UPV/EHUko ikertzaile Verónica Torrano, L’Oréal–Unesco For Women in Science sarietako baten irabazle 2019an
Horren bidez, 40 urtetik beherakoak izanik gizadiaren erronka zientifiko handietako batzuei buruz ikertzen duten emakumeek garaturiko proiektuak saritzen dira
- News
First publication date: 02/12/2019
Verónica Torrano ikertzaileak UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko Sailean garatzen duen ikerlanaren jomuga hau da: batetik, prostatako minbiziaren tumore aurrerakada zuzentzen duten komunikazio bideak deszifratzea, eta, bestetik, pazienteen bizi kalitatea hobetzeko tratamendu eraginkorrenak diseinatzea. UPV/EHUko ikertzailearen lanak L’Oréal–Unesco For Women in Science ikerketa sarien XIV. edizioan (2019) emandako bost sarietako bat irabazi du. Golardoa 15.000 eurokoa da, ikerketa diruz laguntzeko, eta emakumeek zientzian duten agerikotasuna sustatzea xedea du, emakume gazteenen artean zientziarako bokazioa pizteaz gain.
Bost proiektuak berritzaileak direlako, zientziaren alorrean eragina dutelako eta zientziari ekarpena egiten diotelako hautatu dira; hainbat alorretakoak izan daitezke sariak: biomedikuntza, bioteknologia, biologia konputazionala, landareen genomika eta itsas zientzia, besteak beste. «Munduak zientzia behar du, eta zientziak emakumeak behar ditu, sarituek bezala, munduko erronka zenbatezinak konpontzeko bidean aurrera egiten lagundu dezaketenak. Aurten ere, sarituek agerian utzi dute gure herrialdeko zientzia –eta zehazki, emakumeek egindako zientzia– kalitate eztabaidaezinekoa dela», adierazi du L’Oréal España-ko lehendakari Juan Alonso de Lomasek sari banaketan.
CNIO Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko zuzendari María Blasco da proiektu sarituak aukeratzeko epaimahaia osatu duten pertsonetako bat (izan ere, epaimahaiko lehendakaria izan da Blasco andrea). Pertsona hauek ere izan dira epaimahaikide: Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Farmazia Fakultateko Kimika Inorganikoko katedradun María Vallet-Regí, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko errektore Rafael Garesse, eta Alacanteko Unibertsitateko Fisiologia, Genetika eta Mikrobiologiako irakasle titular eta mikrobiologo Francis Mojica.
Saria jaso zuten emakumezko beste lau ikerlari gazteak
Golardoa jaso duten proiektuetako beste bat ICM–CSIC Itsas Zientzien Institutuko (Bartzelona) Cristina Romera ikerlariak egindako lana da, itsasoko plastikoaren degradazio modu berriak aztertzeagatik. Ikerlanaren helburua itsasora botatako mikroplastikoen konposatu organikoen migrazioa faboratzen duten ingurumen baldintzak analizatzea da, jakiteko itsasoko mikroorganismoetan zer-nolako efektuak dituzten, eta zer bakteriok degradatzen duten plastikoak askatutako karbonoa.
Bestalde, Barcelona Supercomputing Center erakundeko (Bartzelona) Marta Melé biomedikuntzako ikertzaileak ere sari bat jaso du, gizabanakoen arteko gene bariazioak eta bariazio horiek gaixotasun jakin batzuetan –hala nola bularreko minbizian– dituzten ondorenak analizatzeagatik. Proiektuaren helburua biomarkatzaile espezifikoak eta itu terapeutikoak topatzea da, mota horretako minbiziak prebenitze aldera.
Laugarren saria, berriz, Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionalari (CNIC, Madril) eman diote, Sara Cogliati ikertzailearen proiektuagatik; proiektu hori sexuaren ezaugarri kliniko espezifikoak aztertzean datza, gaixotasun kardiobaskularrei dagokienez. Funtsezkoa da ikerketa hori emakumeen artean bihotz gutxiegitasuna eraginkortasunez sendatzeko, gaixotasun horren kontrako tratamenduak gizonengan aztertuago baitaude. Ikerketa hori funtsezko aurrerapausoa da genero berdintasuna lortzeko gaixotasunen tratamenduan.
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Landareen Bioteknologia eta Genomika Zentroko Patricia Fernández Calvo ikertzailearen proiektuak ere saria jaso du, landareen defentsak aktibatzen dituzten eta landareak gaixotasun jakin batzuen kontra babesten dituzten landare azukreak identifikatzeagatik; izan ere, izurriek laboreetan eragiten dituzten efektu suntsitzaileen kontrako erremedio natural gisa erabil daitezke azukre horiek beharbada.
L’Oréal–Unesco For Women in Science programa 2000. urtean sortu zen Espainian, eta 2006an hasi zen sariak banatzen; harrez geroztik, 40 urtetik beherako 67 emakume zientzialari saritu ditu, 1,1 milioi eurorekin, sari bakoitza 15.000 eurokoa. Emakumeek zientzian duten agerikotasuna sustatzeko xedea du, emakume gazteenen artean zientziarako bokazioa pizteaz gain.
Pedro Miguel Echenique, Men for Women in Science gizonen ligako kide
Sarien XIV. edizioan, Men for Women in Science gizonen ligaren aurrerapausoak ere aurkeztu dira; iaz sortu zen liga hori, zientziaren alorrean eta esparru akademikoan funtsezko erantzukizuneko lanpostuak dituzten 24 gizonez osatuta dago, eta berdintasunezko zientzia ingurunea lortzeko jomuga du. Zientzialari horien zentroak aztertu ondoren, zenbait datu nabarmendu dira, horien artean, doktoretza aurreko eta osteko emakume kontratatuen kopuruak gora egin duela, eta pixka bat igo dela, halaber, ikerketa taldeak zuzentzen dituzten emakumeen kopurua. Gainera, ligako kideek zuzendutako zentro eta unibertsitate horietako gehien-gehienek berdintasun plan bat dute eta jarraipena egiten diote plan horri; gainera, batzorde egonkor bat dute alor horretan, eta genero berdintasunari buruzko txostenak ere egin ohi dituzte.
Besteak beste, Valentin Fuster sartu berri da ligan, eta bat egin du zientzialari ospetsu hauekin: Erregulazio Genomikorako Zentroko zuzendari Luis Serrano; Madrilgo Unibertsitate Autonomoko errektore Rafael Garesse; Pedro Miguel Echenique; Carlos López-Otín; Mateo Valero; eta Bernat Soria.