euskaraespañol

Image of the day

Jesús Casquete

Zergatik ari da eskuin muturra hazten Europan?

Gizarte eta Politika Pentsamendu eta Mugimenduen Historiako katedraduna

  • Cathedra

First publication date: 08/07/2024

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Populismoa ulertzeko, lagungarria da atzera begiratzea. 1960ko hamarkadan, Europan, batez beste, botoen % 5,4 eskuratu zuten alderdi populistek. Joan den ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetako emaitzek erakusten dutenez, berriz, gaur egun hautesleen % 20k baino gehiagok ematen die botoa.

Populismoaren adierazpen batzuk ezkerreko familia ideologikoan kokatzen dira; gutxiengoa dira, bai kopuruari dagokionez, bai ordezkaritzari dagokionez. La France insoumise eta Alianza Sahra Wagenknecht alemaniarra dira horietako batzuk. Aldiz, askoz ere esanguratsuagoak dira eskuineko alderdi populistak. Horiek, euren diskurtsoaren erdigunean kokatzen dute aberria, eta diskriminatu egiten dute “bestea”, hau da, termino etniko, nazional edo erlijiosoen arabera ezberdina dena.

Estrasburgoko parlamentuan indar esanguratsuak bihurtu dira talde ultranazionalistak, hala nola Frantziako Bilgune Nazionala, Alemaniarentzako Alternatiba edo Vox. Horien ordezkariek garaipena lortu dute Frantzian, Italian, Austrian edo Hungarian, eta bigarren lekuan geratu dira Alemanian, Polonian edo Herbehereetan.

Estatuei burujabetza itzultzeko eskatzen dute alderdi horiek; hortaz, Europar Batasunarentzat ondorio existentzialak izango lituzkete. Pentsatu, urrunago joan gabe, gure zibilizazioaren erronkarik handiena dena, aldaketa klimatikoa, gelditzeko eta egoera leheneratzeko neurrien aurkako oztopoz betetako etorkizun batean.

Eskuineko populismoaren leherketa

Badirudi eskuineko populismoak azken urteetan izan duen hauteskundeetako gorakadak ustekabean harrapatu gaituela. Egia esan, 2008ko krisi ekonomikoa eta 2015eko migrazio krisia, oso garrantzitsuak izan baziren ere, ez dira nahikoa fenomenoaren sakontasuna eta hedadura ulertzeko. Badira atzeragotik datozen egiturazko arrazoiak, fenomenoa azaltzen dutenak. Arrazoi horiek lotuta daude denborarekin dugun harreman postmodernoarekin.

Etengabe mugitzen ari den mundu batean bizi gara, eta dena ikaragarrizko abiaduran gertatzen da. Gure eguneroko bizimoduan izandako iraultzak erakusten du hori: ‘fast food’ -janari azkarra- jaten dugu eta ‘fast fashion’ -moda azkarra- janzten dugu; ahots mezuak eta podcastak 1,5eko abiaduran entzuten ditugu; gure eskaria gure etxeko atean nahi dugu, eta posible bada biharko; edozein zalantza edo jakin min berehala erantzuten digu bilatzaile batek, eta bide batez saihestu egiten ditugu pertsonen arteko interakzioak...

Bestetik, aspalditik, ekonomia kapitalista, berez askea dena, klik bidez bideratzen dute Wall Street, Londres edo Shanghaitik. Eta zer esanik ez familian eta lanean izandako eraldaketez. Kontingentzia eta iragankortasuna nagusitzen dira arlo horietan. Begiratzen dugun lekura begiratuta ere, denbora urrea den printzipioa gailentzen da; bizi erritmoak azeleratu egin dira.

Demokrazia geldoa da definizioz, eta eskuineko populismoak hori aprobetxatu du. Izan ere, demokraziari gero eta gehiago kostatzen zaio hiritarrak kezkatzen dituzten arazoei azkartasunez aurre egiteko arau esparruak ezartzea. Beste korronte ideologiko bakar batek ere ez dio arreta jarri politika demokratikoaren (erabakitzeko denbora tarte luzeekin) eta ekonomia eta gizartearen (denbora tarte laburrekin eta are berehalakoekin) arteko desinkronizazioari. Nitxo huts horren ustiapenak boto ugari ekarri dizkio populismoari.

