Carlos Alvarez Siderexeko presidenteak eta Enrique Amezua Eskolako zuzendariak. ROOM4STEEL izena daraman ikasgela berria bi aldeentzat interesgarria den siderurgiaren ezagutzaren arloetan oinarrituko da, eta proiektuak eta jarduerak sustatuko ditu euskal industria-sarean pisu espezifiko handia duen sektorean.
 
Bilboko Ingeniaritza Eskolako antzeko beste ikasgela batzuekin gertatzen den bezala, ikastetxearen eta Siderex Klusterraren arteko lankidetzak, ikerketa zientifikoko edo garapen teknologikoko programak eta proiektuak, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak, irakasleen, adituen eta profesionalen trukea, graduondoko programak, esperimentu- eta ikerketa-lanak lantalde mistoen bitartez, edo gradu/master amaierako proiektuak eta doktorego-tesiak sortu ahal izango ditu, besteak beste.
 
Hitzarmenak zenbait enpresa biltzen ditu, Aceros Especiales, Aceros Inoxidables Olarra, Tubos Reunidos Industrial, Arcelormittal Basque Country Research Centre, Acería de Álava-Tubacex Taldea, Sarralle Servicios Generales, Idom Ingeniería y Consultoría eta Fives Steel Spain, besteak beste.
 
Enpresa-gelak Eskolan bertan dauden laborategi-gelak dira, eta enpresek sortu eta finantzatu dituzte, I+G+Baren arloko jarduerak sustatzeko.

Bilboko Ingeniaritza  Eskolaren (sailen bitartez) eta enpresen arteko lankidetza-tresna eraginkorrak dira, bai ikerketarekin, garapen teknologikoarekin eta berrikuntzarekin lotutako jardueretan, baita prestakuntzarekin zerikusia daukan guztian ere (etorkizuneko ingeniarien prestakuntza, enpresetako langileak birziklatzeko jarduerak eta haien etengabeko prestakuntza).

Gaur egun, Bilboko Ingeniaritza Eskolak gela hauek dauzka.

  • Velatia-Ormazabal Gela
  • Tecnalia Gela
  • ZiV Gela
  • Nortegas Gela
  • Espazio Gela
  • Aeronáutica Gela
  • Makina-Erreminta Gela
  • “CABB/BBUP” Uraren Gela
  • Zitek