euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko Student Formulako auto berria aurkeztuta

Auto berriaren txasia, aerodinamika eta trakzioa berritu eta hobetu dituzte

  • News

First publication date: 06/06/2018

UPV/EHUko Student Formulako auto berria aurkeztuta
UPV/EHUko Student Formulako auto berria aurkeztuta

Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea hamaikagarren aldiz lehiatuko da Silverstone nazioarteko lehiaketan munduko beste zenbait unibertsitaterekin, berrikuntza eta talentua sustatzen dituen ekimen baten barruan

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak egin duen Bizkaia Student Formula jarleku bakarreko auto berria lehenengo aldiz, herritarrek San Mames aldamenean martxan ikusi ahal izan dute. Eskola hamaikagarren aldiz lehiatuko da Silverstone nazioarteko lehiaketan munduko beste zenbait unibertsitaterekin "Talentua sustatu" lelopean FSB2018 taldeak prestatu duen ekitaldi horretan, ikasleek taldearen eta autoaren aurtengo berrikuntzak azaldu dituzte.

Bizkaia Student Formularen 2018ko autoa elektrikoa da, karbono zuntzezko krosko bakarreko txasia du eta 3 metroko luzera, 1,5 metroko zabalera, 1,2ko altuera eta 230 kiloko pisua dauka. Bere binakako motorrak 80 kilowatteko potentzia du, hau da, 110 zaldiren baliokidea, eta puntako abiaduran 110 kilometro ordura heltzen da, azelerazioa 0tik 100era hiru segundotan lortzen duelarik. Bere bateriek 22 kilometrotako autonomia eskaintzen dute potentzia gorenean.

Ikasleek hilabete asko behar izan dituzte jarleku bakarreko ibilgailu hau diseinatu eta egiteko, herrialde askotako etorkizuneko ingeniariek garatutako beste autoekin lehiatzeko gai izango dena. Prototipo berria egiteko autoaren oinarrizko hiru aldeen berdiseinu osoa egin dute: txasia eta aerodinamika aldatu dira eta lehenengo aldiz batera diseinatu dira. Horri esker, aire fluxua errazagoa da, hozte sistema hobetu egingo da, eta bihurguneetan autoaren oratze maila handitzea lortuko da. Bestalde, trakzio sistemaren diseinua erabat berritu da bolumena gutxitzeko eta, horri esker, pisua arintzeaz gain, pilotuarentzat espazio gehiago eta ergonomia hobea lortu dira.

Taldea

Aurten Bizkaia Student Formula taldean 45 ikasle daude, erdia Industri Teknologiako gradukoa, %15 Ingeniaritza Mekanikokoa, %8 Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikokoa, %5 Ingeniaritza Elektrikokoa, %5 Antolakuntza Industrialekoa eta %2 Telekomunikazioko Ingeniaritzakoa. Horiez gain, honako masterretako ikasleek ere hartu dute parte: Industriala, Telekomunikazioa, Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotikoa eta Ingeniaritza Mekanikoa. Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Diez irakasleen gainbegiraletza  izan dute eta taldeburua (Team Leader) Asier Beaskoetxea izan da. Silverstonen uztailaren 11tik 15era eta Montmelon, berriz, abuztuaren 23tik 26ra lehiatuko du.

Oraingo nazioarteko lehiaketari begira, helburua da, batetik, lehenengo 20en artean sailkatzea eta, bestetik, Bussiness Case proban lortu zen lehenengo postuari eustea. Bigarren hori garrantzitsua da, ikasleek garatu duten eta proiekzio komertzial handiena duen prototipoa izan zelako, munduan hedapen handiena duen UK Silverstoneren nazioarteko lehiaketan. Montmelon, helburua estatu mailako talderik onena lortzea da, sailkapen orokorrean lehenengo laurdenean ere geratzeaz gain. 2014, 2015 eta 2016an estatu mailako lehenengo taldearen saria jaso zuten, eta ibilgailurik efizienteenarena Montmeloko lehiaketan.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak hamar urte baino gehiago darama diziplina anitzeko hezkuntza proiektu honekin. Bere helburua ikasleen berrikuntzarako eta asmakizunetarako gaitasunak lantzea da, eta, aldi berean, euren prestakuntza hobetzea zein etorkizunean lana lortzeko aukerak handitzea. Hori guztia proiektuetan oinarritutako metodologia berritzailearen bidez. Orain arte, 500 ikasle inguruk izan dute ekipo honetan parte hartzeko aukera: urtero auto bat diseinatzeko, eraikitzeko eta balioztatzeko erronkari eusten dio, eta munduko unibertsitateen arteko txapelketa garrantzitsuetan lehiatzen da.

Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, AIC-Automotive Intelligence Center, Bilboko Udala, Sener, Batz, Aludium, Alunid, Ingemat, Inarak, Irizar, Danobat eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 50 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.