Duela hamarkada batzuetatik, hainbat azterlan demoskopiko (adibidez, Europako Balioen Inkesta) seinale kezkagarriak bidaltzen ari dira demokrazia liberalaren etorkizunarentzat, eta ia ez diegu  arretarik jarri seinale horiei. Gero eta herritar gehiago daude ados honako ideiarekin: lider indartsu bat, parlamentuaz eta hauteskundeez kezkatu beharrik ez duena, herrialdea gobernatzeko modu “ona” dela. Eskuin muturreko alderdien boto emaileak dira bilakaera autoritario horrekin adostasun mailarik handiena dutenak. Hain justu, “gizon indartsu” baten alde egiten dutenak, gehienbat, belaunaldirik gazteenak izatea kezka iturri gehigarri bat da demokraziaren etorkizunarentzat.

Eskuineko populistek lasterbideak eskaintzen dituzte atzera geratutako politikari erantzuteko. Testuinguru honetan, non komunikazioaren teknologia berrien ondorioz pazientziaren bertutea gero eta arraroagoa den, presan eta sinpletasunean oinarritutako politika baten alde egiten du populismoak.

Migrazio fluxuaren aurrean, mugak ixtearen irtenbide lasterra eskaintzen dute; haien arabera, genero indarkeria eliteen asmakizun bat da, eta existitzen ez denak ez du irtenbiderik behar; edo, orain Espainiara etorrita, nazionalismo periferikoaren erronkaren irtenbidea alderdi “sezesionistak” debekatzea da. Vox-ek proposatzen du azken neurri hori, horrek oinarriko arazoa konponduko balu bezala.

Almudena Grandes idazleak, hilondoan argitaratutako ‘Todo va a mejorar’ distopian, “Movimiento Ciudadano ¡Soluciones Ya!” (“Herri Mugimendua. Irtenbideak oraintxe!”) izena jarri zion liburuko talde populistari. Hala, populismoaren zaina erakutsi zuen. Populismoaren berehalakotasunaren promesa eta izenean alderdi etiketari uko egitea (izan ere, eskuin muturrarentzat, “kasta”-ren gotorlekua da “partitokrazia”): horra hor familia ideologiko horren bi giltzarri, nobelagile madrildarrak erregistro literarioan jaso zituenak.

Erreferendumak eta kontsultak denerako

Erabaki politikoak hartzeko denbora azkartzeko, zentzua du erreferendumak eta herri kontsultak egitearen proposamenak. “Demokrazia gizarteratzeko” neurri bat da, eskuineko alderdi populistek euren programetan jasotzen dutena eta gobernatzen dutenean ezartzen dutena. Adibidez, Hungarian, “kontsulta nazionalen” bidez, edo Polonian, Legea eta Justizia alderdia boterean zegoenean.

Alemanian, “Suitzako ereduaren arabera plebiszituak” egitearen alde agertzen dira euren programan; Marine Le Penek esan du urtean behin “erreferendum handi” bat egingo duela Frantziako presidente izatera iristen bada, “gertutasunaren iraultza” egiteko eta, horrela, “herriak” gobernuaren erabakiak kontrolatu ahal izateko; Vox-ek Konstituzioko 92. artikuluari heltzen dio, bidea irekitzen baitu herri kontsultak egiteko eta horietan immigrazioari buruz, genero indarkeriarekin lotutako legeei buruz edo alderdi independentisten ilegalizazioari buruz bozkatzeko. Ez da kasualitatea plebiszituaren gaiek pasiozko osagai handia izatea beti.

Gure gizarteetako azkartasunari eskularru baten gisara egokitzen zaion arrakastarako giltzarria topatu du eskuineko populismoak. Deliberamendua, politika demokratiko liberalaren funtsezko elementua dena, erabakiak hartzea oztopatzen duen luxu bat iruditzen zaio herritarren zati gero eta handiago bati.

Horrela pentsatzen eta sentitzen dutenek elikatzen dituzte eskuin muturreko lerroak. Gaur egun, korronte ideologiko hori sustatzen duen atzerakada demokratiko horri buelta ematea da erronka handienetako bat, ezinbestean heldu beharrekoa. Irtenbidea topatzeko, politikaren erabakitze denborak azkartu behar dira, demokrazia liberalaren oinarrian dauden balioak kaltetu gabe, hala nola herritarren burujabetza, giza duintasuna edo pertsonekiko errespetua.

The Conversation