Gregorio Marañón, el médico y el hombre
Data: Osteguna, 2018ko urtarrilaren 18an
Laburpena
Gregorio Marañón medikua, humanista eta liberala izan zen, eta funtsezko zeregina bete zuen bere garaiko klinikaren eta ikerketaren esparruan. Aitzindaria izan zen Espainiako endokrinologiaren sorreran, eta izugarri zabaldu ziren gaixotasun infekziosoen kontrako haren ikerlanak. Lanean hamar urte eman ondoren, 1922 aldera, Alfontso XIII.arekin Hurdesera bidaiatu zuenean, haren izena aski zabaldua zegoen nazioartean, zientzia klinikoari egin zizkion ekarpenak zirela medio: sindrome poliglandularraren deskribapena, gutxiegitasun suprarrenalari eta fisiopatologia tiroideo, hipofisario eta hipotalamikoari buruzko lanak, adin kritikoaren kontzeptua, eta diabetesaren edota A-B-D sindromearen aurreko emozioari eta egoerei buruzko ekarpenak, besteak beste. Endokrinologiako tratatuetan, «Marañónen zantzu» izendatzen dira esku hipogenitala (1928) eta orbain gorri tiroideoa (1922).
Orduan hartu zuen bere lanbidea herrikideenganako konpromiso etiko gisa, eta esfera publikoan sartu zen; bada, funtsezko zeregina bete zuen bere sasoiko Espainiako historiaren gertaera erabakigarri batzuetan (1920-1960).
Historiak mediku humanista gisa gogoratuko du Marañón; hark zioenez, ez dago gaixotasunik, gaixoak baizik, eta kasu bakoitza pertsonalki aztertu behar da medikuntzak planteatzen dituen erronka etikoei aurre egiteko. Hala, historiako mediku gutxik bezalako eragin soziala izanik, bere garaiarekin konprometitutako medikuen eredu bilakatu da Marañón.
Hizlaria
Antonio López Vega Historia Garaikideko irakaslea da Madrilgo Complutense Unibertsitatean (UCM). Lizentziaturako sari berezia lortu eta doktoregoa atera zuen UCMn. Gregorio Marañón Fundazioko zuzendaria izan zen harik eta Ortega y Gasset Fundazioarekin bat egin zuen arte; han, Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuko zuzendariorde izan zen 2011tik 2014ra bitartean. Gaur egun, Ortega-Marañón Fundazioaren Giza eta Osasun Zientzien Gregorio Marañón Institutua zuzentzen du.
Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle izan da, baita Oxfordeko Unibertsitateko St. Antony's Collegeko Visiting Scholar ere, Senior Member Associated kategoriarekin; han, bere azken liburua landu zuen: “1914: El año que cambió la historia”.
Nabarmentzekoa da, halaber, López Vegak Espainiako medikuntzari, intelektualei eta liberalismoari buruz ikertu duela. Argitalpenen artean, aipatzekoak dira “Epistolario inédito: Marañón Unamuno Ortega” (2008) lanaren edizio kritikoa eta “Gregorio Marañón. Radiografía de un liberal” (2011) biografia. Azken horrek eragin handia izan zuen bitarteko akademikoetan; kritikari adituek lana goraipatu zuten, eta El Cultural-ek urteko libururik onena izendatu zuen. Era berean, Madrilgo Erkidegoko Giza Zientzien “Julián Marías” saria eman zioten bere ikerketa ibilbideagatik, 2012an.
Besteak beste, Peruko Historia Elkarteko kide laguntzailea eta Madrilgo eta Gaztela-Mantxako Pediatria Elkarteko ohorezko kidea da.
Ezagutzaren transferentzian egindako lan ona dela eta, 2010ean Madrilgo Biblioteka Nazionalean jarritako "Gregorio Marañón (1887-1960).Médico, humanista y liberal” erakusketak bisitari andana jaso zuen, eta hedabideetan ere oihartzun handia izan zuen; López Vega, hain zuzen, erakusketako komisario nagusia izan zen.
Horrez gain, komisario lanak egin zituen AC/E-k eta Biblioteka Nazionalak mendeurrenaren harira 2014an antolatu zuten “La generación del 14. Ciencia y Modernidad” erakusketan.