TITULUAREN GAKOAK
Esperientzia traumatikoen biktimen gaia gutxi landu da orain arte irakaskuntzan, eta beharrezkoa da gaiari diziplina anitzeko ikuspegi batetik ekitea. Graduondoko honek hutsune hori bete nahi du, prestakuntza profesional eta praktiko batetik. Titulua egituratzean, aintzat hartu da Esperientzia Traumatikoetako Biktimekin Lan Egitea aurrez aurreko espezializazio graduondokoaren hamar urtetik gorako garapena (UPV/EHU), eta Europako araudia estatuko legedira ekartzen duen apirilaren 27ko 4/2015 Legeak, Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzkoak, planteatzen dituen eskakizun profesionalak.
Helburua da biktimen arretan trebatzea, ikuspegi integratzaile batetik, aintzat harturik gertakari mota eta biktimen ezaugarri indibidual eta sozialak. Horretarako, kontzeptu eta tresna biktimologikoak erabiltzeko gaitasuna eskuratu behar da, haien potentzialtasunak garatzeko jardun profesionalaren alor guztietan.
Erakunde laguntzaileak: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritza)