euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko hamar graduatu, Ikasketen Amaierako Sari Nazionalen artean

  • News

First publication date: 29/01/2019

Ezkerretik eskuinera: Daniel Eceizabarrena, Amaya Población eta Enara Eizagirre. (Argazkia: UPV/EHU)

Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioren Ikasketak Amaierako Sari Nazionalen azken deialdian, UPV/EHUko hamar graduatuk (sei gizon eta lau emakume) lortu dituzte sariak. Sari horiek 2014/2015ko ikasturtean goi-ikasketak amaitu zituzten ikasleei zuzenduta daude. Haien ezagutza-arloan, estatutako ikaslerik onenak dira.

Urtero, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak sariak ematen dizkie unibertsitate-ikasketak bikaintasunez bukatu dituzten ikasleei. Emateko, curriculumaren merezimenduekin batera, epaimahaikideek batez besteko nota ere hartzen dute kontuan. Arlo guztietan, 9,00 puntu dira gutxieneko batez besteko nota, Ingeniaritza eta Arkitekturan izan ezik. Arlo horretan 8,00 puntu dira. Lehenengo sariak 3.000 eurokoak dira; bigarrenak 2.650koak eta hirugarrenak, 2.200koak. Bederatzina sari ematen dira bost jakintza arloetan. UPV/EHUko titulatuek hiru lehenengo sari; bi bigarren, eta bost hirugarren sari lortu dituzte.

Daniel Eceizabarrena, Enera Eizagirre eta Amaya Poblaciónek lehenengo saria lortu dute. Hirurak oso pozik daude albistearekin. “Gustura hartu dut sariaren berria. Azken finean, graduan zehar egindako lanari esker ona eman diote”, adierazi du Enera Eizagirrek, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultateko Gizarte Antropologian graduatuak. Iritzi bera dute Amaia Poblaciónek (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologian graduatuak) eta Daniel Eceizabarrenak (Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematikan graduatuak)

Egun hirurek Gradu ikasketetan loturik jarraitzen dute: Daniel Eceizabarrena prestatzen ari da Talbot efektuaren eta Riemannen funtzio ez-diferentzialaren arteko elkarrekintzari buruzko doktorego tesia, BCAM-en (Basque Center for Applied Mathematics). Amaya Poblaciónek lana eta UPV/EHUko Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterraren ikasketak batera egiten ditu. Eta UNEDen ikerketa antropologiari buruzko master (Máster Universitario en Investigación Antropológica y sus Aplicaciones) amaitzen duen bitartean, Enara Eizagirrek ikerketa soziologikoari buruzko aholkularitza-enpresa batean lan egiten du.

Ikasketak Amaierako Sari Nazionalak jaso dituzten hamar pertsonak, ezagutza eremuaren arabera, hauek dira:

Zientziak:

Daniel Eceizabarrena Pérez, Matematikan graduatua. Lehenengo saria.
Iván Esteban Muñoz, Fisikan graduatua. Bigarren saria.

Osasun Zientziak:

Ana Moreno Estébanez, Medikuntzan lizentziatua. Hirugarren saria.

Ingeniaritza eta Arkitektura:

Ander Rangil Nieto Industria Teknologiaren Ingeniaritzan graduatua. Hirugarren saria.

Gizarte eta Lege Zientziak:

Enara Eizagirre Arandia. Gizarte Antropologian graduatua. Lehenengo saria.
Amaya Población Concejo, Soziologian graduatua. Lehenengo saria.
Jaime Altuna Ramirez, Gizarte Antropologian. Bigarren saria.
Álvaro Domínguez Busto, Ekonomian graduatua. Hirugarren saria.

Arteak eta Giza Zientziak:

Asier Calzada Lizarraga, Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua. Hirugarren saria.
María Luquin Urtasun, Ingeles Ikasketetan graduatua. Hirugarren saria.