euskaraespañol

image of the day

UPV/EHU Bizkaia Dorreko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroan da

Zitek ekintzailetzari laguntzeko programak bi bulego izango ditu enpresen sorrera bultzatzeko

  • News

First publication date: 19/09/2022

Noemí Peña, Bizkaiko Campuseko Ekintzailetzako eta Transferentziako zuzendaria, eta Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea, Bizkaiko Dorreko bulegoetan ZITEKeko bi kiderekin. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU

Bizkaia Dorreko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak (CIEB) ateak ireki ditu gaur. Dagoeneko 30 konpainia handi eta 40 enpresa ari dira lanean zentroan. Horien artean dago UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko ZITEK ekintzailetzari laguntzeko programa, bi bulego izango dituena enpresen sorrera bultzatzeko.

Balioko du ZITEKeko enpresak harremanetan jartzeko CIEBen kokatuko diren enpresa-ehunarekin eta korporazioekin, baina baita ikerkuntzaren nazioartekotzea eta unibertsitatean egiten den transferentzia bultzatu ahal izateko ere.

ZITEKentzat estrategikoa da CIEBen egotea; izan ere, horrela, bere helburuak bete ahal izango ditu eta bere jarduera-eremua zabaldu, enpresa-ekosistema batean kokatuz, non ehun ekonomikoarekiko harremana eta transferentzia sustatzeko aukerak nabarmen handitzen diren. Era berean, UPV/EHUren ekintzailetzaren nazioartekotzea bultzatu nahi da, nazioarteko beste nodo batzuekin lotuz eta ekintzailetza-zentroen sare zabal bat osatuz mundu osoan zehar.

Zitek Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programa da. 2000. urtetik garatzen ari den programa da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta BEAZekin lankidetzan. Helburuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

• Kultura ekintzailea sortzea unibertsitate-komunitatearen artean.

• Oinarri teknologiko eta berritzailea duten enpresak sortzea.

• Ikerketako emaitzak spin-off enpresa berrien bidez balorizatzea.

• Zitek enpresa-zentroen kudeaketa.

Helburu horiek kontuan hartuta, ZITEK Bizkaiko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroaren (CIEB) parte izango da, Leioan, Portugaleten eta Bilbon daudenei beste egoitza bat gehituz.