HEFA Kalitate Politika 2023-2025

HEFA Fakultatearen Kalitate Politika 2023-2025

Fakultateko Batzarrak onartua (2023/10/24)
 

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) Fakultateak hurrengo bi urteetan inplementatu nahi duen Kalitate Politika zehaztuko dugu dokumentu honetan. Zehatzago esateko, HEFA Fakultateak, bere eskura dituen eskumenen eta baliabideen arabera, kalitatearen, hobekuntzaren eta berrikuntzaren kudeaketan lortu nahi lukeen horri buruz duen ikuspegia eta konpromisoa azalduko ditugu. Dekanotza Taldeak diseinatutako Kalitate Politika da, hasiera batean, baina, ondoren, HEFA Fakultateko Kalitate Batzordeak eta Fakultateko Batzarrak onartu zuen, 2023ko urriaren 18an eta 2023ko urriaren 24ean, hurrenez hurren.

Unibertsitate ikasketak Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuaren testuinguruan, UPV/EHUren Estatutuak  eta Plan Estrategikoa 2022-2025 dokumentuen irizpideekin eta ENQA (European Association for Quality Assurance in Higher Education) erakundearen Standards and guidelines for Quality Assurance in the European Higher Education Area (ESG) dokumentu markoarekin bat eginik, adierazi nahi du hemen HEFA Fakultateak kalitatearen kudeaketarekin duen konpromisoa. Zehazki, honako zehaztapen hauetatik abiatzen da:

UPV/EHUren Estatutuen 1. artikulua:

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) zuzenbide publikoko erakundea da, gizartearen zerbitzura dagoena. Erakunde autonomiaduna da, nortasun eta ahalmen juridikoak dauzkana, bai eta ondare propioa ere. Goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, bere eskumenen eremuan, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren kudeaketa prozesuak eta zerbitzuak. UPV/EHUk bere gain hartzen du zerbitzu horien kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko konpromisoa. Bestalde, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko eta kulturalek ekarritakoei ere. Kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza ere zabalduko du gizartean, eta euskara eta euskal kultura bultzatuko ditu bereziki. Era berean, ekonomia, gizarte eta ingurugiroaren jasangarritasunerako irizpideei jarraiki eramango ditu aurrera eguneroko zereginak.

...