Masterraren Gakoak
Historian zehar, buztina eta zeramika sorkuntza bide bihurtu dira, dituzten ezaugarrien ondorioz, eta presentzia nabarmena lortu dute Arte Ederretan. Ez dugu ahaztu behar industrian duten garrantzia; izan ere, tradizio sendoa izan dute testuinguru horretan ere, eta etengabe esperimentatu da horien inguruan, prozedura eta teknologia berriak sortzeko.
Zeramikaren bilakaera etengabekoa izan da, eta, hortaz, hainbat arte, arkitektura eta diseinu lengoaiatan izan du eragina. Hori dela eta, nazioarteko artista ezagun ugarik erabili dute zeramika beren proposamen berritzaileenak egiteko.
Zeramika: Artea eta Funtzioa masterrean, zeramikaren teoriari eta praktikari buruzko espezializazioa lortuko da. Arte adierazpen garaikide guztiak hartuko dira kontuan, baina bereziki eskultura, hori baita erreferente nabarmenena.
Prestakuntza programan, artearen eta diseinuaren arteko harremana jorratuko da, eta, horretarako, hala eskultura proiektu zeramikoen analisia eta sorkuntza nola diseinu zeramikoaren sorkuntza uztartuko dira, zeramikarekin eta arte garaikidearekin lotutako pentsamendu, pertzepzio, komunikazio eta estetika gaitasunak garatuz.
Horrek guztiak izaera erabat profesionala ematen dio masterrari, eta, gainera, ikerketan aritzeko aukera ematen du, Ikerketa eta Sormena Artean Doktorego Programarako sarbide zuzena baita.