euskaraespañol

Image of the day

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eraikin berria egingo du Ferrovial-EBA ABEEk

Esleipena gaur publiko egin ondoren, lanak ekainean hasiko dira, 2026-2027 ikasturtearen zehar azpiegitura berri hori erabiltzeko moduan egongo dela aurreikusita

  • News

First publication date: 10/05/2023

Etorkizuneko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen infografia

Ferrovial Construcción S.A.k eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapen S.M.k (EBA) sortutako Aldi  Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) arduratuko da Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko azpiegitura berria eraikitzeaz. Bi enpresa horiek eskaintza aurkeztutakoan, ABEE formalki sortuko zutela agindu zuten, esleipendun suertatuz gero. Hala jakinarazi da gaur, unibertsitateak joan den abenduan ireki zuen esleipen-prozedura amaitu ondoren. Azpiegitura berria Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen inguruan kokatuko da, Bilbon. Esleipenaren ebazpena gaur bertan argitaratuko da kontratatzailearen profilean eta errekurtso bereziaren epea irekiko da. Epe hori iraganik, kontratua sinatuko da ekainaren hasieran.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatutako eta finantzatutako obra hori 62.174.103,33 eurotan esleitu da. Egin beharreko lanak 2023ko ekainaren bigarren hamabostaldian hastea aurreikusi da. Hala, unibertsitateak uste osoa du eraikina 2026-2027 ikasturtean operatibo egongo dela.

Gogoan izango duzuenez, Euskal Herriko Unibertsitateak joan den abuztuan amaitutzat jo zuen eraikin berriaren obra kontratua esleitzeko prozedura, erakunde esleipendunak, hiru sozietatek osatutako ABEE (aldi baterako enpresa elkarte) batek, kontratua formalizatzeari uko egin baitzion azkenean. Esleipendun izango zenak egoera ekonomikoa arrazoitu zuen ezezkoa emateko; argudiatu zuen kostuen igoera neurrigabea jasan zutela bai energia eta lehengaien merkatuek, bai eraikuntza sektoreak berak, eta, ondorioz, ezinezko zitzaiola aurkeztutako eskaintzari eustea. Horren aurrean, UPV/EHUk deialdi berria argitaratu behar izan zuen, lizitazioaren baldintzak birformulatuta.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Eva Ferreira, pozik agertu da administrazio-prozesua burutu delako; eta horrela eraikina egiteko obrak datorren hilabetean hasi ahal izango dira. Errektorearen ustez, “Fakultatearen azpiegitura berriari eta Polo Aurreratuari esker, bikaintasuna optimizatu ahal izango da unibertsitateko jarduerak Osasun Zientzien arloan dituen hiru dimentsioetan: prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia”.

 

Eusko Jaurlaritzaren Estrategia

Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen egoitza berri hau eta aipatutako poloa Eusko Jaurlaritzak azpiegitura bereziak egitearen eta hobetzearen alde daukan estrategiaren barruan kokatu ditu:  “bi ekimen garrantzitsu dira prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentziaren arloko unibertsitate politika garatzeko”. Era berean, nabarmendu du Osasun Zientzien Bizkaiko Polo hau Euskal Herriko Unibertsitatetik osasunaren eta pertsonen zaintzaren ardatzetan Euskadik dituen indarguneak indartzera bideratuta dagoela, eta Euskadi NEXT 2021-2026 Programan jasotako jardueren parte dela, 11,1M €-ko finantzaketarekin.

Sailburuaren hitzetan, “Hezkuntza Sailak osasun zientzien arloko  azpiegiturak indartzea, eta eskaintza akademikoa, bikaintasuneko ikerketa eta ezagutzaren transferentzia zabaltzea sustatzen ditu.  Hori guztia Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren barruan dago, eta Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren arteko lankidetza dauka oinarri, unibertsitatearen plangintza eta koordinazio politikaren bidez, bai eta ikerketa politikaren bidez ere”.

 

Osasun Zientzietako erreferentzia-fakultatea

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, Medikuntza, Erizaintza, Odontologia eta Fisioterapia ikasketak eskaintzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Zientzietako ikasketen funtsezko erreferentea da. Bere prestakuntzaren bikaintasunaren froga da fakultate horretako 10 graduatu BAM proben azken edizioan nota onenen artean jarri zirela.

Irakaskuntzaren arloan, eraikin berrian bilduko dira Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza graduak, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialak ere: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea; Farmakologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta Osasun Publikoa. Azpiegitura berriak aukera emango die ikasleei pazientearen errealitatera hurbiltzeko, baita graduko irakaspenen arteko koordinazioa hobetzeko, ikaskuntza bultzatzera bideratutako agertokiak sortzeko eta hurbil dauden zentroekin sinergia berriak sortzeko aukera ere, hala nola Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin, non Ingeniaritza Biomedikoko gradua eskainiko baita 20023-2024 ikasturtean.

Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoari, Familiako Medikuntzari eta Medikuntza Pertsonalizatuari lotutako proiektu berriak bultzatuko ditu, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko, arlo horietarako ildo espezifikoei eusten dieten doktorego programen bitartez.

Hirugarrenez, I+G+B arloko lehiakortasuna eta emaitzen transferentzia areagotuko ditu, hala oinarrizko ikerketa taldeei dagokienez, nola jardun asistentzialagoari lotuago daudenei dagokienez. Lankidetzarako ingurune horrek ikerketa aplikatuko proiektuak bultzatzeko aukera emango die Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresei, eta patente eta start-up enpresen bitartez sortutako ezagutzaren transferentzia dinamizatzen lagunduko du.

Eraikinak lau orrazi izango ditu, espazio erabilgarria optimizatzeko, eta handienean (hegoaldekoan) egongo dira ikerketarako guneak eta irakaskuntzarako laborategiak. 5.300 metro karratu inguruko lurzati triangeluarrean eraikiko da, Montevideo etorbideak eta Gurtubai kaleak mugatuta. Lanak egiteko epea 36 hilabetekoa izango da.