euskaraespañol

Minbiziaren aurkako borroka unibertsitatean ere egiten da

‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketak hamabi talderen lana bistaratuko du Bizkaia Aretoan otsailaren 3an eta 4an

  • News

First publication date: 02/02/2023

‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketako hamabi taldeen argazkiak biltzen dituen panelaren zatia. | Photo: UPV/EHU

Larunbat honetan, otsailaren 4an, Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Gaur egun gaixotasun horren mota ezberdinek 10 milioi heriotza eragiten dituzte, adituen kalkuluen arabera, 2030an 13milioi izango dira. Beraz, ezinbestekoa da ikerketa onkologikoa bultzatzen jarraitzea, gaixotasunaren progresioa geldiarazteko eta kaltetutako pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko faktore gisa. 

Eta ikusaraztea kontzientziatzeko ezinbestekoa denez, Euskal Herriko Unibertsitateak ‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketa prestatu du. Jarduera hori G9 Unibertsitate Taldeak, Ikertzaileen Gaueko G9Missions proiektuaren barruan, abian jarri duen sentsibilizazio kanpainaren barruan kokatzen da, minbiziaren aurkako borrokan ikerkuntzak duen garrantzia aldarrikatzeko. 

“Minbiziaren aurkako borrokaren erronka nagusietako bat mugako ikerketa bat egitea da onkologian. Ezagutza berria sortzera bideratuta dagoen ikerketa, minbizia goiz diagnostikatzeko tresna berriak eta ikuspegi terapeutiko eraginkor eta pertsonalizatuagoak garatzea ahalbidetuko duena. Gainera, aurrerapenak holistikoak izan behar dira, gaixotasun horiek dituen pertsona bakoitzak ahalik eta bizi-kalitate onena izan dezan, azaldu du Guillemo Quindosek, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak. 

Horretan dabiltza ‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketaren protagonistak diren Euskal Herriko Unibertsitateko hamabi ikerketa-taldeak, otsailaren 3an eta 4an ikusgai Bizkaia Aretoan. Talde horietako bakoitzak panel bat du, eta, irudi eta testu errazak konbinatzen dituzten infografien bidez, minbiziari buruzko ikerketen prozesu konplexuak azaltzen eta bistaratzen dira. 

Talde horiek UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Farmazia Fakultatean eta UPV/EHUko Psikologia Fakultatean egiten dituzten ikerketa-lanak askotarikoak dira, bai lantzen duten minbiziagatik, bai erabiltzen duten ikuspegiagatik. 

Hala, Magnetismo eta Material Magnetikoen Taldeak (GMMM) bakterio magnetotaktikoen erabilera eta minbiziaren tratamenduan duten aplikazioa aztertzen ditu; Minbiziaren Biologia Molekularrak tumore-zelulen eraldaketa-, ugaltze-, inbasio- eta kimioterapiarekiko erresistentzia-prozesuetan laguntzen duten mekanismo molekularrak ikertzen ditu; UPV/EHUko Microfluidics Cluster minbizia eta psikobiologia aztertzeko gailu mikrofluidikoak garatzen ari da. UPV/EHUko Psikobiologia taldeak erresilientziako eta/edo tumore-prozesuko zaurgarritasuneko faktore psikobiologikoak aztertzen ditu. 

Zenbait talde daude minbizi-mota jakin batzuetan espezializatuta. Gibeleko minbizian hiruk egiten dute lan: Signaling Lan-Minbizi Taldeak nanopartikula bat garatu du gibeleko metastasiari aurre egiteko. Lipids & Liver gibeleko tumoreei lotutako ibilbide metabolikoetako aldaketak identifikatzen saiatzen da; Gaixotasun gastrointestinalak eta hepatikoak taldearen helburua, berriz, metodo diagnostiko berriak eta ikuspegi terapeutikoak bilatzea da, baita behazun-minbizirako ere, besteak beste. 

Markatzaile kliniko-patologikoen eta molekularren azterketa ahoko eta aurpegi-masailetako patologian taldea analisi kliniko, histologiko eta molekularrean oinarritzen da ahozko minbizia goiz diagnostikatzeko. Gaixotasun Konplexuetako Genetika eta Epigenetika Taldeak leuzemia eta linfomen eta meduloblastomen profil genetiko eta epigenetikoa aztertzen du. Seinaleztapen Zelularra eta Metabolismo Lipidikoa Taldea biriketako minbiziaren azpian dauden mekanismoak ikertzen ari da, terapia eraginkorrak diseinatzeko; Cancer & Translational Medicine-k melanomaren diagnostikoan eta pronostikoan tresna erabilgarria garatu du; eta, azkenik, Cancer Transcription & Cell Comunication Lab-ek estrategia terapeutikoak bilatzen ditu prostatako tumoreak tratatzeko. 

Aingeru Genaut Arratibel eta Sara Loiti Rodriguez UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek diseinatu dituzte infografiak. “Zientzian gizarteari transferitzea erronka handia da, bai zientzialarientzat bai komunikazioan diharduten profesionalentzat. Bi aldeen konpromisoa ez ezik, elkarrekiko konfiantzako botoa ere eskatzen du, batzuek gehiago begiratzen dutelako -eta arrazoia dute- zer esan behar den, eta besteek —arrazoia ere dute— nola eta, batez ere, nori ari zaion kontatzen”, nabarmendu du Genaut-ek. Erakusketak minbiziaren Ikerketa ikusteko eta ulertzeko leiho berri bat ireki du. 

 

‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketa
Bizkaia Aretoa (Abandoibarra 3, Bilbo)
Otsailak 3 eta 4
Ordutegia: 8:00-20:00
Sarrera librea