euskaraespañol

Image of the day

Leire Ugalde Lujambio

Zerk bultza dezake nerabe bat, gaizki tratatzen duen pertsona batekin ligatzera?

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle agregatua

  • Cathedra

First publication date: 09/09/2024

(Opens New Window)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Neska-mutilak nerabezarora iristen direnean, erakarpena eta indarkeria lotzen dituzten mezu ugari jasotzen dituzte. Berdinen taldeetatik, telesailetatik, pelikuletatik, abestietatik, sare sozialetatik... jasotzen dituzte mezu horiek. Pertsona erakargarri gisa irudikatzen dira neskekiko jarrera oldarkorra eta mespretxuzkoa duten mutilak, eta ez horren erakargarri mutil berdinzaleak eta neskak ongi tratatzen dituztenak.

Hori ikus dezakegu, esaterako, ‘After’ pelikulan. Nerabeentzako eleberrien saga batean oinarrituta dago. Neska protagonistak institutuko bikotekidea du. Mutil ona da, eta lagun gisa tratatzen du, desirarik erakutsi gabe. Unibertsitatera iristean, beste mutil batekin engainatzen du. Azken hori “gaiztoa” da, eta erakargarria. Bikotekidea ulerkor agertzen da, eta horrek mutil zalantzatiaren itxura ematen dio. Ondoren, mutil lagun berria berarekin apustu batengatik baino ez dela egon jakingo du neskak, baina hala ere erakargarria iruditzen zaio. Izan ere, antza denez, azkenean “benetan maitemindu da” mutila.

Diskurtso hertsatzaile menderatzailearen eragina

Erakargarritasuna indarkeriarekin eta mespretxuarekin lotzea hainbat ingurunetan eta hainbat modutara gertatzen da, eta “diskurtso hertsatzaile menderatzailea” esaten zaio. Denbora luzez diskurtso hori entzutearen ondorioz, neskei erakargarriak iruditzen zaizkie mutil oldarkor horiek, eta harreman afektibo-sexual toxikoak dituzte.

Orain dela gutxi egin dugun ikerketa batean, diskurtso hertsatzaile menderatzaile hori berdinen taldean zer mekanismoren ondorioz agertzen den eta horrek zer ondorio dituen aztertu dugu. Izan ere, diskurtso horren ondorioz, neska batzuek “mespretxuzko” harreman sentimental edo sexualak izaten dituzte (ongi tratatzen ez dituen mutil batekin, eta jokabide eta jarrera oldarkorrak dituztenekin).

Ikerketa egiteko, 3 institututako DBHko 4. mailako ikasleen esperientziak jaso ditugu, 59 mutil eta 71 neskarenak (15 eta 16 urtekoak). Berdinen artean dituzten interakzioei buruz hitz egin digute horiek.

Antzeko adina duten eta institutuan edo handik kanpo interesak, jarduerak etab. partekatzen dituzten pertsonen taldea da berdinen taldea. Horiekin sozializatzen dira, eta horiekin eraikitzen dute euren nortasuna.

Zergatik gustatzen zait okerren tratatzen nauena?

Berdinen taldea da nerabeek sozializatzeko eta ikasteko duten testuingururik garrantzitsuenetako bat. Berdinen taldeak gazteen jokabidean duen eraginaren eta eragiten duen presioaren ondorioz, neska batzuek mutil oldarkorrekin “maitasun aferak” izaten dituzte, nahi ez badute ere.

Era berean, benetan gustatzen zaizkien mutilak jarrera eta jokabide oldarkorrak dituzten mutilak direla esaten die berdinen taldeak neskei, behin eta berriz. Presio horren ondorioz, neska askori azkenean mutil mota horiek gustatzen zaizkie —edo gustatzen zaizkiela uste dute—, nahiz eta aurretik ez gustatu. Aipatutako presioa dela eta, jarrera oldarkorrak normalizatu eta onartu egiten dira, eta neskek maitasunarekin nahasten dituzte. Horrek harreman toxikoetara bultzatzen ditu.

Gazteek jasotzen dituzten mezu mediatikoek ere eragiten dute berdinen taldearen presio hori.

