euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUk hainbat ikerketa proiektu erakutsi dizkie Europako Parlamentuko ordezkariei

Zazpi eurodiputatuk unibertsitateko instalazioak bisitatu dituzte, eta Europako funtsen bidez finantzatutako lanen aurkezpenetara bertaratu dira

  • News

First publication date: 09/05/2018

Europako Parlamentuko ordezkariek Plentziako Itsas Estazioko laborategiak bisitatu zituzten

Eider Gardiazábal Rubial, Georgios Kyrtsos, Jan Olbrycht, Isabelle Thomas, Inese Vaidere, Xavier Benito Ziluaga eta Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko diputatuak dira, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Errektoregoa eta Plentziako Itsas Estazioa bisitatu zituzten atzo. Bertan egiaztatu egin zuten Europako proiektuek garrantzi handia dutela Unibertsitatearen ikerlanetan. Bertaratu egin ziren, halaber, Europaren finantzaketa izan duten askotariko proiektuen aurkezpenetara.

Europako Parlamentuko ordezkari taldeak Plentziako Itsas Estazioan hasi zuen bisita (PiE-UPV/EHU). Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentaletako ikerketa zentro horrek EGEF, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren laguntza jaso zuen. Estazioak nazioarteko itzal handia du, Erasmus eta H2020 proiektuetan parte hartzen du, eta aitortu egin zaio EMBRC, European Marine Biological Resources Center-en espainiar lotunea izatea, itsas ekosistemetara sarbidea eta nazioarteko zientzialari zein industria komunitateari zerbitzuak eskainiz. Estazioari buruzko azalpenak Ionan Marigomez zentroko zuzendariak eta Manuel Soto bertako zuzendariordeak eman zituzten.  

Bertan José Luis Martín Ikerketaren arloko errektoreordearekin, Arturo Muga Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordearekin, eta Idoia Fernandez, Berrikuntzaren Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordearekin  bildu ziren.

Ione Isasak, UPV/EHUko Europar Programen teknikariak, azaldu zien europar proiektuek garrantzia handia dutela Unibertsitateko ikerkuntzan. Hala, A2PBEER Errektoregoko eraikin proiektuari buruzko azalpenak entzun zituzten, Aitor Ercoreca González Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak emandakora.

H2020 proiektuan, EBren Ikerkuntza eta Berrikuntzaren Finantzaketa Programan, kokatzen da A2PBEER. Errektoregoaren proiektuaren plana da eraikina energiaz efizientea eta jasangarria izatea, soluzio berritzaileen bitartez. Europan, probako beste bi eraikin bakarrik hautatu dira proiektuan parte hartzeko: Malmöko Zientzia Museoa UPV/EHUko Errektoregoan (Suedian) eta Ankarako Eskola Profesionalean (Turkian). Errektoregoari dagokionez, material berriz estali da fatxada, energia efizientzia % 100 ingurukoa izan dadin.

Larrialdien komunikazioak

Halaber, zazpi ordezkariak Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroko (AFAZeko) Norberto López de la Calle zuzendariaren aurkezpenak entzun zituzten, baita GERYON proiektu europarreko Fidel Liberal proiektu arduradunaren aurkezpena ere.

Norberto López de la Calle AFAZeko zuzendari eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak azaldu zuen bezala, UPV/EHUk, SPRI-Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAEn finkatutako aeronautika eta makina erreminta arloko 39 enpresak zentro hau martxan jarri dute fabrikazio industrialeko prozesuak ikertu ahal izateko, eta emaitza horiek zuzenean enpresetara transferitzeko. Gainera, proiektuak zazpi urteko ikusmira du, eta 16 milioi euroko inbertsioa, hasierako inbertsioaren eta urteko gastuaren artean.

Fidel Liberal GERYON proiektuko arduradunak argitu zuen belaunaldi berriko larrialdiko komunikazioen bilakaerari buruzko lanean dihardutela. UPV/EHUk gidatutako proposamen honek komunikazio komertzialak eta larrialdikoak banatzen dituen zuloa berdindu nahi du, eta era horretan Internetera sartu eta larrialdiko argazki eta bideoak bidali ahal izateko multimedia terminalak, lokalizazio sistemak eta haren gaineko komunikazio modu berriak garatzeko gaitasuna eskuragarri egin.