euskaraespañol

Image of the day

Zientziak Bilbo konkistatu du berriro ere

Bizkaiko hiriburua zientzia-dibulgazioaren erdigune bihurtu da aurten ere jarduerez betetako 10 egunen bitartez, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Bizkaia Zientzia Plaza jaialdiaren barruan

  • News

First publication date: 30/09/2021

Naukas Bilbao ekitaldia 20.000 pertsona inguruk jarraitu zuten zuzenean, eta Bidebarrieta Zientifikoko “Eboluzioa genero-ikuspegitik” hitzaldi-sortak eta Ciencia Show-ko monologoek aforoa betetzea lortu zuten

Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren itzulerari esker, Bilbo zientzia-dibulgazioaren erdigunean kokatuta da berriro ere, 2020an mundu osoa goitik behera irauli zuen egoera sanitarioak eragindako urtebeteko geldialdiaren ondoren. Zailtasun guztiei aurre eginez, irailaren 17tik 28ra bitartean egin den Bizkaia Zientzia Plazaren laugarren edizioan 20.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute (3.000 pertsonak baino gehiagok zuzenean, hainbat ekitalditan, eta 17.000 pertsonak streaming bidez, EiTBren Kosmos kanalaren eta YouTuberen bitartez).

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako jaialdiak sei ekitaldi eskaini ditu guztira -Naukas Pro, Naukas Bilbao, Naukas Kids, Ciencia Show, Bidebarrieta Zientifikoa eta “Artea eta matematika” eta “Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketak-, den-denak doakoak, jarduera zientifikoaren hainbat eremu askotariko formatu eta erregistroen bitartez jorratzeko asmoz, hala nola, hitzaldiak, ikuskizunak eta erakusketak. Bertaratutakoen segurtasuna eta osasuna babesteko, ekitaldi guztietan berariazko segurtasun-protokoloak eta aforo mugatua izan dituzte.

Naukas Bilbaoren hamargarren urteurrena

Jaialdiko ekitaldi nagusietako bat izan zen Naukas Bilbao zientzia-dibulgaziorako topaketa, espainieraz egiten den handiena, izan ere, hamargarren urteurrena ospatzeko, askotariko jarduera-programa zabala eskaini zuen lehen mailako dibulgatzaileen eskutik, ikerketa zientifikoaren eta ezagutza zientifikoa jendaurrean ezagutzera ematearen garrantzia eta gertakarien inguruko pentsamendu kritiko eta zorrotza eraikitzeko duen eginkizuna agerian utziz.

Horren harira, irailaren 23tik 26ra bitartean, 20.000 pertsona inguruk jarraitu zituzten, streaming bidez zein modu presentzialean Euskaldunako Auditorioan, Naukas Pro eta Naukas Bilbaoko hitzaldiak eta Naukas Kidseko monologoak. Hitzaldi guztiak bideo formatuan daude eskuragarri EITBren Kosmos kanalean.

Naukas Pro laugarren aldiz antolatu da aurten, eta honetan parte hartu duten 9 ikertzaileak Euskadiko hainbat ikerketa-zentrotatik etorritakoak dira, hala nola, oinarrizko fisikan eta fisika aplikatuan ikerketa sustatzea xede duen DIPC (Donostia International Physics Center), AZTI eta CIDETEC zentro teknologikoak eta UPV/EHUko hainbat ikerketa-talde. 20na minutuko hitzaldien bitartez, ikertzaileek ezagutzera eman zituzten beren ikerketa-proiektuak, emaitzak eta egungo aplikazioak.

Formatu murritzagoan bada ere, etxeko txikienek ere zientziaz gozatzeko aukera izan zuten Naukas Kids ekitaldiaren bidez, baina aurtengo edizioan, egoera sanitarioaren ondorioz, ordubeteko monologo-saioa antolatu zen tailerren ordez Big Vanen eskutik.

