Filosofiako mintegi irekia. Agustin Arrieta Urtizberea (EHU). Liburu aurkezpena: Bidez bide hausnarrean
Date
09/11/2023
Ostegunean, azaroaren 9an, liburu aurkezpen bat izango dugu filosofia mintegi irekian. Agustin Arrietak (EHU) aurten argitaratu duen Bidez bide hausnarrean liburua aurkeztuko digu, Laida Arbizu, Maddi Nazabal eta Jon Umerezen parte-hartzearekin. Saioa eguerdiko ordubatean izango da, Fakultateko Batzar Aretoan, eta euskaraz izango da.
Liburu-aurkezpena: Bidez bide hausnarrean
Agustin Arrieta Urtizberea (EHU)
Bidez bide hausnarrean liburuan hiru zati edo atal bereiz daitezke. Lehenengoan, zenbait auzi filosofiko jorratzen dira. Fokupean jartzen dira, besteak beste, zenbait artelanen edo fikzio-lanen ustezko izaera immorala, narrazio historikoen izaera, jarrera negazionistaren eta kritikoaren arteko harremana edo gizarte-aldaketei begira filosofian egin diren proposamen zehatz batzuen arteko eztabaida (Rousseau-Hume eztabaida). Gai horietako batzuei lehenengo hurbilketa bat egin zien egileak Gogoeta-bide irekiak edo Zientziaren argi-itzalak liburuetan.
Bigarren zatian, egileak aurkezten ditu, filosofiarako sarrera bati begira, pentsamendu feministak egin dituen zenbait ekarpen. Besteak beste, lekukotasunari, metafisikari, ezagutzaren teoriari, zientziaren edo artearen filosofiari egindako zenbait ekarpen jorratzen dira. Estereotipoen epistemologia, metafisika eta etikaren inguruko kezkak ere aztertzen dira. Egilearen iritzian, bigarren zati hau berak idatzitako Filosofiarako sarrera bat eta Zertaz dihardu filosofiak? liburuak osatzera dator.
Azkenik, hirugarren zatian, egilearengan eragina izan duten egile batzuen ideiak eta pentsamendua aurkezten ditu. David Hume, Bertrand Russell eta Susan Haack izango dira zati horretako protagonista nagusiak.
Liburuko izenburuak gogora ekartzen du bertan agertzen diren ideia asko, literalki, ibilian piztu edo landu direla.