euskaraespañol

CRUEren komunikatua Gazako zerrendaren egoera salatzeko

First publication date: 10/05/2024

Image
Errektoreen Konferentziaren (CRUE) Zuzendaritza Batzordea

2024ko maiatzaren 9an bildu da Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren (CRUE) Zuzendaritza Batzordea, eta Gazako zerrendan gertatzen ari den sarraskia publikoki arbuiatzea erabaki du.

Espainiako unibertsitateek behin baino gehiagotan adierazi eta berretsi dute konpromiso irmoa dutela bakearekin, bizikidetzarekin eta justiziarekin, baita nazioarteko zuzenbide humanitarioaren defentsarekin ere. Horrek, ordea, ez du baztertzen gatazka larriagotzeak eragiten dion atsekabea eta, ondorioz, Palestinako biztanleak jasaten ari diren ondorio larriak salatzeko beharra sentitu dute.

Bat egiten dugu, hortaz, gure campusetako kideen aldarrikapenarekin, behar-beharrezkoa baita gero eta larriagoa den indarkeri hori eteteko neurriak hartzea.

Ondorioz, honako hau eskatzen dugu:

  • Israeleko armadaren operazioak eta ekintza terrorista oro berehala eta behin betiko etetea, eta Hamasek bahitutako pertsonak aske uztea.
  • Israelgo estatuak nazioarteko zuzenbidea betetzea eta Gazan laguntza humanitarioa sar dadin ahalbidetzea, jendarte zibilaren larrialdi egoerari erantzun ahal izateko. Halaber, nazioarteko instantziek beharrezkoak diren neurriak har ditzaten ere eskatzen dugu, lurralde palestinarra lehenbailehen berreraiki eta lehengoratu ahal izateko.

Bide horretan, honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Bakearen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa betetzearen aldeko konpromisorik agertu ez duten unibertsitate eta ikerguneekin dugun harremana berrikustea eta, hala badagokio, lankidetza hitzarmenak bertan behera uztea.
  • Palestinako zientzia sistemarekin eta goi mailako hezkuntzarekin elkarlana indartzea, eta lankidetza eta boluntariotza programak areagotzea, baita errefuxiatuei arreta emateko programak indartzea ere.
  • Adierazpen askatasuna baliatuta unibertsitateetan antisemitismo edo islamofobia agerpenik egon ez dadin zaintzea (biak ala biak dira gaitzesgarriak), eta bestelako gorroto jokabideak ere saihestea.