euskaraespañol

Eguneko irudia

Nekane Balluerka, Chevalier de l'Ordre des Palmes académiques izendatua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/25

Nekane Balluerka eta Yann Battefort Frantziak Bilbon duen kontsul nagusia. Argazkia: UPV/EHU

Nekane Balluerka, Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko aurreko errektorea, Chevalier de l 'Ordre des Palmes académiques izendatu dute. M. Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ministroak, Yann Battefort Frantziak Bilbon duen kontsul nagusiak proposatuta, sari hori ematen dio "Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko unibertsitate-lankidetzaren arrakastan izan duen inplikazio pertsonalagatik eta zeregin erabakigarriagatik".

"Ohoretzat eta pribilegiotzat jotzen dut Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren izendapen ospetsu hau jasotzeko proposamena egin izana, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Battefort jaunari. Izendapen horrek, aitorpen pertsonala baino gehiago, talde-lana aintzatestea dakar, karguan nire aurretik egon diren pertsonen eta haien taldeen lana, Euskampus Fundazioarena, nire taldearena eta, batez ere, unibertsitate-komunitate batena, unibertsitatearen bikaintasunean eta Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzian irmoki sinetsi baitu ", azpimarratu du Balluerka irakasleak.

Battefort kontsulak ekitaldian honako hau adierazi du: "Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak Nekane Balluerkak eta UPV/EHUk Bordeleko Unibertsitatearekin mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzan egindako rolla aitortu nahi izan du. UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak sortutako mugaz gaindiko campusa eredu erakargarria da ikasle eta ikertzaileentzat, eta etorkizuneko enpleguak sortzen laguntzen du. Bai Frantziak Espainian duen enbaxadorearentzat bai niretzat ohore bat da domina hori Balluerka andreari ematea, M. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren izenean ".

Gaur goizean, kontsul nagusia Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara joan da Nekane Balluerka irakasleari diploma eta domina ematera, baita Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin eta Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordearekin bilera labur bat egitera ere.