Hainbat unibertsitatetatik igaro ondoren, bosgarren geltokira, Euskal Herriko Unibertsitatera, iritsi da Ramón y Cajali buruzko ‘Tour Universitario Cajal. Una Mirada a lo Esencial’ erakusketa, Eva Soriano umorista enbaxadore dela
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak zientzia gerturatu du UPV/EHUra, ‘Cajal urtea’ ospakizunen baitan
- News
First publication date: 16/04/2024
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) “Santiago Ramón y Cajal Ikerketa Urtea” interes publiko bereziko gertaeraren baitan bultzatu duen dibulgazio jarduera bat da “Cajal urtea”. Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko bira bat jasoko du gaurtik, apirilaren 16tik (asteartea), 19ra (ostirala). Doako jarduerak izango dira, Nobel saridun ospetsuan oinarrituta zientzia zabaltzeko. Bizkaiko Campuseko (Leioa-Erandio eremua) Mikel Laboa plaza izango da jardueraren gune nagusia.
Gaur goizean aurkeztu dute jarduera, Bizkaiko Campusean. Honako hauek parte hartu dute ekitaldian: Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; José Vicente Lafuente, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko dekanordea; Markel De Zabaleta, Daciako prentsa burua; eta Jesús Ramos, Tour Universitario Cajal erakusketaren zuzendaria.
Estatuko Gobernuak “Santiago Ramón y Cajal Ikerketa Urtea” izendatu zuen 2022a, haren jaiotzaren 170. urteurrena oroitzeko. Santiago Ramón y Cajalek zientziaren eta medikuntzaren arloan egindako aurkikuntzak gazteei gerturatzea da ospakizun honen helburua, unibertsitateko kide guztiei zuzendutako doako tour batean ikaskuntza eta entretenimendua elkartuta.
Hasteko, motorhomearen barrura egiten da bisita. Erakusketa unitate handia da, eta barruan XX. mendearen hasierako laborategi bat berregin dute. Bertan, Eva Soriano artistaren eta Santiago Ramón y Cajal beraren arteko elkarrizketa harrigarri baten lekukoak izango dira publikoko pertsonak. Eco-Esencial izeneko eremuan, publikoa erlaxatu egin ahal izango da, bizitzaren garrantzitsuena zer den ikasten duen bitartean, pertsona bakoitzaren sare sozialei elkarreraginez.
Erakusketaren kanpoaldean, autozine bat balitz bezala, hainbat ibilgailu egongo dira pantaila handi bati begira. Bertan, telefono mugikor baten bidez, Kahoot jolas batean par hartu ahal izango da. Parte hartzen dutenek doako sarrerak lortzeko aukera izango dute, Eva Soriano zuzenean ikusteko. Ostiralean, apirilaren 19an, izango da saioa, 18:00etan, Bizkaia Aretoko Mitxelena entzunaretoan. DJ Carpantis izango du lagun eta, bien artean, umorez, musikaz eta zientziaz betetako ikuskizuna eskainiko dute.
Cajal Unibertsitate Tourra bi etapatan zatituta dago. Lehenengo etapan, 2023an, Salamancako Unibertsitatera, Valentziako Unibertsitate Politeknikora, Madrilgo Unibertsitate Autonomora eta Santiagoko Unibertsitatera iritsi zen. UPV/EHUtik igaro ondoren, tourra beste hiru unibertsitatetatik pasatuko da 2024ko ikasturtean zehar. Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak bultzatu du “Tour universitario Cajal. Una mirada a lo esencial” , eta 3,2,1 Imagine eta Dacia enpresen babesa du.