HEFA Fakultateko GRADUAK

Asset Publisher

Filosofiako mintegi irekia. Irati Zubia (ILCLI - UPV) : Hitzontzikeriaren analisi bat epistemologia feministaren argitan. Zergatik ezin dugun denok tontakeria bat esan eta ez arduratu

Datorren ostegunean, maiatzaren 9an, Irati Zubia (ILCLI - EHU) izango dugu filosofia mintegi irekian, honako hitzaldiarekin: "Hitzontzikeriaren analisi bat epistemologia feministaren argitan. Zergatik ezin dugun denok tontakeria bat esan eta ez arduratu". Eguerdiko ordubatean bilduko gara, Batzar Aretoan, eta saioa euskaraz izango da.

HITZONTZIKERIAREN ANALISI BAT EPISTEMOLOGIA FEMINISTAREN ARGITAN
Zergatik ezin dugun denok tontakeria bat esan eta ez arduratu 
Irati Zubia (ILCLI - EHU)

Azken urteetan luze eztabaidatu badute ere, filosofoek oraindik ez dute hitzontzikeriaren inguruko adostasunik erdietsi. Nire proposamena da arreta diskurtsoan baino, hiztunean (hitzontzian) jarriko bagenu, kontua nabarmen argituko litzatekeela. Horretarako, epistemologia feministan oinarritutako analisi bat aurkeztuko dut. Oro har, hitzontzikeria egiarekiko indiferente den diskurtsotzat jo ohi da, eta hala gezurretik bereizi. Alegia, hitzontzia da egiaz arduratu gabe hitz egiten duen hori. Hainbat adibideren bidez, azalduko dut joera axolagabe hori ez zaiola edonori berdin baimentzen: faktore erabakigarriak dira, besteak beste, hiztuna nor den eta entzuleekiko zein harreman duen. Horrela, hitzontzikeriaren dinamika batzuk injustizia epistemikoetatik oso gertu daudela ere erakutsiko dut. Ondorioa bikoitza izango da: batetik, hitzontzikeriaren azterketan ere, hiztunaren identitatea eta testuinguru soziala aintzat hartu beharreko faktoreak direla; bestetik, oro har hizkuntzaren filosofian epistemologia feministaren ekarpenak integratzeko premia dagoela. Hiztunez ari garenean, inportantea da horiek beren testuinguru sozialean kokatzea, gure elkarrizketak ez baitira gizarte mailako dinamikekiko inpermeableak.