Masterraren gakoak
Master honi esker Merkataritza-nabigazioko makinabururako lanbide arautua eskura daiteke, eta hori da gradu profesional hori lortzeko aukera bakarra.
Programaren helburua da ikasleei beharrezko prestakuntza zientifiko-teoriko eta metodologikoa ematea, instalazio energetikoaren, propultsio-instalazioen eta bestelako itsas-sistemen operazio, mantentze-lan, konponketa, optimizazio, kalkulu eta kudeaketarekin lotutako jarduerak garatzeko.
Prestakuntza diziplina anitzekoa da, eta alderdi teknikoak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta itsas-segurtasunekoak jorratzen ditu. Horri esker itsas-industrietan eta lur-industrietan lan egin daiteke eta, hala, lan-merkatuko beste alor batzuetan txertatzea errazten du, itsas-administrazio zentral eta autonomikoetan, irakaskuntzan, ontzi-ikuskaritzan, ontzi-enpresetan edo ontzioletan, esaterako.
Masterrarekin Ingeniaritza Nautikoa, Itsas Ingeniaritza eta Itsasontzi Erradioelektronikako Doktorego Programa egin daiteke. Programa hori nazioko unibertsitate artekoa da, Kantabriako Unibertsitatearen ardurapean eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren, La Lagunako Unibertsitatearen eta Oviedoko Unibertsitatearen parte-hartzea du.