Bidebarrieta Zientifikoa

BZP 2021 jaialdiko lehen hitzaldi-sorta, “Eboluzioa genero-ikuspegitik”, hilaren 22an izan zen, asteazkenez, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilero antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan. Oraingoan, UPV/EHUko Ikerketaren Gizarte Hedapeneko Zuzendaritzaren laguntza ere izan du.

Lau hitzaldiek giza-eboluzioa jorratu zuten, ikuspegi zabal batetik eta genero-joerarik gabe, paleontologia, biologia, geologia eta bestelako esparrutatik begiratuta, eta aretoaren aforoaren % 60 bete zuten, 137 pertsona bilduz.

“Artea eta matematika” eta “Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketak

Aurten, berrikuntza gisa, Bizkaia Zientzia Plaza jaialdia Bilboko Bizkaia Aretoan kokatutako “Artea eta matematika” eta “Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketen irekieraz abiatu zen. Irailaren 17tik 28ra bitartean egon ziren irekita jendearentzat eta 250 pertsona inguruk bisitatu dituzte. Erakusketa hauek Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu ditu UPV/EHUko Ikerketaren Gizarte Hedapeneko Zuzendaritzaren laguntzaz.

Ciencia Show

Zientzia eta teknologia gazteei modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea xede duen Ciencia Show monologo-lehiaketaren finala BZParen barruan jokatu zen, Euskaldunaren kanpoaldeko 2. Aretoaren aforoa betez eta 65 ikus-entzule erakarriz. Aurtengo irabazlea Santurtziko Kantauri BHIan ikasle dabilen Itziar Prados izan da, “Dimorfismo sexual” izenburuko monologoagatik.

Lehiaketaren aurtengo edizioan, Euskadiko osoko Bigarren Hezkuntzako 19 ikastetxetako 665 ikaslek parte hartu dute, guztira.

BZP 2021 jaialdiaren balantzea

2019an, pandemiaren aurretik antolatu zen jaialdi zientifikoaren azken edizioak berealdiko arrakasta lortu zuen, eta Bizkaia Zientzia Plazaren barruan egindako jardueretan ia 20.000 pertsonak parte hartu zuten, 9.000 pertsona inguru zuzenean eta 10.000 pertsona streaming bidez.

Aurten, COVID-19a prebenitzeko segurtasun-neurriek, aforoen mugapenak eta segurtasun-tarteek, besteak beste, jaialdiaren zuzeneko jarraipena baldintzatu dute. Hala ere, horrek ez du oztopatu publikoak egindako jarraipen handia, bereziki online, bai streaming bidez EiTBren lankidetzari esker, bai sare sozialetan eta plataforma digitaletan ere. Ildo horretan, BZP 2021 jaialdiaren jarraipenari buruzko kopuruek –20.000 pertsona inguru guztira; 3.000 pertsona baino gehiago modu presentzialean ekitaldietan eta 17.000 pertsona streaming bidez– aurreko edizioko kopuruak berdindu dituzte.

Ekitaldiei, zuzeneko streaming bidez, nahiz plataforma digitaletan esekitako bideoei egin zaien jarraipen zabalak argi utzi du zientzia eta kultura zientifikoa herritarren interesekoak direla, batez ere egungo egoeran.

Ildo horretan, Naukas Bilbao Euskalduna Jauregiko Auditorioan aurkeztu zenean, Juan Ignacio Pérez-Iglesias UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak beren-beregi nabarmendu zuen ekitaldiaren itzulera, azken edizio egin eta bi urte geroago: “Naukasen hamargarren urteurrena hamaikagarren urtean ospatzeak esan nahi du eutsi egin diogula, eta eustea garaitzea da. Hori, zer esanik ez, lan zientifikoari esker lortu dugu, egoerari buelta eman eta denbora errekorrean bizitzak salbatzeko balio duten txertoak sortzen jardun duten ikertzaileen ahaleginari esker”.