euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko Honoris Causa doktorea izendatu du Sansar C. Sharma

Irakaslea munduko aditu handienetariko bat da oftalmologiari eta glaukomari buruzko ikerketan

  • News

First publication date: 22/02/2019

Gaur, otsailak 22, UPV/EHUk Sansar C. Sharma Honoris Causa doktorea izendatu du. Irakaslea munduko aditu handienetariko bat da oftalmologiari eta glaukomari buruzko ikerketan. Sharma irakasleak harreman estua du bai Euskal Herriko Unibertsitatearekin bai Biologia Zelular eta Histologian katedradun Elena Vecino buru duen GOBE Oftalmo-Biologia Experimental taldearekin.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak Honoris Causa izendatzeko aktaren sinatu ondoren, Sansar C. Sharma irakasleak haritz bat landu du Bizkaiko Campuseko Arboretum-eko Honoris Causen gunean, Leioan. Ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan, errektoreak titulua eta birretea eman dizkio irakasleari. Izendatzeko ekitaldian hauek ere hartu dute parte: Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburua, Patxi Juaristi, Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Pedro Iriondo,  UPV/EHUko idazkari nagusia eta Joseba Pineda, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa.

Sansar C. Sarmaren izendapena, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak bultzatu zuen. Sharma irakasleak laguntzen dio Vecinok buru duen GOBE taldeari eta glaukoma lerro-ikerketa ezartzeari. Kolaborazio horrek bermatu du gaixotasun oftalmologikoan unibertsitateko Gobe taldea aitzindaria izatea eta American Glaucoma Foundation elkarteak saria ematea. Horrela, UPV/EHU izan da sari hori lortu duen Amerikatik kanpoko lehenengo erakundea. Sansar C. Sharma Honoris Causa Doktorea izendatzeko hitzarmena UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2018 irailaren 27an hartu zuen.

Sansar, kolaborazioaren eta berrikuntzaren eredua

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak nabarmendu du Sansar C. Sharma irakaslearen bizitza eta lana jarraibideak direla. “Bere eskuzabaltasuna ezaguna baino ezagunagoa da, eta adibide garbi eta estimulagarria da. Beste ikertzaile batzuekin eta beste iker-taldeekin harreman estua du, haien artea Euskal Herriko Unibertsitatearekin”. Zentzu horretan, Balluerkak adierazi du ikerkuntzarekin eta jardunaren nazioartekotzearekin UPV/EHUk konpromiso sendoa duela. “Pertsona, herri eta kultura desberdinen arteko harreman-dinamika horrek mundu toleranteago baterantz eramaten gaitu, bere aniztasunaz kontzienteagoa den mundu baterantz, eta, azken batean, mundu bakearen eta sentimendu, sinesmen eta kulturen arteko bizikidetzaren bilaketan aktiboago den mundu baterantz”.

Sharmaren Laudatio hitzaldian, doktore berriaren amabitxi Elena Vecinok bereizi du irakaslearen izaera eta nortasuna. “Haren espiritu abenturazale eta berritzaile, eta oztopoen gainetik aurrera egiteko duen kemena da dohain handienetakoa. Horrekin batera, bere originaltasuna eta mundu zientifikoa buru ireki batetik ikusteko eta teknologia berrietara egokitzeko ahalmena ere nabarmenduko nituzke”.  Era berean, Vecinok azpimarratu du beste dohain bat duela: “besteen talentua aurkitzea, babestea eta adoretzea, unibertsitate tradizio onenaren zeinu eztabaidaezina”, eta ohartarazi du Indian, jaiotako herrian, era altruista egiten duen lana, batez ere sexuen arteko hesiak apurtzeko eta neskak bere etorkizunaren protagonista bihurtzeko, mundo globalean.

Honoris Causa doktorea izendatu berri Sansar C. Sharmak, UPV/EHUko klaustroan sartzeko hitzaldian, aipatu ditu azken 50 urteetako aurrerapenak nerbio optikoaren birsorkuntza, neuronen plastikotasun eta glaukomaren arloetan. Arlo horiek bere lan- eta ikerketa-eremu espezifikoak dira. Sharmak ikusmen funtzio partzialki edo erabat berreskuratzeko aukera ikusten du. Gizakiengan funtzioaren zati bat edo osorik berrezatzera daramaten erretinaren ondorio funtzionalak zehazten badira, bide berri bat eskainiko da ikusmena hobetzeko glaukoma duten pazienteengan.

Honoris Causa doktorearen izendapenaren ekitaldia, Manuel Montero eta Juan Ignacio Pérez errektore ohiekin batera, hauek ere egon dira, besteak beste: Manuel José Tello León, Materialen Sintesi eta Ikerkuntzaren Institutuko zuzendaria;  Luis Castaño, BioCruces Bizkaia institutuaren zientzia-zuzendaria, Jean-Yves Puyo, Université de Pau et des Pays de l'Adoureko jardun mugaz gaindiko jardunetarako eskuduna, Francesca Cordeiro, University College Londoneko irakaslea; Franz Grus, University of Mainzeko irakaslea; Jonathan Crowston,  Singapurreko Duke-NUS Medical Schooleko irakaslea; eta James Fawcett, Cambridge University Centre for Brain Repaireko irakaslea.

Sansar C. Sharma

Sansar C. Sharma Indian jaio zen eta bertan ikasi zuen, Panjab University Chandigarh unibertsitatean. Doktoregoa Eskozian egin zuen, Edinburgoko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan, R.M. Gaze doktorearekin (1967), eta bertan, nerbio optikoaren birsorkuntza ikertu zuen, hainbat egoera esperimentaletan. AEBetara joan zen doktorego ondoko ikerketa egitera, St. Louiseko Washington University delakora, eta han Viktor Hamburger eta Rita Levi-Montalcini irakasleekin egin zuen lan, txita enbrioietan portaeren agerpenaren korrelazio elektrofisiologikoak aztertzen. Bestalde, espezifikotasun neuronalaren arloan Edinburgon hasitako proiektuetan lanean jarraitu zuen. Sharma doktorea 1972an sartu zen New York Medical Collegeko Oftalmologia Sailean eta gaur arte izan da bertan, ranking akademikoetan aurrera eginez, eta azken 28 urteetan Medical Neurosciences delakoko zuzendari gisa.

Sharma doktorearen ikerketa gaien artean honako hauek daude: neuronen espezifikotasuna eta plastikotasuna, nerbio laringeo atzerakariaren birsorkuntza, portaera ereduen garapena eta haien korrelazio elektrofisiologikoak, eta glaukoma esperimentala. 150etik gora artikulu idatzi ditu, baita 3 liburu ere, eta arlo horretan lanean jarraitzen du.

 

Argazkiak: Mitxi. UPV/EHU