euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUren II. Ikerketa Planak bere lidergo zientifikoa indartu nahi du Euskal Herrian

Dokumentuak ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren alorreko helburuak eta ekintzak finkatzen ditu 2022ra arte

  • News

First publication date: 28/09/2018

José Luis Martín, Ikerketaren arloko errektoreordea, eta Nekane Balluerka, errektorea. Argazkia: Tere Ormazabal (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak onartu zuen atzo II. Ikerketa Plana. Plan horrek politika integral bat garatu nahi du, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren alorretan, 2019-2022 eperako. UPV/EHUren bikaintasuna nazioarteko ikerketan eta bere papera Euskadiko ekoizpen zientifikoaren bultzatzaile nagusi moduan sendotzea da Ikerketa Plan horren helburu nagusia.

“Ikerketa unibertsitate baten ardatz garrantzitsuenetako bat da: ez bakarrik benetako unibertsitate baten izaera markatzen duelako, baita indartu egiten dituelako ere unibertsitatearen gainerako eginkizunak (…). Ikerketa gure unibertsitate proiektuaren nortasunaren ezaugarria da, eta plan berri honen bidez, apustu hori indartzen dugu, unibertsitate bikaina izatera heltzeko modurik onena dela kontziente baikara”, azpimarratu du Nekane Balluerka errektoreak.

UPV/EHUren 38 urteetan zehar, ikerketak hazkunde esponentziala izan du. Gaur egun, 286 ikertalde ari dira lanean, eta 3.000 artikulu baino gehiago argitaratzen dira urtero. 2017-2018 ikasturtean unibertsitatean 342 tesi irakurri ziren (horietariko 116 nazioartekoak izan ziren), eta 17 patente proposamen kudeatu zituen. Shanghaiko rankingaren azken edizioak bere bikaintasun zientifikoa aitortu du, aurreko urtean munduko 500 onenen artean egotetik 400 hoberenen artean kokatzera pasatu baita.

Bikaintasun zientifikoa bultzatzeko, planak bost erronka jartzen ditu: ikertzaile berriei eta prestatzen ari diren ikertzaileei laguntzea, eta ikertzeko kultura sustatzea; bigarrenik, Euskal Herriarekin konprometitutako jakintza eta berrikuntza bultzatzea, eta horretarako ikerketa unibertsitateko prestakuntzan giltzarria izatea; diziplina anitzeko eta mugako ikerketa sustatzea, jarduera zientifiko eta teknologikoaren nazioartekotzea areagotzen laguntzeko; laugarrenik, gure unibertsitateak nazioartean duen posizioa indartzea, eta, azkenik, UPV/EHUren lidergoa indartzea, jakintza sortzeko eta transferitzeko eragile gisa eta euskal gizartearekin lankidetzan aritzeko eragile gisa, gizartearen lehiakortasuna eta garapena hobetzeko.

Erronka horiek lortzeko, helburu eta ekintza batzuk zehazten ditu. Hortaz, adibidez, berdintasuna eta genero ikuspegia ikerketan sustatzearen helburua lortzeko, aurreikusitako ekintza bat da belaunaldi ordezkapena bultzatzea ikerketa taldeen eta proiektuen lidergoan, emakumezko ikertzaileen lidergoa bultzatuta eta talenturako aukera berriak sortuta, eta beste bat, talentua erakartzeko estrategia bat garatzea, lankidetzan jardunez abian diren programekin eta, bereziki, Ikerbasque programarekin.

Era berean, ikertaldeak, dagokien jakintza arloan, maila lehiakorrean kokatzea nazioartean helburua eskuratzeko, aurreikusitako ekintza bat da hauxe: hainbat jakintza arlotan diharduten UPV/EHUko ikertaldeen eta ikertzaileen arteko lankidetza bultzatzea, taldeen diziplina anitzeko izaera areagotuz eta haien inpaktua eta ikusgarritasuna bultzatzeko neurri handiko proposamen bateratuak eginez. “UPV/EHUren nazioartekotzeari bultzada berri bat eman nahi zaio, datorren hamarkadako gizarte, ekonomia eta ingurumenean sortuko diren erronka berriei aurre egiteko”, esan du Ikerketaren arloko errektoreorde José Luis Martínek.

Bestalde, UPV/EHUren parte hartzea eta lidergoa areagotzea, Europako eta nazioarteko proiektuetan, eta bikaintasun partzuergo nahiz sareetan, beste helburu bat  eta helburu hori eskuratzeko, ekintzarik garrantzitsuenetako bat da harremanak areagotzea eta sustatzea nazioarteko ikertalde prestigiotsuekin, mugikortasuna, trukea eta lankidetzako ikerketa proiektuak bultzatuz.

Azkenik, beste helburu nagusi bat da hazkunde adimendunean eta jasangarrian laguntzea, Euskal Herriaren garapenerako. Horretarako, ekintzen artean aipa dezakegu hau: RIS3 estrategiarekin lerrokatuta dauden eta nazioarteko proiekzioa duten partzuergoetan parte hartzea, erakunde eta enpresekin batera, eta baita aliantza estrategikoak ezartzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen (ZTBES) eragileekin, aipatu estrategia aintzat hartuta. RIS3 estrategiaren hiru lehentasunak Euskadin hauek dira: Biozientziak-Osasuna, Energia eta Fabrikazio Aurreratua.