euskaraespañol

Image of the day

Arrautza oskola industria plastikoan erabiltzea

Arrautza oskolak produktu plastikoen ekoizpenean jasangarritasuna handitzeko duen aukera ikertu da Gradu Amaierako Lan batean

  • Research

First publication date: 17/12/2024

Telmo Balenciaga de Leizaolak arrautza oskol birrindua duen poto bat erakusten du | Photo: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Telmo Balenciaga de Leizaola UPV/EHUko Kimika Fakultateko graduatua da, eta UPV/EHUko 'Tecnología de Polímeros' ikertaldean egin du Gradu Amaierako Lana (GRAL). Arrautza oskolak PBSA (polibutilen-succinato-co-adipato) biopolimeroaren propietateak hobetzeko izan dezakeen erabilera ikertu du GRALean. Telmo Balenciagak azaldu duenez, arrautza oskolarekin lortu diren emaitzak aztertuta, agerian geratu da aukera erabilgarri eta jasangarria dela polimeroen industrian erabiltzeko. Gaur egun, kaltzio karbonatoa da industria plastikoan gehien erabiltzen diren indargarri inorganikoetako bat, eta haren zatirik handiena harrobietatik ateratzen da, horrek ondorio tragikoak dakartzalarik ingurumenean. Arrautza oskola CaCO3 organiko denez % 95ean, industrian erabiltzeak nabarmen lagunduko luke produktu plastikoen ekoizpena jasangarriagoa izan dadin.

Balenciagaren hitzetan, “arrautza oskola industria plastikoan txertatzeak ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa eragingo luke, eta egun sortzen diren milaka tona hondakin organiko aprobetxatu ahalko lirateke hainbat sektoretan, hala nola kosmetikan, elikagaigintzan edo medikuntzan. Horrela, ekoizpena jasangarriagoa izango litzateke, eta hondakin organikoen aprobetxamenduan oinarritutako industria sortuko litzateke”.

Ikerketa egiteko, UPV/EHUko Kimika Fakultatean graduatutako ikertzaile honek arrautza oskola eta polibutilen-succinato-co-adipatoa (PBSA) nahastu zituen, proportzio eta partikula tamaina ezberdinetan. “PBSAri arrautza oskola gehituta, nabarmen gogortzen da lortutako materiala; izan ere, arrautza oskolaren partikulak PBSA baino gogorragoak dira eta, hortaz, zenbat eta handiagoa izan arrautza oskolaren frakzioa, orduan eta zurrunagoa izango da materiala. PBSA/CH konposizioa 70/30ekoa denean, % 111 areagotzen da gogortasuna. Hala eta guztiz ere, gogorragoa bilakatzen den arren, PBSAk galdu egiten ditu, neurri batean, jatorriz dituen propietate batzuk, hala nola harikortasuna, apurtu gabe deformatzeko gaitasuna, eta inpaktuarekiko erresistentzia (% 88 eta % 85, hurrenez hurren)”. Halaxe azpimarratu du Telmo Balenciagak.

Bestalde, ikertzaileak nabarmendu duenez, 80/20 proportzioko PBSA/CH konpositeak oreka interesgarria du propietate mekanikoei dagokienez: gogortasuna % 52 handitzen da, harikortasuna % 140koa da, eta inpaktuarekiko erresistentzia 130 J/m baino gehiagokoa. Hori horrela, PBSA puruak baino propietate mekaniko egokiagoak ditu lortutako materialak. Era berean, arrautza oskolaren partikulen tamainak dituen ondorioak aztertuta ez da emaitza adierazgarririk lortu. Are gehiago, aurretik sailkatu gabeko arrautza oskolaren hautsarekin lortu dira emaitzarik onenak. Hori dela eta, esan liteke ez dela beharrezkoa arrautza oskolaren partikulak tamainaren arabera bereiztea; horrek merkatu eta sinplifikatu egiten du konposite prestatuen ekoizpena.

Aztertutako konpositeen morfologiari dagokionez, “ondorioztatu da 80/20 proportzioko PBSA/CH konposizioan partikulen sakabanatzea eta atxikidura oso positiboak direla, eta horrek materialaren propietateak hobetzea dakarrela. Bestalde, propietate termikoei dagokienez, hau da, beira-trantsizioko tenperaturari (polimero gogor/beirakara bat biguna izatera pasatzen puntua –Tg–) eta urtze parametroei erreparatuta (polimeroaren urtze-puntua, fusio entalpia eta kristalizazio gradua –Tm, Hm, c–), ez da aldaketa adierazgarririk antzeman aztertutako konpositeetan. Energiaren ikuspegitik begiratuta, horrek esan nahi du lortu nahi diren materialak ekoizteko energia gastua ez dela handitzen, ezta txikitzen ere”.

Ikerketa egin ondoren, eta eskuratutako emaitzak aztertuta, Telmo Balenciagak azpimarratu du arrautza oskola indargarri jasangarria izan daitekeela polimeroen industrian.

Egilea

Telmo Balenciaga de Leizaolak Ander Zabaleta Fernandez kidearekin egin zuen GRALa 'La utilidad como refuerzo de las cáscaras de huevo para mejorar las propiedades del biopolimero PBSA' izenburua zuena, Nora Aranburu Okariz eta Itziar Otaegi Tena zuzendari zituela (UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakasleak biak). Bikain kalifikazioa jaso zuen. Gaur egun, moda eta artearen munduan dihardu proiektu pertsonalak garatzen.