definizioa_eta_helburuak

Definizioa eta helburuak

Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeak (MLV) mota, leku eta garai guztietako euskal lekukotasunak bilatzen, editatzen eta aztertzen ditu, lekukotasun horietatik abiatuta euskararen historia azaltzeko eta historiaurrea berreraikitzeko asmoz, betiere Mitxelenaren ondoko aipua gogoan:

...historiaurrea, zuzenean ezagutzen ez dugunari buruz egiten ditugun hipotesien aldamio gutxi-asko egongaitza, historiaren oinarriaren gainean bakarrik sostenga daiteke, hizkuntzaren egoera dokumentatuen gainean, eta historiaren arabera bakarrik existitzen da, zeren eta praktikan historiaurrearen balioa egoera haiek argitzeko daukan gaitasunaren araberakoa baita. Historiaurrean lasaitasunez aritzeko, beraz, eskura ditugun datuak ahalik eta gehiena ezagutzen ahalegindu behar gara, datu bakar bat ere bazter utzi gabe eta datuak aurkitzeko eta egiaztatzeko eginahalak eginaz (Lenguas y protolenguas, 1963).

MLV 2002. urtean sortu zen, zenbait hamarkada lehenago Koldo Mitxelenaren ikerketa-taldetik zetozen ikertzaile helduak eta horrelako iker-ildoetan zebiltzan ikertzailegai gazteagoak batu eta elkarlanean ipintzeko asmoz. Harrezkero partaide berriak ere erantsi zaizkio eta bere jardunak etengabe izan du Espainiako Ministeritzaren, Eusko Jaurlaritzaren edota UPV/EHUren laguntza.

MLV Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailari dago atxikia, UPV/EHUko beste sail batzuetako kideak ere izan arren, Ikasketa Klasikoetakoak bereziki. Ikerketaz gainera, heziketaz ere arduratzen da UPV/EHUko master eta doktorego programak sortzen eta garatzen lagunduaz. Une honetan 17 doktorek eta 3 doktoregaik osatzen dugu.

2016ko abenduaren 30etik abian dugu "Monumenta Linguae Vasconum 5: periodizazioa eta kronologia" ikerketa-proiektua (MLV5, 2017-2020), MINECOk finantzatua (FFI2016-76032-P). Hurrengo lau urteetan, beraz, nagusiki euskararen historiaren periodizazioa sendotzera eta hizkuntz aldaketen kronologia lantzera bideratuko ditugu ikertaldearen ahaleginak, gure bereizgarri diren gainerako jarduerak alde batera utzi gabe bada ere.