“Ikusten ditudan telesailetan, ongi tratatzen ez duen mutil batekin dabil neska, eta ondoren mutilak utzi egiten du. Mutilak itsusia zela esaten zion neskari... Aldi berean, neska ez zen konturatzen gelako beste mutil batek beti begiratzen ziola eta gustuko zuela”. (Ikerketan parte hartu duen neska)

Aldi berean, mutilek ere presioa jasaten dute, maskulinitate oldarkorraren eta mespretxuzkoaren ereduari jarraitzeko, baldin eta nesken artean erakargarriak izan nahi badute eta arrakasta izan nahi badute.

Aspergarria izatearen arriskua

Neskek oldarkorra ez den mutil batekin harreman egonkorra badute, taldearen diskurtso hertsatzaile menderatzaileak “aspergarritzat” jotzen ditu neska horiek, eta haien mutilak engainatzera eta jarrera eta jokabide oldarkorrak dituzten mutilekin ibiltzera bultzatzen dituzte, hori baita “dibertigarria”. Hala azaldu dute ikerketan parte hartu duten neskek, haien esperientzia kontatzean.

Jarrera oldarkor horiek askotarikoak izan daitezke: neska batekin ligatzeagatik harro agertu eta gero hura mespretxatzea, neska batekin afera bat izan eta gero hura mespretxatzea, gaizki hitz egitea, beste pertsona batzuen aurrean edo bakarrik daudenean gaizki tratatzea, etab.

Neska batzuek amore ematen dute presio horien aurrean, eta nahi ez dutenarekin maitasun afera bat izaten dute, maite duten pertsona engainatuta. Izan ere, ez dute nahi taldean aspergarritzat hartzerik, eta lagunak galtzearen beldur dira. Batzuetan, lagunen presioa ez da horretara mugatzen.

Jazarpenak jarraitu egiten du. Neskari argazkiak egiten dizkiote mutilarekin, “afera bat izaten” edo bata bestearengandik gertu, eta gero neskaren bikotekideari bidaltzen diote argazkia, Interneten jartzen dute edo pertsona gehiagori bidaltzen diote. Hala, jakitera ematen dute engainua, eta neskak haren mutilarekin duen harremana kaltetzen dute.

Osasunean dituen ondorioak

Ikerketa zientifikoak frogatu duenez, genero indarkeriak ondorio negatiboak ditu osasunean, hala nola min kronikoa, sexu transmisiozko gaixotasunak izateko arrisku handiagoa, depresioa eta joera suizidak, beste batzuen artean.

15 eta 49 urte arteko emakume eta nesken % 27 inguruk indarkeria fisikoa edo sexuala jasan dute noizbait. Hortaz, beharrezkoa da genero indarkeria jasateko arriskua handitzen duten faktoreak identifikatzea; bereziki, lehenengo harremanak izaten ari diren neska gazteen artean.

Gure ikerketak erakusten duenez, mespretxuzko harremanak izatea da nerabeen artean genero indarkeria jasateko arriskua handitzen duten faktoreetako bat. Izan ere, euren sozializazioan, neskek indarkeria normalizatzen dute eta erakargarria iruditzen zaie. Gainera, mespretxuzko harremanak jende askoren artean hedatzen direnean edo Interneten argitaratzen direnean, neska horri lotuta geratzen dira betiko, eta posible da haren osasunean ondorio larriak izatea. Neska horietako batek zioen moduan: “Argazkiak hilobira arte jarraituko dizu. Batzuek euren buruaz beste egiten dute, oso mingarria baita”.

Adiskidetasuna (ona) prebentzio elementu gisa

Neskei mespretxuzko harremanak izateko presioa eginez gero, hazi egiten da genero indarkeriaren biktimak izateko probabilitatea. Berdinen taldea presio ingurune oso garrantzitsua da nesken artean, mespretxuzko harreman horiek izateko. Hori dela eta, garrantzitsua da berdinen taldean bertan prebentziozko esku hartzeak egitea.

Ikerketan, “lagunen presioa” edo “lagunak galtzeko beldurra” aipatzen dituzte neskek. Baina, era berean, nahi ez dutenarekin harreman bat izatera bultzatzen dituzten horiek “lagun faltsuak” direla aipatzen dute.

Ikerketa honen eta beste batzuen ondorioen arabera, adin goiztiarretik hasita kalitatezko adiskidetasuna lantzea elementu garrantzitsua izan daiteke genero indarkeriaren arazo larritik babesteko eta hura prebenitzeko.

The Conversation