UPV/EHUk nazioarteko 2.000 ikasle baino gehiago izango ditu ikasturte berrian
Ongietorria emateko ekitaldiak egiten ari dira hiru campusetan eta, horien bidez, lehen lauhileko honetan iritsi diren ikasle atzerritarrek eta sartu berriak diren 8.700 ikasleek unibertsitatea ezagutzeko aukera izango dute
- News
First publication date: 10/09/2024
2024-2025eko ikasturte berri honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko 2.000 ikasle baino gehiago jasoko ditu. Aste honetan ari dira egiten ikasturte honetako ikasleei ongietorria emateko ekitaldiak eta ikasle horien artean daude lehen lauhileko honetan etorri diren mugikortasuneko mila ikasle baino gehiagoak (hau da, joan den ikasturtean baino % 10 gehiago). Haietako % 60 dira emakumeak.
Ongietorria emateko antolatutako hiru jardunaldietan (campus bakoitzeko bana), unibertsitatea, unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuak eta ikasgeletatik ateratzean parte har dezaketen lankidetza, kultura edo kirol arloko jarduerak sakon ezagutzeko aukera dute jai- eta jolas-giroan. Ekitaldi horren bidez, beste unibertsitate batzuetatik iritsitako eta gutxienez lehen hiruhilekoa UPV/EHUn egingo duten mugikortasuneko 1.054 ikasleei (nazioarteko 847 ikasle eta Espainiako unibertsitateen arteko mugikortasuneko-programako, Sicue-ko, beste 207 ikasle) eta ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean hasiko dituzten 8.700 ikasleei ongietorria emango zaie.
UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreirak, Gipuzkoako Campusean gaur egindako harrera-ekitaldian hartu du parte eta honako hau azpimarratu nahi izan du: “Euskal Herriko Unibertsitatea ikasle horiek jasotzeaz oso harro dago; izan ere, beste hainbat aukeraren artean, ikasketa akademikorako toki onena delakoan gu hautatu gaituztela esan nahi du horrek. Ziur nago ez direla erabakiaz damutuko. Esperientzia bete-betean aprobetxatzea, ikastea, gozatzea, kultura berriak ezagutzea eta bide horretan topatuko dituzuen erronkak ikasteko beste aukera bat izango direla jabetzea gomendatzen dizuet”.
Lehen lauhileko honetan, Euskal Herriko Unibertsitatera mugikortasuneko 1.054 ikasle iritsi dira (122 Arabako campusera, 669 Bizkaiko campusera eta 263 Gipuzkoako campusera) besteak beste unibertsitate hauetatik: University of Cambridge (Erresuma Batua), University of Massachusetts in Boston (AEB), Tokyo Institute of Technology (Japonia), University of Johannesburg (Hegoafrika), Pontificia Universidad Católica de Chile, Universidad de Buenos Aires, (Argentina), Universidad Nacional Autónoma de México, eta Instituto Tecnológico de Costa Rica. Iritsitako ikasle gehienek (554 ikasle) Europar Batasunak finantzatutako Erasmus+ mugikortasun-programan hartzen dute parte. Ondoren, Latinoamerika programa (262 ikasle) eta beste toki batzuetakoa (31) aipatu behar dira. Datuek agerian uzten dute Euskal Herriko Unibertsitatea erakargarria dela ikasketak egiteko toki gisa. Hain zuzen ere, nazioarteko mugikortasunarekin lotuta dago iritsitako mugikortasunaren % 80. Horrekin lotuta, kontuan izan behar da Europako unibertsitateek nazioartekotze-esperientziak ugaritzeko aukera ematen dutela. Hain zuzen ere, egitasmo horietako bat da UPV/EHU partaide den eta bederatzi unibertsitatek osatzen duten kontsortzioa.
Euskal Herriko Unibertsitatera iritsitako nazioarteko ikasleei dagokienez, 55 herrialdetakoak dira eta, herrialde horien artean, bereziki aipatu beharrekoak dira hauek: Italia, Alemania, Frantzia, Mexiko, Argentina, Txile, Erresuma Batua eta Japonia. Gainera, lehen aldiz, Hegoafrikako Errepublikatik iritsitako ikasleak jaso ditu UPV/EHUk. Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi diren mugikortasuneko 1.054 ikasle horietatik, 976k gutxienez gradu bateko lauhileko bat egingo dute, eta 78k, aldiz, master bat. Mugikortasun handieneko zentroak dira hauek: Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Arkitekturako Goi mailako Eskola Teknikoa.
Euskal Herriko Unibertsitateak harrera egiten dien nazioarteko ikasleei laguntza-aukera handia eskaintzen die: ikasiko duten unibertsitateari, campusari, fakultateari edo eskolari buruzko informazioa, kirol, gizarte eta kultura arloko jarduerei buruzko informazioa eta abar.