euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUk graduko eta graduondoko eskaintza handitu du, espezializazioa eta nazioarteko titulazio bikoitzak indartuz

Hogeita hamar gradu eta hamaika masterretan ikasleek aukera dute bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUkoa eta bestea atzerriko unibertsitate batekoa.

  • News

First publication date: 26/04/2019

Ikasleak klasean. Argazkia: UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak itxi berri du 2019/20 ikasturterako graduko eta graduondoko eskaintza. «Eskaintza zabala da, graduko eta graduondoko ikasketak modu garbiago eta eraginkorragoan lotu nahi dituena, prestakuntza osoagoa eta espezializatuagoa izan dadin, XXI. mendeko gizartearen eskakizunei erantzungo diena», adierazi du Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak. Espezializazioaren bidea indartu dute horretarako, master ofizialen eta berezko tituluen bitartez, ikasleei gaitasun konplexuagoak eta goi mailako xede profesionaletarako egokiak emateari begira. Era berean, nazioarteko titulazio bikoitzak eskaintzen dira, bai gradukoak eta bai masterrekoak. Horietan ikasleek UPV/EHUn eta beste unibertsitate batzuetan ikasten dute, atzerriko hizkuntzak landuz eta kultura aniztasunari lotutako trebetasunak jorratuz nazioarteko testuinguru batean, gaur egun lan merkatuan interes handiz eskatzen ari diren gaitasunak, alegia.

Zehatzago esanda, bost gradu bikoitz berri eta prestakuntza duala dira nobedade nagusiak graduko ikasketetan. Hauek dira bost gradu bikoitz berriak: Negozioen Kudeaketa + Lan Harreman eta Giza Baliabideak; Farmazia + Nutrizioa eta Dietetika; Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza +  Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza; eta, azkenik, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Zuzenbidea. Azken hori 2013/14 ikasturteaz geroztik ematen zen Bizkaiko Campusean, baina datorren ikasturtetik aurrera, Gipuzkoan ere eskaintzen hasiko da. Beste gradu bikoitz bi daude eskaintzan: Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa (Bizkaiko Campusa), 2018/19 ikasturtean gutxieneko nota altuena izan duen titulazioa (13,1), eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, iazko ikasturtean 11,3ko gutxieneko nota izan zuena.

Datorren ikasturteko beste nobedade batzuk dira, batetik, Medikuntzako plaza kopurua handitu egin dela, 325etik 330era, eta titulazio horretarako onarpen prozesuan hizkuntzaren araberako bereizketa egingo dela, hau da, izena ematerakoan ikasleek bi aukera izango dituzte: Medikuntzako Gradua (gaztelania) eta Medikuntzako Gradua (euskara), eta bigarrena egiteko B2 maila edo baliokidea eduki beharko dute. Bestalde, Kimika Fakultateko (Gipuzkoako Campusa) Kimikako Graduan ere eskainitako plaza kopurua igo egin da, 88ra hain zuzen.

Prestakuntza eskaintza osatuz, espezializaziorako bidea ematen da unibertsitateko ehun masterren bidez, ikasleei kualifikazio profesional hobea emateari begira. Ibilbide luzeko masterren ondoan,  master berriak eskaintzen dira urtero. Horrela, datorren ikasturtean lau master berri egongo dira: Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra, eta Erasmus Mundus modalitateko hiru master, Europako Batzordearen bikain kalifikazioa daukatenak: Mikrouhinetako Elektronika eta Optika Berritzaileak Erasmus Mundus Masterra; Hiri eta Komunitate Adimendunak Erasmus Mundus Masterra, eta Energiaren Biltegiratze eta Konbertsiorako Materialak Erasmus Mundus Masterra. Hiru Erasmus Mundus master berriok gehituko zaizkie lehendik ematen diren beste hirurei: Itsas Baliabide Ekologikoak Erasmus Mundus Masterra; Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra; eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterra. Horrekin, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak baino ez du UPV/EHU gainditzen mota horretako masterren kopuruan.

Era berean, unibertsitate-enpresa prestakuntza dualaren eskaintza ere handitu da. UPV/EHU aitzindaria da irakasmolde horretan. Haren arabera,  irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan betetzen dira, modu koordinatuan eta txandaka, ikasleek egonaldi luzeagoak edo laburragoak eginez batean eta bestean. Ikasturte honetan eskaini diren graduko lau titulazio dualei (Automobilgintzaren Ingeniaritza; Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Gipuzkoako Campusa) eta Lan Harreman eta Giza Baliabideak), berri hauek gehituko zaizkie: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Bizkaiko Campusa), Ingeniaritza Zibila eta Ingeniaritza Elektrikoa (biak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola).

Graduondoko ikasketei dagokienez, gaur egun hiru master dual eskaintzen dira: Multimedia Kazetaritzako Masterra (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea) eta Sistema Txertatuen Ingeniaritza (Informatika Fakultatea) eta Fabrikazio Digitaleko Masterra (Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola, UPV/EHUri atxikitako ikastegia).

UPV/EHUren beste ezaugarrietako bat da gero eta nazioarteko titulazio bikoitz gehiago eskaintzen dituela: hogeita hamar gradutik gora eta dozena bat master. Modalitate horretan, unibertsitate bazkidean honenbeste kreditu eginez gero, ikasleak bi titulu eskuratzen ditu, bata UPV/EHUkoa eta bestea kasuan kasuko atzerriko unibertsitatekoa. Bestalde, masterretako 21 estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatuak dira, eta aukera ematen dute ikasketen parte bat beste erakundeetakoren batean egiteko.

Baina ez dira hor bukatzen ikasketen parte bat beste unibertsitate batean egiteko aukerak: izan ere, UPV/EHUk hainbat mugikortasun programa kudeatzen ditu (Erasmus+, Latinoamerika eta beste norako batzuk, Sicue), eta haien bidez urtero graduko 1.500 ikasle baino gehiago eta masterreko 100 ikasle baino gehiago joaten dira lauhileko bat gutxienez beste unibertsitate batean egitera.

Berezko masterrek eta graduondokoek osatzen dute Ikasketen eskaintza. Beren malgutasun, dinamikotasun eta moldagarritasunari esker, tituluok erantzuna ematen diete gizartearen eta profesionalen prestakuntza eskakizun berriei. Datorren ikasturteko eskaintza 57 tituluk eratzen dute. Haietatik 21 moduluka antolatuta daude, hots, programa laburragoetan banatzen dira. Programok banan banaka egin daitezke, eta behin guztiak osatuta, titulazioa lortzen da. Datorren ikasturtean berezko tituluetan landuko diren gaien artean, aipatzekoak dira arreta goiztiarra, enpresaren kudeaketa 4.0, kultura zientifikoa, eraikuntzaren ingeniaritzari aplikatutako softwarea eta kimika eta genetika osasunean, nutrizioan eta kirolean.

Guztira, UPV/EHUk 8.848 plaza eskainiko ditu graduan eta 3.774 plaza unibertsitateko masterretan.