euskaraespañol

Image of the day

Ana González-Pinto eta María Puy Portillo, zuzendari zientifiko berriak CIBERen

Hurrenez hurren, Osasun Mentalaren eta Obesitate eta Nutrizioaren arloak zuzenduko dituzte

  • News

First publication date: 22/06/2023

Ana González-Pinto eta María Puy Portillo
Ana González-Pinto eta María Puy Portillo | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroak (CIBER, gaztelaniazko siglen arabera) bere 13 eremuetako lautako zuzendaritza zientifikoak berritu ditu. Horietako bi Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek zuzenduko dituzte: Ana González-Pinto, Osasun Mentaleko CIBER (CIBERSAM), eta María Puy Portillo, Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia arloko CIBER (CIBEROBN).

Ana González-Pinto Arrillaga, CIBEReko Osasun Mentalaren arloko zuzendari zientifikoa

González-Pinto Arrillaga doktorea Euskal Herriko Unibertsitateko Psikiatriako katedraduna da. Plaza Arabako Unibertsitate Ospitaleko (ESI Araba) Psikiatria Zerbitzuko buruari lotuta dago. CIBERSAMeko ikertzaile nagusia da, eta kalitate-arduraduna eta nahasmendu bipolarraren arloko arduraduna izan da. Era berean, Bioaraba Institutuko neurozientzien arloa zuzentzen du.

Nazio eta nazioarteko ikerketa-proiektu ugari zuzendu ditu, eta eragin handiko nazioarteko 300 artikulu baino gehiago idatzi ditu. Nahasmendu bipolarrean, lehen gertakari psikotikoetan, hanturan, suizidioan eta kanabisean egindako ikerketengatik nabarmendu da.

Gaur egun, gaixotasun mentalaren prebentzioan ere lan egiten du, eskoletan prestakuntza emanez, Upright proiektu europarraren bidez. Gaixotasun mentalari buruzko ezagutza zabaltzeko lanak egiten ditu prentsan, sare sozialetan eta liburuen argitalpenean. Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Medikuen Elkargoaren Ikerketa Saria 2013an eta Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak  ematen duen ibilbide profesionalerako saria.

María Puy Portillo, CIBEReko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia arloko zuzendari zientifikoa

María Puy Portillo Farmazian lizentziatu eta doktoratu zen, Nafarroako Unibertsitatean, eta Lizentziatura eta Doktoregoko aparteko sariak jaso zituen. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da 1990etik, eta 2010etik  katedraduna da (Nutrizioa eta Bromatologia). Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduaren koordinatzailea eta Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatuko Doktorego Programaren zuzendaria da, eta Nutrizio eta Osasuna Masterraren zuzendaria izan da 2009tik 2023ra arte.

UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea zuzentzen du. Talde hori Eusko Jaurlaritzak euskal unibertsitate-sistemaren bikaintasun-talde gisa aitortu du, eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuan integratuta dago. Autonomia, nazio eta nazioarteko 62 ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta horietako 39tan ikertzaile nagusia izan da. Ikerketa horren ondorioz, 230 artikulu zientifiko argitaratu ditu, eta 34 liburu-kapitulu, 2 liburu eta elikadurari buruzko 14 dibulgazio-gida idatzi ditu. Gainera, bi patentetan parte hartu du, horietako bat ustiapenean. 17 doktorego tesi ere zuzendu ditu, gehienak nazioartekoak.

Unibertsitate eremutik kanpo, Espainiako Nutrizio Elkarteko presidentea izan da (2019-2023), Nazioarteko Nutrizio Federazioko (FINUT) patroia da 2014tik, eta Nutrizio eta Dietetikako Akademia Nazionaleko ohorezko kidea 2017tik. Gainera, Elikagaien Segurtasunerako Espainiako Agentziaren Batzorde Zientifikoko kidea izan da (2019-2023). Arabako Emakume Profesionalaren Saria (AMPEA) jaso du eta International Union of Nutrition Societies (IUNS) erakundeko Fellow izendatu dute.

Atzerriko Agentzien Ebaluaziorako Batzordeetan ere parte hartu du (Zientziarako Txekiar Fundazioa, CONACYT, FONCYT, Aldebiko Ikerketarako Fundazioa, eta abar). ANEPeko kidea izan da Elikagaien Teknologiaren arloan (2012-2018), Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziako kidea, eta European Commission Health erakundeak gonbidatuta lan egin du ikerketa-proiektuen ebaluazioan.

CIBERi buruz

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa (CIBER) partzuergo publiko bat da, Carlos III.a Osasun Institutuari atxikia (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du. Bere helburua Osasun Sistema Nazionalean eta Zientzia eta Teknologia Sisteman egiten den biomedikuntzako eta osasun-zientzietako bikaintasun-ikerketa bultzatzea da. Gaur egun, CIBERek 6.000 ikertzaile inguru ditu atxikita eta kontratatuta, 518 ikerketa-taldetan integratuta, kontsortzioko 104 erakundetan baino gehiagotan banatuta. CIBERen programa zientifikoa 13 ikerketa-arlo hauen inguruan antolatzen da: Bioingeniaritza, Biomaterialak eta Nanomedikuntza (CIBER-BBN); Diabetesa eta Gaixotasun Metabolikoak (CIBERM); Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia (CIBEROBN); Gaixotasun Hepatikoak eta Digestiboak (CIBEREHD); Gaixotasun Arraroak (CIBERER); Arnas Gaixotasunak (CIBERES); Epidemiologia eta Osasun Publikoa (CIBERESP); Osasun Mentala (CIBERSAM); Hauskortasuna eta Zahartze Osasungarria (CIBERFES); Gaixotasun Kardiobaskularrak (CIBERCV); Minbizia (CIBERONC); Gaixotasun Infekziosoak (CIBERINFEC); eta Gaixotasun Neurodegeneratiboak (CIBERNED).