euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko eskola mailako lehen "Kristalizazio Lehiaketa"-ko finala

Noiz eta non

2016/05/13 2016/05/13, 09:00 - 14:00

Deskribapena

Ostiralean, maiatzak 13, 9:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra Etorb. 3, Bilbo), Euskal Herriko eskola mailako lehen "Kristalizazio Lehiaketa"-ko finala ospatuko da, programaren hirugarren eta azken fasea dena.

Lehiaketa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko IMACRIS/MAKRISI  Kristalografia Taldeak antolatu du, Geobizirik eta Kultura Zientifikoko Katedrarekin elkarlanean, eta Bigarren Hekuntzako ikasleei zuzendua egon da. Helburua DBH eta Batxilergoko ikasleak jardun zientifikoarekin harremanetan jartzea da, beraiek direlarik protagonistak. Kristalen erakargarritasuna eta hauen prestakuntzarako zientzia-arazoak erabili dira ikasleengan metodo zientifikoaren grina pizteko.

2015-2016 lehen edizio honetan 29 ikastetxek parte hartu dute (Gipuzkoako 6, Arabako 1 eta Bizkaiko 22), guztira 1.226 ikasle egon direlarik. Ekimen hau ikasleen artean jakin-mina garatzeko eta,  kristal eder batzuk haziz, esperimentu zientifiko bat ulertzeko eta hobetzeko tresna bikaina da.

Saio honetarako ikastetxe bakoitzak hiru ikaslez osaturiko talde bat hautatuko du eta Kongresu Zientifiko formatua izango duen erakusketan beraien emaitzak aurkezten lagunduko ditu. Talde bakoitzak esperimentuetan lortutako kristalekin maketa bat osatuko du, eta formatu zientifikodun poster batean beraien lanaren helburuak, materialak, metodoak, emaitzak eta ondorioak jasoko ditu. Lan hauek 12 irakaslek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu.

Finalaren programa hauxe izango da:
• 09:00-10:00: hall nagusian akreditazioak jasotzea eta maketen muntaia Axular eta Etxepare aretoetako stand-etan
• 10:00-12:30: Epaimahaiaren bisita stand-etara lanen balorazioa egiteko
• 12:30-13:00: Stand-en desmuntaia
• 13:15-14:00: Sari-banaketa Mitxelena aretoan

Sari-banaketako mahaia hurrengoek osatuko dute: José Luis Martín González (UPV/EHUko Idazkari Nagusia), Amaia Esquisabel Alegría (Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaria), Esther Domínguez Pérez (UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoa), Juan Ignacio Pérez Iglesias (Kultura Zientifikoko Katedrako Zuzendaria) eta Fernando J. Lahoz Díaz (GE3C-ko Presidentea, Kristalografian eta Kristal-hazkuntzako Talde Espezializatua).

Irudia: Iqmanuelnavarro [CC BY-SA], via Wikimedia Commons