euskaraespañol

Eguneko irudia

103 master ofizialek eta berezko 72 tituluk osatuko dute UPV/EHUren 2024-2025eko eskaintza

Euskal unibertsitate publikoak graduondokoen eskaintza handitu du: master bat, berezko 18 titulu eta titulazio ugaritan euskarazko talde berriak atera ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/08

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 2024-2025 ikasturterako graduondokoen eskaintza berritu du masterren kategorian eta berezko tituluenean. Guztira, bi kategoria horietan, 5.622 plaza baino gehiago eskainiko ditu.

Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak orain gutxi azaldu duenez, eskaintzak izaera dinamikoa eta malgua du: “gradu tituluez harago joanda, UPV/EHUren graduondokoek ikerketa zein lanbide arloko beharren aukera zabalari erantzuten diote. Gainera, gure unibertsitatean ohikoa den moduan, ezagutza arlo guztiak biltzen dituzte. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da eskaintza etengabe berritzea. Ikasturte bakoitzean egokitzen dugu eskaintza hori eta, gainera, nazioarteko ikasleen arabera ere moldatzen dugu. Horregatik, euskarak, gaztelaniak eta ingelesak graduondokoen kategoria ugarietan presentzia sendoa eta anitza dutela esan dezakegu”.

Datorren ikasturtera begira, Euskal Herriko Unibertsitateak 103 master ofizial eskainiko ditu. Horietako 11k eskumen profesionalak biltzen dituzte (gaitasun masterrak edo araututako lanbide baterako gaitasuna ematen dutenak dira), 9k Erasmus Mundus kategoria dute (nazioartean prestigio handia duten masterrak dira, hiru herrialdetako gutxienez hiru erakundek eta mundu akademikoko eta ez-akademikoko bazkideek batera eman eta diseinatutakoak) eta 22 unibertsitatearteko masterrak dira (titulazio horretan, unibertsitate bat baino gehiago egoten da sartuta, ikasketa plan berbera dute eta unibertsitate bakoitzak ikasgai kopuru jakin bat ematen du).

Hurrengo ikasturterako masterren eskaintzari dagokionez, berritasun gisa, azpimarratu beharrekoa da titulazio berri bat egongo dela: Industriara Bideratutako Adimen Artifiziala eta Ordenagailu bidezko Ingeniaritza Masterra, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan eskainiko dena. Horrez gain, nabarmendu beharrekoa da ikasturte honetatik aurrera, Abokatutza Masterrean euskarazko talde bat sendotu eta bertan aurrez izena emandako ikasleen kopurua handitu egin dela.

Bestalde, berezko tituluen eskaintzari dagokionez, 18 berri sortu dituzte. Horien artean, honako hauek dira azpimarratzekoak: Enpresa Abokatutza; Entsegu Klinikoen Monitorizazioa; Mikroelektronika; Suizidioaren Prebentzioa Ingurune Soziokomunitarioetan; Frantses Ikasketak; Euskara eta Digitalitatea; Aeronautikako Teknologiak; Aho Kirurgia, Aho Medikuntza eta Inplantologia eta abar. Bi kategoria horietarako eskaintza osoa Euskadiko unibertsitate publikoaren webgune ofizialean dago ikusgai: https://www.ehu.eus/es/web/masterrak-eta-graduondokoak.

Horien arteko alde nagusia da unibertsitate masterrak akreditazio prozesu baten mende dauden berezko tituluak direla. Horrenbestez, Estatu osoan eta Europako Unibertsitate Eremuko (EUE) herrialdeetan baliozkoak diren tituluak dira. Unibertsitate masterrek izaera espezializatuko prestakuntza aurreratua eskaintzen dute. Gradu ikasketen ondoren irteera profesional ona lortzeko edo gero doktoregoarekin aurrera jarraituko duen ikerkuntza ibilbidea hasteko beharrezkoak izaten dira.

Bestalde, berezko tituluak unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketa espezializatuak dira. Malgutasunez egokitzen dira gizartearen eskaeretara, eta profesionalaren prestakuntza espezifikoa eguneratzen, haien ezagutzak berritzen eta haien ibilbidea orientatzen dute.