Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2018ko aurrekontuen proiektua: aurton, guztira, 410.165.097 € dira; 2017an, aldiz, onartutako aurrekontua 405.535.937 €-koa izan zen. Beraz, iaz baino %1,14 gehiago.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2018ko Aurrekontu Proiektua onartu du
Ondoren, Gizarte Kontseilura igorriko da, egoki izanez gero, behin betiko onar dezan kontseiluak
- News
First publication date: 01/02/2018
Kopuru horretatik 310.389.097 € Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik dator, proiektuaren % 75,67 izanik, bada, erkidegoaren ekarpena. Aurrekontu orokorretatik datorren kopuruaz gain, badira beste sarrera batzuk eskubide publiko edo pribatuetatik datozenak (tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekin egindako kontratuak eta abar.); horiek, guztira, 99.776.000,00 € izanik. Diru sarrera horiek proiektuaren % 24,33 dira.
Gastuei dagokienez, langileen ataleko gastuak 316.258.240 € dira (aurrekontu osoaren % 77,11). Gainontzeko % 22,98a, beste kapituluen artean dago banatuta: gastuak, ikerketa, funtzionamendu orokorra, errektoreordetzen, ikastegien eta sailen jarduerak eta ekipamendurako inbertsioak.
Eztabaida luze baten ostean, non aurkeztutako zuzenketa guztiak aztertu diren, amaierako bozketa egin da. Proiektuari buruzko bozketa horretan honakoa izan da emaitza: aldeko botoak, 31; abstentzioak, 5; eta kontrako botoak, 0.
Nekane Balluerka errektoreak proiektuaren lanetan eta tramitazioan parte hartu duten langile guztien ahalegina eskertu, eta hau adierazi du: “2018ko aurrekontuen proiektua zehaztean helburu nagusiak izan dira gastua arduraz gauzatzea, baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, eta ekonomiaren arloko erabakiak iraunkortasunean oinarrituta hartzea. Era berean, adierazi du proiektu hau baliabide eraginkor izatea nahi dutela gobernu taldeak bere konpromisoak betetzen joan ahal izateko”.
Aurrekontu Aurreproiektua 2017ko abenduaren 14an aurkeztu zitzaion Gobernu Kontseiluari. Orain, organo horrek onartu ondoren, Aurrekontu Proiektu bihurtu da, eta datozen egunotan Gizarte Kontseilura igorriko da, hark behin betiko onar dezan.