-
Ereño Gorria kareharria da mundu mailako ondarea osatzen duten 50 harrietako bat
-
% 92ko okupazioa UPV/EHUko graduatuen artean
-
Aurkitu dute nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren lekualdatzeak
-
Arotza, fisikaria eta jakite hutsaren atsegina
-
103 master ofizialek eta berezko 72 tituluk osatuko dute UPV/EHUren 2024-2025eko eskaintza
Tantakek, UPV/EHUko Hezkuntza Aldizkariak, 25 urte bete ditu
Lehenengo argitaratze data: 2014/03/13
Duela mende laurden bat, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasleen Unibertsitate Eskoletako eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle talde baten ekimenez, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzaren laguntzaz, Tantak Hezkuntzako Aldizkaria jaio zen. Erronka nagusia, alde batetik, izaera akademiko-zientifikoa edukiko zuen argitalpen bat abian jartzea zen, hezkuntza arloan gogoeta eta hausnarketa ahalbidetzeko; beste aldetik, UPV/EHUren barruko zein UPV/EHUz kanpoko hezkuntza-adituen artean gero eta handiagoa zen eskaera honi erantzun nahi zitzaion: hezkuntza-zientzia euskaraz egitea.
Tantak sei hilabeterik behin argitaratzen den aldizkari espezializatua da, paperez nola formatu elektronikoz. Horrek esan nahi du, beraz, dagoeneko 50 ale argitaratu direla gaurdainokoan. Hezkuntzaren maila guztietako euskal hezitzaileei bereziki eskaintzen zaie UPV/EHUk sostengatzen duen argitalpen hau, bai eta irakasleen unibertsitate eskoletako ikasleei ere. Hezkuntzako eta Pedagogiako arazo orokorrez gain, didaktika espezifikoen gaineko ikerlanak ageri dira bertan, bai eta euskararen, elebitasunaren zein eleaniztasunaren inguruko lan esanguratsuak ere.
25 urte igarota, aldizkaria aldaketa giroan dago. Alde batetik, egunerokotasunari eragiten dioten aldaketak ditugu: zuzendaritza berritu da eta, horrekin batera, aldizkariaren kudeaketa Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolara pasa da. Beste aldetik, aldizkariaren kalitate parametroei eragiten dieten aldaketak ditugu: "Europako Unibertsitate Esparruak molde berriak ekarri ditu eta, alde horretatik, aldizkariaren inpaktu-faktorea hobetzeko neurriak sartzea da aldizkaria egiten dugunon kezka eta ardura" adierazi du Igor Caminok, Tantak aldizkariko zuzendariak.
Jakina denez, ez dira gehiegi 25 urte betetzen dituzten aldizkariak. Hori dela eta, Tantak Hezkuntza aldizkariaren 50. alea aurkeztu bidenabar, hainbat ikertzailek eta irakaslek urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko eta orain arteko bide emankorra ospatzeko.