ELKARRIZKETA ZIENTZIALARI BATEKIN- BIDEO LEHIAKETA, 23-24 ikasturtea
Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da. Emakumeek egindako zientzia agerian jarri nahian Ibaetako campusean antolatuko diren jardunaldien baitan, UPV/EHUko Kimikako Fakultateak Lehen Hezkuntzako azken ikasturteko ikasleei zuzenduriko lehiaketa bat antolatuko du. Parte-hartzaileek, taldeka, bideo bat sortu beharko dute, Fakultateko edo inguruko ikerketa-zentro bateko zientzialari bati elkarrizketa gai hartuta. Bideo irabazleak Fakultateko web-orrian eskegiko dira. Esteka honetan ikus ditzakezue aurreko lehiaketako bideoak: https://youtu.be/ZwpUdirmaHs eta https://www.youtube.com/watch?v=NtXGn2fjLB4.
- Helburua: Zientzia bada nesken kontua
- Parte hartzeko, ikastetxeek eskaera-inprimakia bete beharko dute (https://forms.gle/6bsD8kB1saE4mZFD7 ) urriaren 15a baino lehen.
- Taldeak, gutxienez, 2 ikaslek osatuak izango dira (gehienezkorik gabe), eta talde bakoitzak bere izena izango du.
- Elkarrizketak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez egin ahal izango dira.
- Urriko azken astean zehar emango zaie ikastetxeei eskaeren onarpenen berri. Era berean, elkarrizketa grabatzeko data eta lekua (talde lehiakideak aukeratu beharrekoa) adostu dezaten, elkarrizketatu beharko duten irakasle/ikertzailearekin harremanetan jartzeko datuak ere helaraziko zaizkie, beharko duten gainerako informazioarekin batera. Eskaerak izen-emate ordenaren arabera onartuko dira, eta, hasiera batean, ikastetxe bakoitzetik talde bana aukeratuz.
- Bideoak bidaltzeko muga-eguna abenduaren 15a izango da.
- Lehiaketaren ebazpen-data urtarrilaren 15a izango da. E-mail bidez emango zaie haren berri parte hartu duten ikastetxeei.
- Otsailean zehar bideo saridunen emanaldi publikoa egingo da Ibaetako campusean (data aurrerago zehaztuko da).