euskaraespañol

UPV/EHUk milioi eta erdi eurotik gora jaso du mikroelektronika eremuan prestakuntza sustatzeko dirulaguntzetatik

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Armando Astarloa eta Juan Carlos Jimeno irakasleek zuzendutako ikertaldeek dirulaguntza bana jaso dute (1.200.000 eta 350.000 euro, hurrenez hurren)

  • News

First publication date: 04/03/2024

Armando Astarloa eta Juan Carlos Jimeno irakasleak. | Photo: Fernando Gómez. UPV/EHU

Armando Astarloa eta Juan Carlos Jimeno Euskal Herriko Unibertsitateko Teknologia Elektronikoko adituek zuzendutako proiektuek, SoC4sensing – Diseño System-on-Chip eta KatuTxipi izenekoek, dirulaguntza bana jaso dute Chip Katedra programaren azken deialdian (1.199.693 € eta 347.500 €, hurrenez hurren). Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak sustatu du deialdia, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren bitartez. 

Partida horien helburua da mikroelektronikaren eta erdieroaleen inguruko lau arlo hauetan ikerketa, zabalkundea eta prestakuntza sustatzea: zirkuitu mikroelektronikoen diseinua, material eta gailu berriak, prozesu teknologikoak, eta txipen test eta kapsulatzea. Aipatutakoen lana eta dirulaguntzak PERTE Chip Mikroelektronika eta Erdieroaleen Proiektu Estrategikoaren esparruan kokatuta daude. 

SoC4sensing - Diseño System-on-Chip proiektuaren helburua da unibertsitate-enpresa katedra bat martxan jartzea, haren bitartez jarduera ekonomiko berri bat sortu ahal izateko. Armando Astarloa proiektuaren arduradunaren hitzetan, “gure ikerketa planaren bitartez, produktu mikroelektronikoetarako soluzioen diseinuan aurrera egin nahi dugu, batez ere epe labur eta erdian gure industrian aprobetxatu ahal izango diren erdieroaleak eta txipak diseinatuz”. 

Lan horren bitartez, sektore industrial edo kritikoetara bideratutako sentsoredun SoC sistemak diseinatzeko zeharkako ikerketa sustatzen da. Era berean, Prestakuntza Planean aplikagarri diren kontzeptu eta gaitasunak aztertu eta garatu nahi dituzte egileek, Bilboko Ingeniaritza Eskolan ematen diren gradu, master nahiz doktoregoko titulazioetan esku hartuz. Izan ere, planean zehazki adierazita dago zein irakasgai txertatuko diren aipatu titulazioetan, horietan diseinu mikroelektronikoaren gaineko ezagutza zabaldu eta sakontzeko.  

Katedra hau martxan jartzeko finantzazioa 1.500.000 eurokoa da; 1.199.693 euro Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak emanak dira, eta gainerakoa eremu pribatuko ekarpenetatik dator. Hala, SoC4sensing proiektuak System-on-Chip engineering SL enpresaren, IKERLAN COOP. ikergunearen eta Euskadiko mikroelektronika sektoreko enpresen babesa dauka, azken hori GAIA elkartearen bitartez. Proiektuak beka programa emankorra ere barne hartzen du, talentua sektorean txerta dadin bultzatzeko. 

Elektronikan Oinarritutako Ikerkuntza Taldearen (APERT) sortzaileetako bat da Armando Astarloa irakaslea, eta hainbat arlotan ikertzen du: gailu birkonfiguragarrietarako diseinu elektroniko fidagarria, sare industrialak eta zibersegurtasuna, besteak beste. 

 

Erdieroaleetan oinarritutako potentzia gailuak  

KatuTxipi proiektuak, Juan Carlos Jimenok zuzendutako ikertaldearen ekimenak, katedra bat sortuko du honako hauen inguruan ikertzeko: banda hutsarte zabaleko erdieroaleetan oinarritutako potentzia gailuak, eguzki zelula espazialak, gailu magnetikoak eta etorkizuneko gailuen inguruko kontzeptu berriak. UPV/EHUko zenbait ikertaldek parte hartzen dute proposamenean, hain zuzen ere Gasteiz eta Bilboko ingeniaritza eskoletako nahiz Zientzia eta Teknologia Fakultateko hainbat taldek.  

Katedra hau martxan jartzeko 410.000 euroko aurrekontua dago: 347.500 euro estatuko laguntzetatik datoz, eta gainerakoa INGETEAM Power Technology SA eta SATLANTIS Microsats SA enpresek eta GAIA elkarteak jarri dute. Katedra honen baitan garatuko diren ekimenen artean, nabarmentzekoak dira prestakuntzara bideratutako bisitak, nazioartean puntakoak diren ikerguneekin egingo diren elkartrukeak, eta master espezifiko baten sorrera. Gainera, Mikroelektronika Tekniketan Aditu titulu bat eskaini ahal izango zaie industria arlotik edo LH II ikasketetatik datozenei, unibertsitateko titulaziorik izan ez arren. Ikasleen trukeari dagokionez, akordioak sinatu dira IMEC (Interuniversity Microelectronics Centre, Belgika) erakundearekin eta Constanzako Unibertsitatearekin (Alemania).  

UPV/EHUko Teknologia Mikroelektronikoaren Institutuko (TiM) kidea da Jimeno irakaslea. Arabako Foru Aldundia eta GAIA elkartea biltzen dituen Unibertsitate Institutu Mistoa da TiM, eta eguzki energia fotoboltaikoaren eta mikroelektronikaren esparruetan zentratzen du bere lana. 

PERTE Chip proiektuaren esparruan, eta Europar Batasunean burujabetza digitala eta autonomia estrategikoa lortzea helburu duen proiektua ardatz hartuta, Chip Katedra programaren bitartez 1.000 profesional gutxienez trebatu nahi ditu ministerioak, langile gaituen behar handia baitago sektorean. Laguntzen onuradun izan diren proiektuek lau urteko iraupena izango dute gutxienez, eta Espainiako 17 unibertsitatetan goi mailako ikasketak sortzea izango dute helburu, Next Generation funtsez baliatuta. 

Bai SoC4sensing, bai KatuTxipi mikroelektronika arloko teknologietan prestakuntza sustatzera bideratuta daude, baita I+G arloan industria inguruneekin lankidetza sustatzera ere, Euskal Herrian batez ere. Proiektuen gidariak, Armando Astarloa eta Juan Carlos Jimeno, UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Teknologia Elektronikoa Saileko kideak dira.