euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUren eta Aiako Udalaren arteko hitzarmena

Unibertsitateak aholkularitza zientifikoa emango du herri horren historia, ondare eta kulturari buruzko ikerketa beka batean

  • News

First publication date: 10/10/2024

Agintariak eta ‘Euskal Herria eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak’ ikertaldearen kideak | Photo: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aiako Udalak sinatu duten hitzarmenaren helburua da elkarlana bultzatzea unibertsitate horretako ‘Euskal Herria eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak’ ikertaldearen eta Gipuzkoako udal horren artean, aholkularitza eskaintzeko Aiako historia, ondare eta kulturari buruzko ikerketa beka baten aldian behingo deialdian.

Ekitaldian izan dira Manoli Igartua Olaechea, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea, Jon Ander Azpiroz Otegi, Aiako alkatea, Ana de Zaballa Beascoechea, ikertzaile nagusia, eta Carmen Gil Fombellida, Alberto Angulo Morales eta Óscar Álvarez Gila, ikertaldeko kideak.

Errektoreordearen hitzetan, “Unibertsitateak oso positibotzat jotzen du hitzarmen hau sinatzea Arabako Campuseko ‘Euskal Herria eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak’ ikertaldearen eta Aiako Udalaren artean. Unibertsitatearen eta gizartearen arteko lankidetza adibide argi bat da, eta historiaren, ondarearen eta kulturaren arloan egiten ditugun ikerketak bultzatzeaz gain, indartu egingo du ezagutza komunitateari transferitzeko gure konpromisoa, bat etorriz gure leloarekin: Eman ta zabal zazu”.

Hitzarmenean jaso den bezala, Aiako Udalak beka baten deialdia egingo du aldian-aldian, herri horren historiari buruzko ikerketa proiektu bat garatzeko, eta UPV/EHUk epaimahai bat izendatuko du, aurkeztutako proiektuen kalitate zientifikoa ebaluatzeko eta, ondoren, gehien merezi dutenak eta proiektua gauzatzeko berme handiena eskaintzen dutenak hautatzeko.

Epaimahaiak, gainera, hautatutako proiektuaren jarraipena egingo du, aldizkako txostenak berrikusiz eta lanaren azken ebaluazioa eginez, eta harena izango da ere onespena ematearen eta proposamenean jasotako oinarriak eta helburuak bete direla egiaztatzearen erantzukizun zientifikoa.

"Edozein herrirentzat ezinbestekoa da bere historia ezagutzea eta ezagutaraztea, gizarte baten oraina ulertzea eta etorkizuna eraikitzen hastea, nondik abiatzen garen jakitea funtsezko oinarria baita –esan du Jon Ander Azpiroz Otegi alkateak–. Horregatik, historia, geografia, ondarea, natura, artea eta Aiako bizitza kultural, sozial, ekonomiko edo politikoari egindako ekarpenak berreskuratu eta ezagutarazi nahi ditugu".