euskaraespañol

Image of the day

Karla Fernández de Gamboa Vázquez eta Xabier Etxaniz Erle

Zergatik jarraitzen dugu Txano Gorritxo kontatzen?

Literaturaren Didaktikako irakasle laguntzailea eta Haur eta Gazte Literaturako irakaslea, hurrenez hurren

  • Cathedra

First publication date: 06/02/2023

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Joan den mendeko 70eko hamarkadan, Gianni Rodari idazle eta pedagogo italiar handiak bere ‘Grammatica della fantasia’ (gaztelaniaz, ‘Gramática de la fantasía’) lanean adierazi zuen “neskato”, “baso”, “lore”, “otso” eta “amona” hitzak entzute hutsarekin mundu guztiari ipuin bera datorkiola gogora. Ez da harritzekoa, zeren eta, mendebaldeko gizarteetan belaunaldiz belaunaldi transmititu den maitagarri ipuinik nagusi bat egotekotan, ‘Txano Gorritxo’ baita berau.

Gutako askoren kasuan, gurasoek edo aitona-amonek kontatu ziguten lehenengo ipuina da, eta litekeena da, halaber, guk beste norbaiti kontatu diogun lehenetarikoa ere izatea. Alabaina, inor gutxik gogoratuko du 1697an Charles Perraultek argitaratu zuela ipuinaren lehen bertsio idatzia (lehen bertsio horretan, otsoak amona eta biloba irensten ditu), eta 1812ra arte ez ziotela Grimm anaiek ehiztariari bizia eman eta, horrenbestez, neskatoa otsoaren ahutzetatik salbatu.

Ehunka bertsio XX. mendean

‘Txano Gorritxo’ XX. mendeko maitagarri ipuinik partekatu eta berrinterpretatuenetako bat izan da, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ehundik gora bertsio desberdin izan dituena.

‘Txano Gorritxo’ obra literarioa ezaguna da mundu osoan, garai bakoitzeko kezketara (sozialak, moralak, politikoak, hezkuntzakoak eta literarioak) egokitzen jakin duena, gaur egun ikono unibertsaltzat hartzeraino.

Miguel Unamunok esan zuen bezala: «Aurrera egiteko ezinbestekoa da berritzen jakitea». ‘Txano Gorritxo’, maitagarri ipuinen generoa bezala, azken hamarkadotan eraldatuz joan den modua, mende aldaketarekin haur literaturak izan duen bilakaeraren adibide bat da.

Ilustrazioen garrantzia

Gaur egungo haur narratibaren ezaugarri nagusietako bat zera da, literatura idatzi gisa lortutako sendotzearen ondoren, ikusizko kodea –hau da, irudia edo ilustrazioak– gehitzen duela eraikuntza narratibo eta semantikoan.

Gaur egun, ipuin horren makina bat bertsio eta interpretazio ilustratu existitzen dira, eta horietako batzuek ilustrazioak baino ez dituzte, hala nola Adolfo Serraren testurik gabeko albuma, ‘Caperucita Roja’ izenekoa (Nórdica Libros, 2019) eta Lorena Martínez Oronozena, ‘A’ deritzona (Cénlit, 2018).

Horrelako liburu mutuekin, irakurleak hein handiagoan hartu behar du parte irakurketan, ez baitago istorioa interpretatzen duen ahots narratiborik; horrela, irakurketa aktiboa eskaintzen da, irakurleari bere gaitasun literarioa garatzeko eta irakurtzeko prestakuntzan aurrera egiteko aukera ematen diona.

Karga morala

Joera kultural postmodernoek ekarri dituzten berrikuntzak gorabehera, azkenaldian argitaratu diren ‘Txano Gorritxo’ren egokitzapen batzuek karga moral handia izaten jarraitzen dute, bereziki Perraulten ipuinaren amaiera eztitzen ez dutenek.

Halakoa da, hain zuzen, duela mende bat baino gehiago Beatrix Potterrek idatzitako eta duela gutxi Helen Oxenburyk ilustratutako ‘Caperucita Roja’ (Juventud, 2019) bertsioaren kasua. Egile horien lanaren konbinazioak –haur literatura ingeleseko bi ospetsuenetakoak– Ingalaterrako landazabalean kokatzen du trama.

Bestalde, gaur egun irudikatzen diren Txano Gorritxoetan, pertsonaien psikologian gehiago sakondu ohi da: Txabi Arnalen ‘La ladrona de sellos’ lanean (Julio Antonio Blascoren ilustrazioak, Edelvives, 2014), Txano Gorritxok ez du otsoaren heriotza gainditzen eta harekin komunikatzen saiatzen da gutunen bidez.

Gainera, badira Txano Gorritxoren bestelako bertsioak ere, eta horietako zenbaitzuen azpian bizimodu modernoaren kritika soziala dago; horren adibide da Roberto Innocentik ilustratutako eta Aaron Frisch-ek idatzitako ‘La niña de rojo’ (Kalandraka, 2013), non baso arriskutsua hiri handi baita –nolanahi ere, XX. mendearen amaieran Carmen Martín Gaitek jada usatu zuen baliabide hori bere ‘Caperucita en Manhattan’ ezagunean (Siruela, 1990)–.

Umorezko bertsioak

Azkenik, ipuin klasikoaren egokitzapen berriek, halaber, gaur egungo haur narratibaren berezko beste ezaugarri bat hartu dute: umorea eta parodia jolas literario gisa dira; agerian uzten du hori, esaterako, Agnese Baruzziren eta Sandro Nataliren ‘La verdadera historia de Caperucita Roja’ lanak (Ediciones B, 2008), non otsoa hezibide oneko pertsonaia lagunkoia baita, den-denek zerbitzatu eta maitatzen dutena, Txano Gorritxok izan ezik (bere rol nagusia galdu du neskatoak).

Beste bertsio dibertigarri bat Mar Ferreroren ‘Lo que no vio Caperucita Roja’ (Edelvives, 2013) da. Bertan, otsoak, amonak eta basoko animaliek kontatzen digute egun horretan benetan zer gertatu zen.

Ez da harritzekoa Txano Gorritxok sortzen duen interes agortezina; izan ere, arketipoen aurkakotasunaren bidez gizateriaren funtsezko kezka batzuk jorratzen ditu, hala nola familia, moraltasuna, haztea, zahartzea edo sexuen arteko harremanak. Arketipoak berrasmatu egin dira eta denboran zehar gertatu diren aldaketa sozialetara egokitzen jakin dute.

The Conversation