Masterraren Gakoak
Zientzia eta teknologia espaziala giza jakintzaren abangoardian dagoen arloetako bat da, eta gaur egungo motor garrantzitsuenetako bat herrialde aurreratuenetako garapen ekonomiko, industrial, teknologiko eta zientifikorako. Espazioarekin eta astronomia zein astrofisikarekin lotutako arloen dinamismo handia dela tarteko, zinez garrantzitsua da profesionalak edukitzea, eta ez soilik punta-puntako ezagutzan trebatutakoak, baizik eta baita diziplina anitzeko lantaldeetan jarduteko trebetasuna baduten eta eguneratzeko gaitasuna baduten profesionalak edukitzea ere.
Zientzia eta Teknologia Espaziala Unibertsitate Masterrean, beraz, aukera izango duzu espazioko zientzien ikerketako eta arlo horretako berrikuntza teknologikoko sektore ugari ezagutzeko. Besteak beste, honako hauek ikasiko dituzu: espazioa ikertzeko beharrezkoak diren elementu guztiak (esaterako, plataformak eta espazio ontziak, teleskopioak eta era guztietako irrati-teleskopioak), bai eta komunikazioaren arloko aplikazio ugari ere.
Era berean, hainbat elementuren garapenean oinarritutako prestakuntza jasoko duzu; hala nola propultsiozko elementuak, koheteak eta anezkak, eta ibilgailu eskifaiadunak, eta bereziki garrantzitsuak izango dira espazio estazioetan grabitaterik gabeko baldintzetan egiten diren esperimentuak. Zientzia gogoko baduzu, berriz, espazioaren oinarrizko ikerketen arloko irakasgaiak aukeratu ahal izango dituzu. Europako Espazio Agentziaren sailkapenaren arabera, hiru sektoretan banatuta dago: Eguzki Sistema, Astronomia eta Astrofisika, eta Oinarrizko Fisika.
Masterra, hain zuzen, gai zientifiko-teknikoetan graduatutako pertsonei zuzendutakoa da (Ingeniaritzak, Fisika, Kimika, etab.), eta pertsonaliza daitezkeen bi prestakuntza ibilbide eskaintzen ditu: espazioko zientziak eta teknologia espaziala. Programan sektoreko eta Europako Espazio Agentziako enpresa ugarik parte hartzen dute, eta praktikak egin behar dira ikasteko laborategi espezializatuetan eta Espazio Gelako behatoki astronomiko eta eguzki behatokian.
Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterrak zuzeneko sarbidea dauka UPV/EHUko Fisikako doktorego programara eta ingeniaritzen arloko beste doktorego programa batzuetara. Gainera, master honi esker, nazioko zein nazioarteko beste unibertsitate batzuetako doktorego programak egin ahal izango dira.